Pilaketen eta erorikoen entzierroa

Bi lasterkari adarkatu dituzte Garcigrande ganadutegiko zezenek, entzierro arriskutsu eta azkar batean

Pilaketen eta erorikoen entzierroa.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Inork ez zekien nola izango zen. Ikusmin handia zegoen. Izan ere, aurreneko aldia zuten Garcigrande ganadutegiko zezenek Iruñean. Zalantza zen Salamancako (Espainia) adardunak gauza izango ote ziren. Baina kritiko ziren horiei ahoa itxi zieten zezenek korrika hasi bezain pronto. Segundo gutxi behar izan zituzten entzierroa konkistatzeko. Lasterketa bizia osatu zuten, azkarra: bi minutu eta 30 segundo. Zazpi pertsona eraman zituzten ospitalera: bi adarkatu; lau, kolpeen ondorioz; eta beste bat, lipotimiak jota.

Ez zuten ezagutzen Iruñeko galtzadarrizko zola Garcigrandeko adardunek, baina ezbairik gabe hasi ziren korrika. Suziria lehertu, eta erasokor ekin zioten lasterketari. Santo Domingoko malda goitu ahala, zezen batek saldoari izkin egin, eta ekinean hasi zen, bera bakarrik. Hasierako partean zeudenen kontra jo zuen gogotik, eta airean hartu zuen lasterkarietako bat. Hegan egin zuen kasik korrikalariak. Haren ondoan zeudenen aurka ere aritu zen zezen beltza, kopetarekin ahalean. Gogor hasitako zezenaren adibideari jarraitu, eta gainontzeko animaliak ere oldarkor aritu ziren ibilbidearen hasieratik. Hain justu, Santo Domingoko maldan sartu zieten adarra orain ospitalean dauden bi lagunei. Hanketan adarkatu zituzten biak, eta, beraz, ez daude hain larri.

Iritsi ez zen hondamendia

Aldapa gatazkatsuaren ondotik, Udaletxeko plazan ere gorriak ikusi zituzten bertaratutakoek. Zezen beltz batek hesiaren kontra jo zuen zuzen-zuzenean. Bortitz jo zituen hor zeudenak. Hori izan zen entzierroaren dinamika orokorra: kopetarekin ekinaldi pila bat, eroriko ugari, lurretik altxatu ezinda ibili ziren korrikalariak... anabasa zen nagusi. Saldoa Mercaderes kalera sartzerakoan, baina, baretu egin zen lehen metroetako kaosa.

Korrikaldi politen bat ikusi ahal izan zen Mercaderesen, nahiz eta lasterkari askok ezin izan zioten animalien erritmoari jarraitu. Horregatik, behin eta berriz errepikatu zen honako irudi hau: bertaratutakoak korrika hasi, erori, eta zezen talde osoa euren gainetik pasatzen zen. Abiadura bizian, gorputz gainean paratzen zizkieten adardunek apoak lurrean zeudenei. Ez da harritzekoa, beraz, laugarren entzierroaren ondorioz 56 pertsona artatu izana.

Lasterkariak zanpatzeari gustua hartu izan baliote bezala jardun zuten handik aurrera zezenek. Samaldak azpian hartzen zituen korrikalariak etengabe. Halaxe pasatu zen Mercadereseko bihurgunean; eta Estafetan sartuta ere, behin eta berriz.

Horrez gain, bestelako faktore bat ere sartu zen Estafetako korrikaldietan: masifikazioa. Jende asko zegoenez, korrikalari askok ez zituzten aurkitu beharrezko hutsuneak metro batzuk egiteko. Hortxe ibili ziren batzuk besteei bultzaka, tokia lortu nahian.

Hala, emozioz gainezka heldu ziren zezenak Telefonica aldera. Bat-batean, lurra jotzen hasi ziren korrikalari asko, bata bestearen atzetik, ziplo erortzen. Pilaketa sortu zen. Zorionez, ezikusiarena egin zuten zezenek. Hondamendia izan zitekeen momentu horrek ez zuen okerrera egin. Tematu gabe eutsi zioten ibilbideari. Adardunek aurrera jarraitu zuten, han-hemenka erorikoak eraginez. Telefonicako trantze estuaren ostean, une latzak bizi izan ziren kailejoian ere. Pilaketa sortu zen, beste behin.

Zezen plazako sarreraren estutasunean, arriskutsuak dira oso pilaketak, baina atzokoa kontu arina izan zen. Jausi zirenak azkar altxatu ziren, eta, beste behin, tragedia saihestu zen. Hala, Garcigrandeko animaliak plazara sartzen hasi ziren, denak bat izan ezik. Bost adardun beltzak azkar batean mugitu ziren kortarako bidea eginez, plazan denbora galdu gabe. Seigarrena ez. Seigarren zezena atzeratuxeago ibili zen, eta joaldunen laguntza ere behar izan zuen aurrera egiteko. Dena dela, oro har, tximistaren pare ibili zenganadutegia bere lehen entzierrroan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.