Biblioterapia: liburuak sendagai

Azalak botika, orrialdeak jarabe, paragrafoak errezeta, esaldiak medizina, eta berbak pilula. Idazleak izan daitezke gidari, pertsonaiak izan daitezke ispilu eta protagonistak ere bai isla. Bestearengan norbera ezagutzea. Korapiloak identifikatzeko tresna, eta haiek askatzen laguntzeko bitartekoa, liburu forman eta irakurketa moduan emana. Horra hor, biblioterapia.
Liburuaren funtzio terapeutikoa, alegia. AEBetan izan zuen terminoak sorrera, 1930ean, Bigarren Mundu Gerratik bueltatutako soldaduen zauri emozionalak sendabidean jartzeko liburuak erabili zituztelako lehen aldiz. Bidea egin du geroztik: badago biblioterapia klinikoa, badago ebolutiboa... eta hainbat adar, adabaki, eta ikerketa. Oskar Landeta psikologian doktore eta Bizkaiko Psikologoen Elkargoko kideak jarri dio guztiari zentzua eta testuingurua: «Liburua tresna bat da, bitarteko bat. Guztia egon behar du beti profesional batek gidatuta, bermatuta, eta planifikatuta».
«Argi» utzi nahi du hori Landetak, «arriskua» ikusten baitio edozein hitzen alboan «terapia» eranste horri. «Askotan, terapia terminoa banalizatu egiten dugu. Izan ere, zer da terapia? Estrategia multzo bat da terapia, helburu jakin bat duena: pertsona sendatzea edo haren ongizate emozionala sustatzea. Terapia bat normalean marko teoriko baten barnean dago, ikerketa batzuk ditu atzetik, eta horiek ematen diete balioa prozedurei».
Liburuen bidez egiten direnak «oso ekinbide baliagarriak» izan daitezkeela dio psikologoak: «Erabil ditzakegu ipuinak, erabil ditzakegu metaforak... bakoitzak bere errealitatea modelatu dezan horrela, identifikatu dadin gertatzen zaionarekin... Lanerako material gisa erabiltzen ditugu, baina garbi utzita baliabide bat gehiago direla, marko terapeutikoan».
Muskizko liburutegiko sarrera. Marisol Ramirez / Foku
Errezetak beheko solairuan
Hain zuzen, baliabide horien beharraz ohartuta jarri zuten abian Muskizen (Bizkaia) Biblioterapia programa. Osasun etxea eta liburutegia eraikin berean daude han, eta Pediatria saileko beheko solairuko osasun langileak eta goiko solairuko liburuzainak ere sintonia berean. «Goiko bizilagunei» proposatu zien ideia Irene Gutierrez pediatrak, kontsultaren «osagarri» modura: «Kontsultak askotan ez dira patologikoak izaten. Zertara gaude ohituta, ordea? Beti zerbait eramatera. Izan jarabe bat, izan errezeta bat... Eta batzuetan ez da ulertzen ume baten tripako mina izan daitekeela gurasoen banantzearen ondorio, edo ikasturte hasieraren ondorio, edo azterketa baten ondorio».
Nola esplikatu hori? Liburu batekin. «Eta esan: liburu honekin landu dezakezu sentitzen ari zaren emozio hori. Azkenean, ume horiek horixe dute: emozio batzuk dituztela, neurriz kanpoko testuinguruetan, eta behar dutela erremintaren bat, eta batzuetan gurasoek eurek ere ez dituztela», azaldu du Gutierrezek.
Eta errezetak inprimatzen dizkiete, eta han jartzen dizkiete euren arazoarekin lotura duten liburuen izenak. Efektuak «harrigarriak» direla dio Clara Gonzalez Pediatria saileko erizainak: «Esaten dute: 'Begira, liburuko protagonistari niri gertatzen zaidana gertatzen zaio!', eta jartzen diote izena gertatzen edo sentitzen ari diren horri. Behin izena jarrita, gai dira gainditzeko, ulertzeko, erremintak edukitzeko».
Liburuen bidez egindako «bideratze lan bat» dela nabarmendu Monica Mongek, Muskizko osasun etxeko koordinatzaileak: «Kontua ez da liburuaren errezeta egin, liburua jaso eta kito. Gurasoak haurrarekin irakurtzen du liburua, integratzen ditu kontzeptuak, jakituria... liburuaren bidez, ilustrazioen bidez... Ulermena hobetu egiten da, bi aldeen arteko harremana eta komunikazioa ere bai, eta ondorioak elkarrekin atera ditzakete».
Mongek dio, gazteei eta nerabeei begira, proiektu gehiago ere ari direla garatzen: generoa, identitatea, sexualitatea, dibertsitatea, elikadura osasungarria... «Eta guztietan du lekua biblioterapiak. Ari gara jendea ahalduntzen, irakurketa sustatzen, eta pantailak alboratzen».
Monica Monge eta Clara Gonzalez Muskizko osasun etxeko kideak. Marisol Ramirez / Foku
Liburuak goiko solairuan
Hartu errezeta, eta igo goiko solairura. Inma Garcia, Aiala Garmendia eta Fernando Juarez daude han zain, eta gomendioak emateko prest. «Bazenekien sei minutuz irakurtzeak %68 murrizten duela estresa?». Inma Garciak erakutsi du Biblioterapia programari buruzko euren eskuorria. Han jasotzen dituzten galderak: «Zer egin dezaket bakarrik lo egin dezan? Zein da kasketen adina? Nola azalduko diot heriotza?». Erantzuna? «Liburu askok lagundu ahal digute erantzunak aurkitzen».
Eta aitortu dute eurak «langintza» horretan aritzen zirela «biblioterapia» izena jarri aurretik ere. «Jendea informazio bila etortzen da liburutegira. Gurasoak umeen txokoan jartzen dira, eta esaten dizute: 'Etxean arazoak ditut ume nagusia jeloskor jarri delako txikienarekin. Ez duzu libururik horretarako?», azaldu du Fernando Juarezek.
Ordea, «beheko auzokideek» haiengana jo zutenean jarri zioten izena guztiari. Juarezek azaldu du: «Etorri ziren gugana, eta esan ziguten: 'Aizue, behar hau ikusten dugu, eta uste dugu elkarrekin zerbait egin beharko genukeela'. Hor sortzen da benetan Biblioterapia izeneko programa eta hausnarketa. Duela hiruzpalau urte. Haiek garbi zeukaten hau medikamentu bat zela eta preskribatu egin behar zutela».
Aiala Garmendia Txiki txokoaren arduraduna da, eta biblioterapiaren onurak goratu ditu: «Biblioterapia gauza askotarako erabiltzen dugu guk: sentimenduetarako, gorputza ezagutzeko, berdintasunaren atala lantzeko...». Inma Garcia iritsi da zerbaitekin: «Eta prestatzen ditugu horrelako fitxak eta zerrendak». Han dago funtsa: beldurrentzat liburu zerrenda bat, kasketentzat beste bat, zeloentzat beste bat... Lagin bat: Lili printzesa txikia (Carmen Villanueva), Tira, Kamila, espabilau (Begoña Ibarrola), Kopetilun (Emile Jadoul)...
Fernando Juarez, Aiala Garmendia eta Inma Garcia liburuzainak. Marisol Ramirez / foku
Euskarazkoak falta
Liburuen aukeraketa «normalean» haiek egiten dute. Pediatrak egin zuen lehen zerrenda, eta «osatuz» joan dira haiek hura. «Heltzen dira, irakurtzen ditugu, eta galbahe moduko bat egiten dugu alor bakoitzerako egokiak direnekin», azaldu du Garmendiak. «Ezagutu behar duzu materiala, etortzen diren pertsonei ongi lagundu ahal izateko», osatu du azalpena Garciak.
Izan ere, lehen ez zegoen liburu «espezifikorik» gai jakin horiek lantzen zituztenak. El Monstruo de los colores (Anna Llenas) izan ei zen mugarria. «Baina euskarazkoen falta sumatzen dugu. Arlo horretan, askoz gutxiago argitaratzen dira. Hori sumatu dugu», adierazi dute.
Biblioterapia txokoetako bat. Marisol Ramirez / foku
Eta zer diote erabiltzaileek? «Gurasoek esaten digute funtzionatu egiten duela: 'Orain ez diot utzi behar atea zabalik', 'bera bakarrik lokartzen da', 'orain ez du anaia jotzen'... Eta biblioterapia erabiltzen duten haurrek jada zuzenean jotzen dute txoko horretara. Berdin dio zer gai izan, badakite dituzten kezkak eta bestelako gaiak lantzeko balio dutela. Badago taldetxo bat, eta ez dira dinosauroei eta piratei buruz aritzen», adierazi du Garmendiak.
Geroz eta handiagoa da txokoa, eta geroz eta liburu eta gai gehiago dituzte. Hasi dira helduen alorra ere jorratzen, baina «denbora eta lanketa handiagoa» eskatzen du liburuak eta gaiak uztartzeak. Jarri dutena, hori bai, medikuntza grafikoari buruzko txoko bat da. Osasun arloko profesionalek osatutako webgune bat da medicinagrafica.wordpress.com. « Komikiak dira denak. Komiki bakoitza gaixotasun jakin bati dago eskainia. Haiek fitxak argitaratzen dituzte, guk baimena eskatu genien horiek baliatzeko, eta jartzen ditugu komikien barruan. Ari gara komikitegia lantzen eta osatzen».
Medikuntza grafikoari buruzko txokoa, komikiekin. Marisol Ramirez / Foku
Liburuzainen «bitartekaritza eta aholkularitza lana» aldarrikatu ditu Juarezek. Onartu du haiek «pribilegiatu batzuk» direla, hiru lagun ari direlako lanean: «Badugu aukera hausnarketa egiteko, eta jendearekiko harremanetarako. Inportantea da jendearekin berba egitea ideiak hartzeko, entzuteko, herriaren nondik norakoa aztertzeko, eta lagungarri zertan izan gaitezkeen jakiteko».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.