Agertoki berezietan sekretuen jagole

Euskal Herriko zuhaitz monumentalak bildu dituzte liburu batean Jonathan Rubines biologoak eta Marta Villota paisajistak. 35 ibilbide proposatu dituzte zuhaitzen inguruan egiteko eta basoak eta zuhaitzak berak beste modu batean ezagutzeko.

Zihara Jainaga Larrinaga -

2018ko abenduak 4
Bereziki handiak eta paisaiaren edergarriak dira zuhaitz monumentalak, baina istorio kontalariak dira batez ere. Trekking egitean helburua gailurra baino gehiago izateko, Euskal Herriko basoak eta zuhaitzak beste begi batzuekin aztertu eta haien xarma estimatzeko, edota paisaiek zer helarazi dezaketen begiesteko, 35 ibilbide bildu dituzte Jonathan Rubines biologoak eta Marta Villota paisajistak Rutas para descubrir árboles monumentales liburuan (Zuhaitz monumentalak aurkitzeko ibilbideak). Zuhaitz horietatik asko ez daude inon jasoak, eta horregatik aukeratu dituzte; halaber, duten balioa aitortu nahi izan diete. «Ezagutu ezean, ez dira babesten; izena jarriz gero, berriz, giza balioa eta konfiantza ematen zaie luzaroan bizitzen jarraitzeko».

Ibilbide horietatik seigarrenean, Munain eta Okarizko (Donemiliaga, Araba) haritzak aurki daitezke. Ikertzaileen arabera, mundu guztiak ezagutu beharko lituzke zuhaitz monumentalak. Europan zuhaitz zaharrez osaturik dagoen multzorik handienetakoa da Munainen eta Okarizen ikus daitekeena. Duela zenbait urte egindako zenbaketaren arabera, bostehun zuhaitz baino gehiago daude metro bat pasako diametroa dutenak. Hau da, bi pertsona beharko lirateke halako zuhaitz bakoitza besarkatzeko. Ikerketa baten arabera zuhaitzak besarkatzeak biologikoki energia sortzen duela jakinik, Villotak dio sekulako baliabide turistikoa izango litzatekeela halako eremu bat, zuhaitzen kultura sustraituago dagoen Europako beste herrialde batzuetan bezala. Are gehiago, zuhaitz zahar-zahar horiek bitasun kultural eta naturalistikoa dute, eta, era berean, ondare eta paisaia liluragarria irudikatzen dute. Horrez gain, erabateko biodibertsitate potentziala duten horma hilobi ekologikoak dira.

Zuhaitz monumentalak lurralde geografikoen arabera sailka daitezke, baina Rubinesek eta Villotak nahiago izan dute Euskal Herriko deforestazioan oinarritutako diskurtso kronologikoa erabili beren lanean. Horretarako, ezinbestekoak izan zaizkie ikerketa zitosoziologikoak.

Eraldatutako paisaien oinordekoak dira zuhaitz monumentalak; paisaia horiek oinarri hartuta, diskurtso historikoan kokatu ahal izateko, hiru aldi banatu dituzte ikertzaileek.

Denboran zehar

Lehen aldiak 6.500 urte inguru egiten du atzera. Neolito garaian, gizakiaren eragina nabarmena zen: herriak sedentarioago bihurtu ziren, eta nekazaritza kultura hasi zen; landareak aldatu, eta interesik ez zuten beste batzuekin ordezkatzen zituzten. Era berean, neurrigabeko mozketak egin, bazkalekuak eratu eta bestelako espezieak gehitzen zituzten. Bazkalekuetan eta mendiko eremu altuetan egoten ziren egungo zuhaitz monumentalak. Halaber, sakratuak zirelako edota artzainek erabiltzen zituztelako ondo mantentzen ziren zuhaitzen antza dute zuhaitz monumentalek. Lizarrak, adibidez, etxoletatik eta tumulu eta hilobi eraikinez beteriko artzain bideetatik gertu daude sarri, garai haien oroigarri. Paisaia nabarmen aldatzen ari zen garai hartan.

Amerikaren konkistarekin hasi eta XX. mendera artekoa da bigarren aldia. Lurraldeak bereganatzeko gerra krudela hasi zen Amerikaren konkistarekin. Hori horrela, Europako erreinuek itsasontziak behar zituzten toki urrun haietara iristeko; horrez gain, beren lurrak gainerako inperioetatik babestu behar zituzten. Lehen aldiz, teknologikoki landutako zura behar zen, eta erruz, gainera. Horregatik, zuhaitz motzak agertu ziren, egun Euskal Herriko paisaian nagusi direnak. Zuhaitz motzak kimuak sortzeko inausten diren zuhaitzak dira, hasieran itsasontzietarako zura edukitzeko sortu zirenak. Hori horrela, XVIII. mendean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zuhaitzen %80 zuhaitz motzak ziren; bestela esanda, zuhaitz guztiak zeuden moztuak: gehienbat itsasontziak egiteko, baina baita burdin industriarako ere. Bigarren garaia, hortaz, basoa industrian eraldatu zeneko garaia izan zen. Hasieran, itsasontzientzat zen industria, baina ikatzaren sektorera igaro zen gero. Paisaian ere ikus daiteke, zuhaitzen itxuran. Kimaketaren eta ekoizpenaren arabera, ganderailu edota jirafa formak ikusten dira. Eta ez da berdin izan Arabako lautadan edo Gipuzkoan.

Lekua berreskuratzen

Kimuak sortzeko inausteek XX. mendera arte jarraitu zuten. XXI. mendearen hasieran, baina, basoak neurririk gabe moztearen ondorioz, paisaia nabarmen aldatu zen. Pinaburuko basoekin ordezkatu ziren. 1960ko hamarkadan baserriak gutxitu zirenean, basoek beren lekua bereganatu zuten. Zuhaitzak baliabide ekonomiko gisa ikusten ziren soilik, baina, 1970eko hamarkadatik aurrera, martxan jarri ziren politika ekologistak, eta, parke naturalen aldeko adierazpena edota kontserbazio legeak argitaratu ziren. Batik bat instituzioen ikuspegia aldatu da azken urteotan, eta zuhaitzak baliabide iraunkorren aprobetxamenduaren oinarrizko elementu bilakatu dira. Horren erakusgarri da Munain eta Okarizko hariztiaren aurkikuntza, 1995. urte inguruan bi biologok egina. Orduz geroztik, jendarteratze kanpainak bultzatu dituzte, eta inguruan dauden baso zein zuhaitzak ezagutarazi.

Egileen arabera, izen propioa duten edo eduki beharko luketen hiru zuhaitz ere gehitu dituzte liburuan: Altzoko pagoa, Gipuzkoan; Ziriloren pagoa, Gorbeia mendian, Bizkaiko aldean kokatua; eta hirugarrena, Crispinen gaztainondoa, Arabako Apinaiz herrian dagoena. Rubialesen esanetan, «zuhaitz bati izena jartzean, iraungo duela bermatzen da, halaber, izena badu, identitatea du, eta zuhaitza %100 kontserba daiteke». Dioenez, hirurek gordetzen dute istorio berezi bat. Zuhaitzek, sarritan, inperioen historia edo mitologia gaiak ezkutatzen dituzte. Hiru kasu horietan, baina, istorio umilen bidez izaera berezia ematen diete paisaiei.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna