Besta, bi metrora

Herri eta hirietako bestak bertan behera gelditu dira, baina leku batzuetan kultur ekitaldiak antolatuko dituzte. Jendea pilatzea eragoztea izanen da udalen erronka nagusia. Araudia astetik astera aldatzen denez, zaila egiten zaie segurtasun irizpide eta plangintzak zehaztea.

Bi lagun sanferminetan, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Domino piezak nola, erori egin dira, banan-banan, Euskal Herriko herri eta hirietako besta nagusiak. Hala ere, konfinamendua arintzeko neurriak hartzen hasi zirenetik, bestarako grina piztu da jende askoren baitan. Ez da jaiak antolatzerik, pandemia ez baita desagertu, eta osasun neurriak hartzea ezinbestekoa da. Udalek erronka handia dute aurrean, batez ere jende asko biltzen dituzten bestetan: Hernaniko sanjoanetan (Gipuzkoa) Lesakako eta Iruñeko sanferminetan (Nafarroa) eta Baionako bestetan, adibidez.

Iruindarrek nekez ezkutatzen dute sanferminetarako grina. Ana Elizalde alkateordeak apirilaren 21ean jakinarazi zuen bestak bertan behera utzi zituela udalak. Hala ere, zirrikituren bat irekita utzi nahi izan zuen: «Gaurko egunez zaila dirudi sanferminak aurten ospatzeko aukerarik izateak, baina egoeraren bilakaeraren zain egonen gara».

Baina errealitatea egoskorra da. Ez, Iruñeko Udalak ez du deus antolatuko, argi utzi du. Ez hori bakarrik; hau da udaleko talde guziek adostutakoa: «Sanferminetan pertsona pilaketak sortu ditzaketen jarduerak edo ekitaldiak ez bultzatzea edo babestea». Gizarteari dei egin diote «konpromiso sozialez» aritzeko, osasun gomendioak betez.

Azkenik, «gizabidearen kontrako» eta «solidarioak ez diren» jokabideak baztertu dituzte zinegotziek, Iruñeko Mendillorri auzoan gertatutakoagatik. Izan ere, joan den asteburuan gazte anitz bildu ziren auzoko lakuan besta egiteko: suziriak, igeriketa saioa eta edaria izan ziren nagusi. Udaltzainak agertu ziren gero, eta esan zieten beharrezkoa zela distantzia eta osasun neurriak betetzea. Gehienek etxerako bidea hartu zuten orduan, Udaltzaingoak emandako bertsioaren arabera.

Irudiak sakelako telefonoekin grabatu, eta berehala zabaldu ziren. Berdin gertatu zen Beasainen (Gipuzkoa), Loinatz jaiak ospatzekoak ziren egunean. Zenbait gaztek ez zioten ospakizunari muzin egin. Kale-argi baten inguruan dantzan eta irrintzika aritu ziren, umore onean, baina jendearen arteko distantzia gorde gabe. Maddi Imaz EH Bilduko zinegotziak dimisioa eman zuen bestan parte hartu ondoren, «arduragabe» aritu zela aitortuta.

Horrelako jokabideetan antzeman liteke badela bestarako gogoa duenik, baina ohiko bestak ez dira bateragarriak pandemia batekin. Hori ikusita, zer egin liteke? Toki batzuetan ez dute argi zer egin. Hernanin, bai. Hamar egun barru abiatu beharko lukete sanjoanek, baina aurten ez da bestarik izanen. Hala ziurtatu du Koro Etxeberria Kultura zinegotziak. Horren ordez, kultur ekitaldi batzuk antolatuko dituzte auzoetan. Betiere osasun gomendio guziak beteko dituztela ohartarazi du Etxeberriak: jendearen arteko distantzia, jendea ez pilatzea eta garbitasuna. «Egungo egoerak eskatzen dituen segurtasun neurriak ezin dira bete orain arte jaiak ulertzeko izan dugun moduarekin; bi gauza horiek ez datoz bat, baina uste genuen herriak eta herritarrek alaitasuna eta bizipoza behar zituztela, eta kultura botika ona izan daiteke bizi izan dugun bakartze egoeratik ateratzeko», azaldu du. Kultur ekitaldiak egiteko egunik egokienak sanjoanetako egunak zirela pentsatu du udalak.

Beste arrazoi bat ere eman du Etxeberriak: kulturaren sektoreak kolpe latza jaso du pandemiaren ondorioz, eta, hori dela eta, sortzaileak eta kulturgileak babesteko modu bat ere bada: «Sektorea berpizten hasi behar da. Pixkana bere lekua eta bere aukerak izan behar ditu».

Kultur ekitaldiak jendea bildu ohi den tokietatik aldendurik eginen direla azaldu du Etxeberriak, jendea pilatzea eragozteko. «Kontrola daitezkeen eremuetan egingo ditugu. Bi eremu aurreikusten ditugu: kiroldegia etaAtsegindegi plaza». Sarrerak aldez aurretik eskatu beharko dira, eta, eskaria handiegia bada, zozketa bidez banatu beharko dituzte. Kalean musika ere izanen da, baina auzoetan: «Aprobetxatu dugu egoera hau auzoetara ere ekitaldi txiki batzuk egiteko. Baina oso txikiak dira, eta mugatuak», azaldu du zinegotziak.

Hernaniko sanjoanetara jende asko joaten da kanpotik. Aurten, etxean geratzeko eskatu die Etxeberriak: «Eskatuko nuke ez etortzea. Ez dago festarik; jaiak bertan behera gelditu dira. Etorri nahi duena bisitari gisa, etor dadila, baina betiere zuhurtziaz. Bestela, gerta daiteke nahi ez duguna». Arduraz jokatzeko mezua zabaldu nahi du udalak, elkar zaintzearen garrantzia nabarmenduz.

Tenperatura hartzeko balioko dute sanjoanek, herri askotan ospatzen baitira. «Beste herrientzat, baina guretzat batez ere. Ikusiko dugu nola erantzuten dugun», esan du Etxeberriak. Ondoren etorriko dira sanpedroak, Lekeition eta Mungian (Bizkaia), adibidez. Gaurko udalbatzan erabakiko dute Lekeition zer egin, baina badirudi ekitaldi txikiren bat egiteko asmoa badutela. Baina «inondik ere ez» orain arte egiten zutena.

Mungian, heldu den astean hartuko dituzte erabakiak, jai batzordean. «Kalean ez dugu ezer antolatuko», esan du Idoia Ortiz de Zarate Mungiako Kultur zuzendariak. Dena den, zerbait aurreratu du: «Grabazio batzuk egingo ditugu, baina, horretaz aparte, ez dut uste ezer ere egongo denik. Jendea animatuko dugu balkoietan edo leihoetan dekorazioa jartzeko, baina zehaztu behar dugu». Besta egun nagusia astelehena da, gainera, eta askok ez dute herrian lan egiten; beraz, pentsatzekoa da ez dutela jairik izanen.

Gehiago falta da sanferminetarako, baina ez sobera. Bi aste eta gehixeago baizik ez. Iruñean eta Lesakan ez da bestarik antolatuko, baina, hala ere, jendea pilatzea eragotzi beharko dute. Jesus Bariain Iruñeko Udaltzaingoaren komunikazio arduraduna da, eta egoera konplexua dela aitortu du. Haien planaren berri emateko «goizegi» dela dio, astero araudia aldatzen denez gero. Horregatik, ez du plan zehatzik aipatu nahi izan. «Astetik astera ari gara gure lana antolatzen, aldaketak daudelako, eta ez nolanahikoak. Beraz, araudia argi izan arte ezin dugu deus ere zehaztu».

Hala ere, ez dira geldirik geratu. «Noski, lanean ari gara, eta buruari eragiten gabiltza jakinda besta egitera aterako den jendea egon daitekeela». Kontua da ekainaren 22an araudia erabat alda litekeela, konfinamendua bukatzearekin batera. Hala ere,beharrezkoa izanen da jendearen artean distantzia mantentzea eta, hori ezin denean, maskara janztea. Ez dirudi hori sanferminekin erraz ezkon litekeenik.

Etxekoak kontrolatzen

Bariainek argi esan du: «Txupinazoaren egunean 200 pertsona baino gehiago ezin bada elkartu, gure esku dagoen guzia eginen dugu hori eragozteko. Baina 2.000 lagun elkartu badaitezke, hori da plazan sartzen den jende kopurua». Haren aburuz, bi dira gako nagusiak: taberna eta jatetxeetan jende kopurua mugatuta egonen denetz eta pertsonen arteko bilkurak erabat libre izanen direnetz.

Lesakan ere zaila da egoera. 2.800 biztanle inguru ditu Bortzirietako herri horrek, baina bestetan erraz hirukoizten da zenbaki hori, Ladis Satrustegi alkateak azaldu duenez. Horregatik hartu dute erabakia: «Garbi erran dugu ez dugula deus antolatuko; iruditzen zaigu egokiena hori dela. Aurten ez da sanferminik egonen».

Kezka dute, oso zaila bailitzaieke jende pilaketei aurre egitea. Normalki, kanpoko jendeak han bertan kanpatzen du. Aurten ez dute utziko halakorik egiten: «Kanpinak debekatuko ditugu, eta, norbaitek paratzen badu, kendu egingo dugu. Aurten serio hartuko dugu hori, gure ardura baita jendearen ongizatea eta segurtasuna bermatzea». Bestalde, ostatuak isunengatik kezkaturik daudela aipatu du.

Sanferminak ez dira jendetza biltzen duten bakarrak. Zuri-gorriz jantzita, bisitari anitz izaten dituzte Baionan urtero. Aurten ez dute bestak antolatzeko asmorik. Gaur-gaurkoz ez, behinik behin. Udalak ez du informazio askorik eman nahi izan: «Une honetan Baionako bestak bertan behera gelditu dira, eta ez dugu informazio gehiagorik emateko».

Ikusgai da zer gertatuko den jende gehien biltzen dituzten bestekin. Iruñeko kuadrilla askok tokia gorde dute ostatuetan uztailaren 6ko eta 7ko hamaiketako eta bazkarietarako. Batzuek auzoetan ekitaldiak antolatzeko aukera ere aipatu dute, Alde Zaharrean denak ez daitezen pilatu. Baina erabakiak hartzea ez da erraza, astero aldatzen baita araudia eta egoera. Azken orduan ibiliko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.