EKOGRAFIAK

'Bostekoa'

Lander Arretxea -

2019ko otsailak 28
Irudikatu igande arratsaldez sofan erdi etzanda zaudela ikusteko film horietako bat. Institutu bateko kirol taldea da protagonista; eta bertan lehiatzen dira bizitzak mila traba jarrita ere euren ametsari eusten dioten pertsonaia hauskor baina heroikoak. Dena nahas dezaketen maitasun eta laguntasun istorio korapilatsuak dituzte, ordea; baina eskerrak: nortasun handiko entrenatzaile jakintsua dute. Azken finaleraino, ezin gogorragoa dirudien bidea dute aurretik. Eta, tartean, nola ez, ondoko institutuko talde etsaituaren aurkako lehia (aurreikusgarri bezain) zirraragarria. Azken orduan iristen diren gurasoak eta esatari umoretsua dira ikusle nabarmenenak, eta —zergatik ez?— litekeena da taldeko jokalari onena zakur bat izatea.

Dozenaka film egin dira, txurroak bezala, egitura hori errepikatuz. Hautatutako kirola da gutxienekoa: futbola —amerikarra zein ingelesa—, saskibaloia, izotz hockeya, curlinga, errugbia, quidditcha edo waterpoloa. Ez du axola; denerako balio du. Berdin pizten ditu ikuslearen tristura, kezka, eta amaierako poz lasaigarria. Zergatik ez baliatu, hortaz, herri kiroletarako ere?

Denbora kontua da: izango da antzeko saiakerarik egingo duenik. Baina bien bitartean, halakoekin amesten duenak bere gosea baretu dezake ETBk plazaratu berri duen Bostekoa saioarekin. Aitor Zubieta pilotari ohiak aurkezten duen programari ez baitzaio film horien ezaugarri askorik falta: badu off-eko ahotsarekin argitzen gaituen irrati esatari burutsua; badu bere guapo ofiziala —aurkezlea kasu honetan—, baditu oztopoei aurre eginda kirolean jarraitzea erabaki duten heroiak; hunkitutako senideak; eta elkarren kontra aritzea egokitu zaien lagun minak. Badu zirrara, sufrimendua, poza... Eta batez ere, baditu, propio bilatuta gainera, elkarren etsai intimo diren herriak.

Jakina da: ez dute oso izen ona film estatubatuar arinek, ez lituzke inork lehenengo zita batean gustukoen zerrendan kokatuko. Baina txurroak bezala, horrenbeste egiten badira, gustagarriak direlako da. Bostekoa-k lortu duenak badu bere meritua: herri kirolez ari den saio bat ez da sekula hain kontsumo errazekoa eta atsegina izan. Baina igande arratsaldea arintzen duten filmekin gertatzen den moduan, atal bakarrarekin dena erakusten duela esango nuke. Ez dut bigarren zatirik behar.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna