Ohiko moldeei eutsi diete

Entzierro garbia egin dute Dolores Aguirre ganadutegiko zezenek.Hiru pertsona eraman dituzte erietxera; bat, larri

Ohiko moldeei eutsi diete.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Garbia, ezusterik gabekoa eta azkarra. Halakoa izan zen Dolores Aguirre ganadutegiko zezenek atzo egindako entzierroa. Sevillako adardunek eutsi egin zioten euren ohiko estiloari: arin korritu eta samaldan joan hasieran, eta bukaera partean bereizi. Eskema zurrun bete zuten. Saldoak batuta egin zituen Santo Domingoko malda nahiz Mercaderes kalea, eta Estafetara sartuta luzatu zen. Bide osoan, korrika egiteko tarte politak izan zituzten lasterkariek. 22 pertsona artatu behar izan zituzten, eta hiru lagun eraman zituzten ospitalera, kolpeen ondorioz. Horietako bat larri dago.

Zezenek bi minutu eta hogei segundoan igaro zituzten ukuiluetatik zezen plazaraino dauden 850 metroak. Idor zeuden kaleak, eta ez zen ia irristadarik izan.

Suziria lehertu, eta ordu-orduan ekin zioten korrikari sei zezen beltz suharrek. Ikara emanda goitu zituzten Santo Domingoko lehen metroak; izan ere, hasi bezain pronto, zenbait korrikalari lurrera erori ziren, eta airean zabaldu zen pilaketaren mamua. Dena den, abisua baino ez zen izan. Lurrean etzanda zeudenak ikusi izan ez balituzte bezala jardun zuten zezenek; korrikalarien aurkako ekinean tematu gabe.

Horren ostean, arazorik gabe iragan zuten Udaletxeko plaza, eta bizi hartu Mercaderes kalea. Ohitura den bezala, bihurguneak eman zuen arazo gehien. Lau adardunek laprast egin zuten, eta bi lasterkariren gainetik pasatu ziren, haiek zapaltzen. Ordea, zezen gehienek ez zuten oreka guztiz galdu; bakarra erori zen lurrera. Hori dela eta, gainontzeko bostek aurrera jarraitu zuten bitartean, bakarrik geratu zen animalia, eta itolarria areagotu zuen.

Estafetan, bereizita

Buruan zeuden bost zezenak bereizi egin ziren Estafetan gora egin ahala. Hiruk erritmo azkarragoa hartu zuten; lasterkariak saiatu ziren animalien aurrean jartzen, baina gehienek ezin izan zuten abiadurarekin, eta korrikaldiak baldar xamarrak izan ziren. Gainontzeko hiru zezenek nork bere kabuz egin zuen bidea. Eskapatutako saldotik gertuago ibili ziren adardunetako bi; bestea, berriz, bakarrik ibili zen, galduta.

Bukaeran, Telefonica aldean, egoera zaildu egin zen. Kailejoira sartu aurretik, zenbait lasterkari jausi egin ziren, eta pilaketa txiki bat sortu zen. Dena den, aurreko bost zezenak ez ziren trabatu, eta zuzenean sartu ziren kortara. Atzeratutako adardunak ere kortarako bidea hartu zuen segundo batzuk geroago, arazorik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.