Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Berpizkundea

2021eko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Zaila da jakitea jantzi bat noiz erretiratu behar den. Noiz bota, noiz utzi traputarako. Ziklikoakdira modaren joan-etorriak. Aitona hil ostean jasotako bat da, esaterako, nire jertserik estimatuena. Bada jantziak bigarren eskuko dendetan soilik erosten dituenik ere. Merke, azkar eta urtaro bakoitzero erosteko egindakoak akaso ez; baina jantzi onek, oro har, bizitza bat baino gehiago izaten dute. Bigarren (edo hirugarren) aukera bat, maiz espero gabekoa dena. Jantziek bezala, musikak ere berezkoa du gaitasun hori. Sixto Rodriguezen kasua aztertu besterik ez dago. Neurri batean, gaitasun bera du zinemak ere: ale bikainenek, garai bat ordezkatzen dutenek, gainditu egiten dute denboraren galbahea. Aldian-aldian, telebista kate baten gabonetako programazioak ez bada, antolatzaile klasikozale batek berpizten ditu.

Bestelakoa da telebistaren patua. Izan telesailak, izan telebista saioak, kontsumo azkarrera kondenatuak dirudite, bizitza laburrenera, lehen begi kolpean arrakasta lortuagatik, ahanzturan galtzera behin betiko. Edo hala izan da oraintsu arte. Streaming plataformek eta euren algoritmoek erabat aldatu baitute joera hori. Duela gutxi pentsaezina bazen ere, ez da arraroegia eduki ikusienen zerrendan orain hamar urte egindako lanak aurkitzea. Friends, Aqui no hay quien viva, The Sopranos. Salbuespen gero eta ohikoagoek osatzen duten zerrenda luzearen abiapuntua baino ez dira. Lan berri batekin arrakasta duen egile edo genero bati segika, baten batek begiz jo, eta berpizteko bidean jartzen ditu; zenbaitetan, lehen plazaratzean izandako arrakasta gaindituz.

ETBk bere streaming plataforma propioa izango duela iragarri du berriki. Espainiako Gobernuak Netflix, HBO, Filmin eta abarretan euskarazko edukiak egotea bermatuko duen legea onartzeak gero eta egingarriagoa dirudi. Eta nik ezin dut galdera burutik kendu: plataforma horietan lekua izan dezaketen euskarazko zein eduki berpiztuko ditu horrek? Wazemank, Goenkale, Bi eta bat, Tumatxak, Brinkola, Kalabaza tripontzia, Sorginen laratza, Betizu? Nostalgia lehengai indartsua da, eta orduko zenbait gidoiren kalitatea ezin da gutxietsi. ETBko artxiboetan galduta eta hautsa hartzen, gaurko entretenimendu gosea ase dezaketen zenbat lan ote daude?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.