Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Odolaren mintzoa

2015eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Hiltzen naizen eguna arte jarraituko dut Europaren seme izaten, lotsaren eta angustiaren seme, alegia. Ez daukat itxaropen mezurik batere. Ez dut Mendebaldea gorroto; gehienez ere, mespretxatu egiten dut. Hauxe baino ez dakit: garenak garelako, egoismo, masokismo eta heriotza kiratsa darigula. Sistema bizigaitza sortu dugu eta, are okerrago, esportatu egiten dugu». Txema Arinas zutabekidearen antzera, Les particules élémentaires nobelaz geroztik, halako gogoeta hiperkritikoekin xarmatu —eta asaldatu— egin ninduen Michel Houellebecq —H. aurrerantzean— idazle frantsesak: sexu hiperesplizitua bisturi ezin zorrotzagoa zaio gizarte europar okitua disekzionatzeko (amodiorako protokoloak gorroto —baita prostitutak ere—, Asia aldeko prostituzio askeago eta betegarriagoaren aldarri egiten du); zaharraren zaharrez eta itxurakeriaren itxurakeriaz antzezten dugun hiperpantomima familiar, sozial, artistikoa… harrikatu eta xehatu nahi luke. Charles D'Orleansen aipu batek zabaltzen du La carte et le territoire nobela: «Mundua nitaz gogaitua dago eta ni berataz nago gogaitua». Baina aitor dut: beharbada H.renean dena hiper delako, dena ahoberokeria eta boutade, eta apika berak hautatutako erdizka orakulo erdizka bufoi rol horren hiperrantzezpena okaztagarri samarra zaidalako, nekez hurbiltzen naiz orain haren obretara. Eta, hala ere, gaineratu beharra daukat —kontraesan hutsa izan arren— idazlea Gewürztraminer ardo zuriaren zalea dela eta horrek niregan halako lotura esanezina pizten duela: ardoa beherago, egia gorago.

Alabaina, Arinasen zutabeak Houellebecq baten posibilitatea izenburu oihartzuntsua zeukan (15-III-5) eta galdera hau zekarren akaberan: «posible al litzateke euskal letretan H. bezalako idazle bat euskal gizartearen tabuak nola edo hala taula gainean jarri eta gupidagabeki larrutzen dituena?», hau da, politikoki ez zuzena dena burlaizean salatuko duena? Ardoa beherago eta memoria ahulago egonagatik, ezer baino lehen Matias Mujikaren hausnarketa pizgarria —eta asaldagarria— etorri zitzaidan gogora: Debile principium: libelo sobre la cultura en euskera. Eta segidan Nafarroatik baita ere, hau da, periferiatik etorritako Eduardo Gil Berarekin gogoratu nintzen, edota aspaldidanik irrikatzen (sic) dugun Jokin Muñozen lanekin, besteak beste Atlantidara biajia obrarekin («Arestiren aitaren etxeari atxikitzen gaituen altzairuzko zilbor esteak estuegi lotzen ninduen»), baina gune-gunean dagoen —Bilbo, hedabideak lagun— Fermin Etxegoien ere oroitu nuen, bizitzako une beheranzko batean niri salbagarri gertatu zitzaidan Autokarabana hiperkritiko bezain kaustikoarekin.

Irudipena besterik ez izan arren, esango nuke arte munduan igaroa dela enfant edo fille terrible-aren sasoia (barka denbora jauziak, baina euskaraz Mirande eta Krutwig; edo, gaztelaniaz, Oteiza eta, hurbilago —barka berriro— Lucia Etxebarriaren fantasma kasik groteskoa trumilka datozkit gogora). Halako etxekalte txalogoseak, topatzekotan, aiseago topatuko ditugu ziberespazioan edo telebistan. Gainera, probokazio artistikoak apenas interes edo erantzunik duen honetan, euskarazko idazleak oro har zurrun eta espantu gutxikoak dira, eta ezin besterik espero (beharbada literatura aurreikusgarriegia egiten dugu, zalantzarik gabe oraindik sexua urrun bai urrun duena; oraintsu bibliotekari fin batek aitortu zidan irakurleek nahiago dituztela gaztelaniazko liburuak: euskarazkoak dramatikoegiak eta sakonegiak iruditzen, antza). Hala ere, noiz edo noiz entzun liteke ateraldi literarioren bat, sor liteke zalaparta ñimiñorik: Joseba Gabilondorenak kasu, Ameriketatik etorri arren; dibertimendutik asko zutenak, Volga exotikotik heldu arren; Ur Apalategirenak kasu, izen handiak hizpide izateagatik hain zuzen. Baina, esan bezala, oro har kasu gutxi turrustan baino tantaka etorri izan diren purrustadei. Eta aitor dut preziatzen ditudala, eta estimatzen. Eta orain, banoa, berriro ere kontraesankor, H.ren azken nobela erostera, badaezpada ere; ea Montaigneren hitzei buruz esaten zutena harekin gertatzen zaidan: «Ebaki haren hitzak, eta baietz haietatik odola atera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.