Garbi eta azkar, arazorik gabe

Jende pilaketa izan zen aurreko urtean Fuente Ymbro ganadutegiaren txandan; aurten, baina, ez da izan arazorik

4 IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2014ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Beldurra ematen zuten Fuente Ymbroko animaliek. Errespetua. Iaz, jende pilaketa izan zen haiek korritutako entzierroan, eta aurten ere korrikaldi arriskutsua egin zezaketela uste zuten askok. Ustela izan zen ustea, baina. Lasterketa garbia osatu zuten zezenek, orain arteko garbiena. Adarkadaz zauriturik ez zuten utzi, eta hiru pertsona baino ez zituzten eraman behar izan ospitalera. Esperotakoaren antitesia izan ziren Cadizko (Espainia) adardunak, beraz.

Bustita zegoen Iruñeko Alde Zaharreko galtzada. Lasterketak arrisku handiagoa izan zezakeen, eta logikoena zen eroriko ugari izatea. Baina huts egin zuten aurreikuspenek. Izan ere, euriak ez zuen batere baldintzatu lasterketa. Bi minutu eta 49 segundo iraun zuen.

Ziztu bizian ekin zioten korrikari sei zezenek, eta horietako bik argi utzi zuten saldoko aurrenekoak izateko bokazioa zutela. Besteak baino pare bat metro aurrerago ibili ziren ibilbide osoan. Bi zezen handi ziren: beltza bata; zuria bestea. Ekinaldiak airera egin zituen beltzak, kopetarekin, eta zuriak aldeetara begiratzen zuen, ekiteko imintzioak egiten. Bat-batean, laprast egin eta lurra jo zuen zezentzar zuriak. Erorketak ezin izan zuen gelditu, eta altxatu bezain pronto, amultsu hasi zen lasterkarien aurka. Gainontzeko zezenek aurrea hartutako bi animalien bideari jarraitu zioten, bestelako ezbeharrik eragin gabe.

Udaletxe plaza arazorik gabe iragan zuten sei zezenek, eta samaldak erritmo onean eutsi zion Mercaderesko bihurguneari. Mercaderes kalera sartutakoan, baina, okerrera egin zuen lasterketak. Zezen taldea pasatzean, jausi egin zen korrikalari tropel bat. Adardunak lurrean zeudenen gainetik pasatu ziren. Gero, bidearekin segitu zuten, eroritakoei kasu zipitzik egin gabe; ikusi izan ez balituzte bezala.

Aurrera, ezbeharrik gabe

Aurrera egin ahala, gaztaina koloreko zezen bat nabarmentzen hasi zen. Zuriarekin batera gogorren aritu zenetakoa izan zen; hasieran buruan zegoen beltza atzeratuxeago geratu ostean. Mercaderesen, gazte bat kamisetatik eutsi zuen adar puntarekin, eta parez pare geratu zitzaion, geldi eta begira-begira. Zorionez, buelta eman, eta ez zen haren kontra tematu. Aurrera jarraitu zuen besteekin batera.

Azkenean, Estafetara heldu ziren animaliak. Jende asko zegoen. Masifikazioak hartu zuen kalea, beste behin. Hala ere, korrikaldi politak osatu zituzten lasterkari batzuek zezenen aurrean. Samalda luzatu egin zen; adardun beltzak atzeko partean zeuden, eta aurrealdean, berriz, izutzen aritu ziren zezentzar zuria eta gaztaina kolorekoa.

Telefonica aldera oztopo-moztopoka ailegatu ziren. Tarte hori arazorik gabe gainditu, eta kailejoia azkar batean utzi zuten atzean. Zezen plazara adardun zuria iritsi zen aurrena, eta beste lau zezen gero. Zezen beltz bati besteei baino gehiago kostatu zitzaion kortara sartzea, eta lasterkarien laguntza behar izan zuen bidea aurkitzeko. Hala, entzierro lasaienetariko bat izan zen atzoko zezenek egindakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.