Albistea entzun

Iruñea, lehertzeko prest

Aurten bai, itzuliko dira sanferminak Nafarroako hiriburura. Aurreko egunetan hiria prestakuntza lanetan murgilduta egon da. Bi urteko etenaldiaren ondoren, iruindarrak festak ospatzeko eta zapi gorria janzteko gogoz gainezka daude.

Banatzaile bat zenbait oinezkoren artean pasatzen, Iruñeko San Nikolas karrikan, San Fermin bestak hasi aurreko egunean.
Banatzaile bat zenbait oinezkoren artean pasatzen, Iruñeko San Nikolas karrikan, San Fermin bestak hasi aurreko egunean. IDOIA ZABALETA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Etxandi Marin - Itsaso Jauregi -

2022ko uztailak 6 - Iruñea

Aurten bai, aurten itzuliko dira sanferminak Nafarroako hiriburura. Bada gogoa sanferminetarako, eta aurreko egunetatik Iruñeko kaleetan nabari da hori. Urtero izaten dira bereziak uztailaren lehenengo egunak iruindarrentzat, baina aurten oraindik ere bereziagoak izaten ari dira. Giroa sumatzen da Alde Zaharreko karriketan: ohi baino jende gehiago dabil paseatzen, eta hizkuntza zein doinu anitz sumatzen dira. Bi urte igaro dira jaiak azkenekoz ospatu zirenetik, eta itzulera honetan nabari da jendea oso gogotsu dagoela.

Ikusi gehiago: BERRIAk zuzenean emango du txupinazoa, 11:00etan, Hamaika telebistaren seinalearen bitartez

«Sanferminak lehen egunetik bizi nahi ditugu», adierazi du Esperanza Recio atzerritarrak. Mercaderes eta Estafeta kaleek bat egiten duten tokian argazkia ateratzen ari da familiarekin batera. «Nire suhiak sanferminak asko maite ditu; urtero etortzen da eta aurten hemen ezkonduko dira», adierazi du. Huelvatik (Espainia) etorri dira ezkontzara, baina, horretaz gain, «sanferminak bizitzera» etorri direla kontatu du. Udaletxe plazatik ikusiko dute txupinazoa, eta horrek beldur pixka bat ematen diola aitortu du.

Cristina Floro gipuzkoarra da jaiotzez, baina aspalditik Iruñeko Txantrea auzoan bizi da. Arratsaldean kozinatu beharra dauka, datozen egunetako hamaiketako, bazkari eta afariak. Arropa zuria ere aspaldi prestatuta daukala aitortu du: «Arroparen maleta duela hilabete ireki genuen, bi urteren ondoren ikusteko nola zegoen dena, neurriak, arroparen kolorea... Baina dena prest dugu».

Tabernariak ere prestakuntza lanetan ari dira, biltegiak bete, eta suziria bota bezain pronto, jendea hartzeko prest egoteko. Iruñazarra tabernako Felix Mañeruk azaldu du prestaketa lan hori aurten bereziki zaila izan dela: «Aurten gehiago kostatu zaigu, batez ere zerbitzariak bilatzeko orduan eta eskaerak egiteko orduan». Nahiz eta antolaketa lana neketsua izan, zapi gorria janzteko desioa gailentzen da; koronabirusaren aurreko garai hura berreskuratzeko nahia, alegia. Iruñazarrak ateak irekita izan zituen pandemiaren bi urte horietan, baina egoera «desberdina» zela aitortu du zerbitzariak: «Uztailaren 6ko eguna iristea, dena prest izatea, jendea hemendik hara ikustea. Hori ez zen urte horietan gertatu».

Baina bi urte luze horiek atzean geratu dira, eta iruindarrak prest daude armairuan gordetako jantziak ateratzeko. Nahiz eta txupinazoa oraindik ez entzun, Alde Zaharrean arropa zuria daramaten pertsona batzuk ere ikus daitezke, irrikaz, festen hasieraren esperoan. Giro gogotsu horretaz jabetu da Maialen Garcia, La Estafeta tabernako zerbitzaria: «Kalea bete-betea dago, eta gauzak prestatzen gabiltza. Nabaritzen dugu jendea gogotsu dagoela».

Jantzi zuriak zintzilik

Jantzi gorri eta zuriak zintzilikatuak dituen Eh Toro dendan emakume bat sartu da, zapia eskuan, bere izena oihal gorrian brodatzeko asmoz. Erakusmahai atzetik hurbildu da Santiago Aramendia, Estafeta karrikan dagoen dendaren jabea. Sanferminetako arropa eta oroigarriak saltzen dituenez, pandemia garaian egoera «gogorrak» bizi izan dituela dio: «Gailurretik lurrera igaro ginen bi urte horietan. Baina orain oso gogotsu gaude. Sanferminez gainera, ospatutako beste jaien ondorioz gehiago saldu dugu. Nabaritzen da jendeak ateratzeko asmoa duela».

Hiriaren erdigunean ospatu eta bizitzen dira jaiak, baina guztiek ez dute aukerarik bertan egoteko. Iruñeko Udalak ez die Alde Zaharrean egoteko baimenik eman Herri Sanferminetako kolektiboei. Txosnak Arrotxapea auzoan jartzeko proposamenari uko egin eta gero, alternatiba bila hasi eta Katakrakekin harremanetan jarri ziren. Maitane Unzu liburu dendako langileak azaldu du proposamena jaso zutenean batzarrean aztertu zutela: «Haiek nahi zutena zen giroa erdigunera ekartzea, hitzartuta zeuzkaten kontzertuak bertan behera ez uzteko. Guk badaukagu gure programazio propioa, baina egoera ulertu eta baietz erabaki genuen». Egoera eta baldintza berdinetan ez izan arren, beren lekua izango dute Herri Sanferminek.

Bi urteko egoera ezohiko horretatik ateratzea da helburu nagusia. Uztailaren 6an jada elektrikoa den giroa leher egitea da iruindarrek espero dutena, eta hainbat urtez ospatu ezin izan duten festetan eromena nagusitzea. Hala ere, Felix Mañeru tabernariak zuhurtzia eskatu du: «Espero dut jendeak jokatu behar duen bezala jokatzea, lanean ari denarekiko eta mundu guztiarekiko errespetua izatea, eta dena ahalik eta ondoena irtetea».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Baltsa piratak, portutik Kontxarako bidean. ©JON URBE / FOKU

Donostia abordatzera abiatu dira ia 200 ontzitan

Hodei Iruretagoiena - Mikel P. Ansa

Itzuli da Aste Nagusi Pirataren ikur bihurtu den ekitaldia, bi urteko etenaren ondoren. Ia berrehun ontzi abiatu dira, 17:00ak jo dutenean. Abordatzeak hogeigarren urteurrena du aurten.

 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Ahituta amaitzen dugu, baina zoriontsu»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Klasikoetan klasikoena da Arnoldo izozkitegia Donostian. 1935ean hasi ziren, eta laugarren belaunaldiko kidea da Alustiza: «Hauxe da txikitatik edoski duguna; gure odola da, eta ezin genuen hiltzen utzi».
Mariana Etxegarairen hilobia, Hazparnen (Lapurdi). ©HAZPARNEKO HERRIKO ETXEA

«Kantuan hastean hein bat lotsatua nintzen, baina ahantzia nuen berehala»

Miel A. Elustondo

Julien Vinsoni zor bide zaio bertsolaritzari buruzko aipurik zaharrenetakoa, 1869ko irailean Saran egindako Lore Jokoetakoa. Hantxe dira ageri Jatsuko Piarres Ibarrart 'Bettiri', Azkaineko Mari Luixa Erdozio eta Joanes Etxeto 'Senpereko errienta' koplariak. Usteak ustel, Erdozio ez da salbuespen. Garaian, beste bi emakumezko ere nabarmendu ziren kantuan, Mariana Etxegarai 'Aña Debrua' eta Marie Hargain, bertsolari txapeldunak.
Uribarri Ganboako Garaioko hondartza. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Barnealdeko hondartzak

Eider Etxeberria Soria

Uribarri Ganboako urtegia urte osoan bisitatzeko leku aproposa da, uda sasoian batez ere. Garaioko eta Landako hondartzak daude han, eta bainua hartzea baimendurik dago

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...