Sanbartolomeak Zegaman

Festei amaiera ezin hobea emateko

Afizionatu mailako 120 kilometroko txirrindularitza proba izango da gaur, Zegamako San Bartolome jaietan

Iaz, Lizarte taldeko Oscar Rodriguez txirrindularia izan zen irabazle. BERRIA.
Mikel O. Iribar.
2017ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
San Bartolome jaietako azken egunak dituzte Zegamako herritarrek (Gipuzkoa). Urtero bezala, egitarau oparoa antolatu dute aurtengo jaietarako, hala nola pilota partidak, erraldoi eta buruhandien kalejira kalez kale, gazte afaria, paella lehiaketa, bertso saioa, Joselu Anayak taldearen erromeria emankizuna, kuadrillen arteko bazkaria...

Beste urteetan bezala, festen azken egunean, gaur, afizionatuen Euskaldun Sariaren barruan, 84. San Bartolome saria jokatuko da, 10:00etan. Ohi den moduan, lasterketa lehiatua izango dela espero du Ibon Zabaleta Zegamako Elkartu-Nahi txirrindulari elkarteko presidenteak: «Aurten ere talde handiak etorriko diren esperantza daukagu, izan ere, Zegamako lasterketa hau afizionatu mailetako taldeentzat garrantzitsua izaten da, eta begiko izaten dute. Batez ere, profesional mailara jauzi egiteko aukera handiak dituzten txirrindulariek parte hartzen dute lasterketan». Urtez urte parte hartzeak gora egiten duela adierazi du Zabaletak, eta aurten ere parte hartze handia izango dela espero du. «Oro har, euskal taldeak etortzen dira», gaineratu du Zabaletak. Bestalde, herritarren artean lasterketa ikusteko interesa piztuko den itxaropena du Zabaletak: «Goizean ez bada, eguerdirako espero dugu jendea azaltzea herriko kaleetara».

Joan den urteko lasterketan, esaterako, Lizarte taldeko Oscar Rodriguez izan zen irabazle, Caja Rural-Seguros RGA taldeko Josu Zabalari eta RH Polartec taldeko Diego Noriegari esprintean irabazita. Lasterketa oso estua izan zen, eta azken metroetan erabaki zen.

Azken zatia erabakigarriena

Etaparen ibilbideari dagokionez, Zegaman hasi eta Goierri eskualdeko beste herrietatik ibiliko dira txirrindulariak. Idiazabalgo zirkuituari bi itzuli eman ondoren, Zegamara itzuliko dira, han bertan amaituko baita lasterketa. Txirrindulariek, guztira, 120 kilometro egin beharko dituzte. Iaz baino hamar kilometro gutxiago.

Ibilbidearen lehen zatia lasaia izango dela azaldu du Zabaletak. «Seguruenik, ohi bezala, ihesaldiren bat edo beste izango da. Halere, bigarren zatian sortuko da zalaparta», gaineratu du. Izan ere, txirrindulariek mendate gogorrak igo beharko dituzte, besteak beste, Lierniko, Atagoikiko eta Aztiriko aldapak.

Etapak aurrera egin ahala ibilbidea gogortuz joango dela nabarmendu du Zabaletak, batez ere, azken kilometroetan. Hain zuzen ere, helmugatik lau kilometrora, Barbari mendatea igo beharko dute. Lau kilometro eskaseko igoera izango da, eta batez beste %7,8ko pendiza du. Zenbait metrotan, ordea, %10eko eta %13ko pendizeko maldaren aurrean topatuko dira txirrindulariak, eta zenbait faboritok aurkariak ataka estuan jartzeko abagunea baliatu nahiko dute. Barbari gainetik helmugarako azken kilometroak aldapan behera izango dira, eta, hor ere, txirrindulariek abilezia erakutsi beharko dute. Ikusteko dago aurten nork jasoko dituen bi besoak gora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.