Saldoa bereizita, arriskuak gora

Bost lagun eraman dituzte erietxera, entzierro arriskutsu baten ostean; bi adarkatu eta hiru zauritu egon dira

K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Zezen saldoa ez zen taldea izan atzo; bidea nork bere kabuz egin zuten adardunek. Emaitza: arriskutsua izan zen oso Victoriano del Rio ganadutegiko animaliek osatutako lasterketa. Bi adarkatu egon ziren, Telefonica aldean, eta larri daude biak. Beste hiru pertsona ere ospitalera eraman behar izan zituzten, traumatismoak zirela eta. Orotara, 63 pertsona artatu zituzten, aurreko entzierroetan baino dezente gehiago. Eroriko franko egon zen, eta lasterkariak trakets antzera ibili ziren. Hiru minutu eta 22 segundo iraun zuen entzierroak, orientazioa galdu zuen zezen bat plazarainoko bidea aurkitu ezinik ibili zelako.

Irteeratik antzeman zen Madrilgo ganadutegikoek ikuskizuna eskainiko zutela. Apoak determinazioz pausatu zituzten Santo Domingoko maldan, eta korrikari ekin zioten, azkar, baina ez sobera zalu. Samalda osatzeko intentziorik ez zuten izan sei zezenek; nork bere kabuz eutsi nahi izan zion korrikaldiari. Entzierro paraleloak egon ziren. Batetik, bi zezen beltzek aurrea hartu zuten, ziztu bizian, erdi estropezuka. Kopetarekin ekinaldi mordoa egin zuten biek, eta arrapaladan pasatu zituzten Udaletxeko plaza, Mercaderes eta Estafeta. Bi minutu eta hogei segundoan amaitu zuten ibilbidea. Bestetik, gainontzeko zezenek bakarrik ekin zioten bideari.

Nora joan ez zekien zezena

Azkar aritu ziren adardun guztiak, azkar eta etengabe ekinaldian. Estafeta kalea jendez mukuru zegoen, eta hor izan zen eroriko gehien. Baina ez zen hori izan zatirik arriskutsuena, Telefonica aldea baizik. Bertan adarka egin zieten zezenek orain ospitalean dauden bi lagunei.

Kaosaren erdian zezen bat galdu zen. Atzealdean geratu zen, eta gainontzekoak baino minutu bat beranduago heldu zen kortara. Bidea asmatu ezinik egon zen denbora luzez, xaxatzen zuten lasterkariek inguratuta. Zezen beltzak aurrera eta atzera begiratzen zuen, zer egin jakin ezinik. Desorientatuta zegoen oso. Oztopo-moztopoka mugitzen zen, jendetzaren erdian itota, eta, aldi berean, izua hedatuz. Eternitatearen antza izan zuten segundoen ostean, zezen plazara iritsi zen. Hala, orain arteko entzierrorik luzeena osatu zuten Victoriano del Rioko sei animaliek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.