Sanferminak 

Bi entzierro ezberdin egun berean

Iaz bezala, Jose Escolar ganadutegiko zezen bat ukuilura itzuli da entzierroa abiatu eta berehala. Lau minutu behar izan dituzte ibilbidea guztiek egiteko. Zezenek bi lagun adarkatu dituzte

Bi entzierro ezberdin egun berean.
Naiara Elola.
Iruñea
2017ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Sinestezina dirudien arren, hirugarrenez ere, Jose Escolar (Avila, Espainia) ganadutegiko zezen bat ukuiluetatik irten eta, metro gutxi batzuk egin ostean, berriz ere atzera egin eta ukuiluetara sartu zen. Ondorioz, oso luzea izan zen sanferminetako bigarren entzierroa. Orotara, lau minutu behar izan zituzten ibilbidea gauzatzeko. Korrikaldi politak egiteko aukera izan zen arren, une oso arriskutsuak ere izan ziren. Zezenek bi lagun adarkatu zituzten; bat, Santo Domingoko aldapan, eta bestea, Udaletxeko plazan. Biak larri daude Nafarroako Ospitale Gunean.

Zortzietan puntuan lehertu zen bigarren entzierroari hasiera eman zion suziria. Jose Escolarganadutegiko zezenek parte hartzen zuten hirugarren aldia zen. Iaz zezen batek atera ordurako atzera egin zuenez, ikusmin handia zegoen. Inondik inora ez zen espero, baina iazkoa errepikatu egin zen.

Santo Domingo aldapa hasieran dauden ukuiluetako atea ireki, eta sei zezenek zalantza egin zuten; ez zekiten atera edo ez. Joaldunen inguruan buelta bat eman ondoren, ziur eta ziztu bizian irten ziren. Bost zezen taldearen buruan jarri ziren berehala. Haietako bat, ordea, atzean gelditu zen, motelago ari zelako lasterka. Ia korrikalariak zeuden tokira iritsi zenean, izutu eta atzera egitea erabaki zuen. Ezustean harrapatu zituen atzean zeuden unaiak, eta hesiaren beste aldean babestu behar izan zuten.

Entzierroa hasi eta minutura ateratzen diren joaldunei esker jarraitu zuen aurrera Diputado deituriko zezenak. Gainontzekoak zezen plazako ukuiluetara sartzen ari zirenean abiatu zen Santo Domingoko aldapan gora.

Hala, atzokoan, bi entzierro erabat desberdin ikusteko aukera izan zen. Alde batetik, lehen bost zezenak ziren protagonista, eta, bestetik, bakarrik gelditu zen zezena. Lehen taldeak izugarrizko abiadura ezarri zuen, eta korrikalariek orekari eusteko arazo asko izan zituzten. Lehen postuan zihoan zezenak korrikalari bat ziztatu zuen Santo Domingon. Hala ere, ez zuen pausoa inolaz ere galdu. Izan ere, Udaletxeko plazara iritsi zirenean, despistatu xamar zihoan beste korrikalari bat adarkatu zuen. Gainontzeko lau zezenak gainetik pasatu zitzaizkion, gainera, adarkatutako korrikalariari.

Estafeta kalean ez zen arazo berezirik izan. Zezenen erritmoak korrikalarien arteko tentsioa areagotu zuen, baina arazo gehiegirik gabe iritsi ziren zezen plazara. Kalearen alboetan jende andana pilatu zen arren, korrikaldi politak ikusteko aukera izan zen.

Diputado-k beste lau joaldunekin batera egin zuen entzierroak ez zuen zerikusirik izan minutu batzuk lehenago ikusitakoarekin. Ibilbidean askoz ere jende gutxiago zegoenez, korrikalariek gozatzeko aukera gehiago izan zituzten. Taldetik bakartutako zezen askok sarritan egiten dute atzera Estafetan edo Telefonican. Baina Diputado zuzen-zuzen sartu zen plazara. Ziurrenik asko ohartu gabe zeuden zezen bat falta zela. Ondorioz, plazako alboetan ehunka lagun zeuden gertatzen zenaz jabetu gabe geldirik, nahiz eta bozgorailuetatik behin eta berriz arrisku mezuak helarazi.Dena den, kapadunen lan onari esker, suziria lehertu eta lau minutu geroago sartu zen ukuiluan Diputado.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.