2019ko Nafarroako Parlamenturako hauteskundeak

Inoiz baino irekiago

Foru hauteskundeetarako lau hilabete falta dira, eta aldaketak gehiengoa errepikatzea izango du erronka. Azken gertakariak aintzat hartuta, Nafarroako mapa politikoa zaildu egingo dela dirudi

BERRIA.
joxerra senar
Iruñea
2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Orain Baik Ahal Dugu-ko hiru parlamentari kaleratzeko erabakia mendekuaren ondorioa da, ala bestelako asmo politikoen ondorioa? Vox aurkeztuko al da bozetan? Aldaketak errepikatuko al du gehiengoa? UPNk norekin nahiko du ituna egin? Eta PSNk? Ahal Dugu-k galga jarriko al dio gainbeherari? Zer alderdi geratuko da eserlekurik gabe, eta nola baldintzatuko du parlamentuaren osaera? Lau hilabete falta dira bozetarako, eta puzzle erraldoi bat egin daiteke erantzunik gabeko galderekin, inoiz baino irekiago baitago jokaleku politikoa. «1979tik duda gehien eragiten dituzten hauteskundeak dira», laburbildu du Miguel Izu abokatuak.

ALDAKETA

Duela hilabete gutxi, laukoaren eta oposizioaren arteko lehia iragartzen zen, baina egun kanpaina giroak lausotu egin ditu bi blokeak. Dena den, aldaketako alderdien erronka nagusia gehiengo hori errepikatzea izango da, eta balantzea egiteko ordua iritsi da.

Aingeru Epalza idazleak gogoan du hasiera «motela eta gorabeheratsua» izan zuela gobernuak, «neurri handi batean kontra zegoen administrazio egitura batekin» topo egin zuelako. Hiru urte eta erdi igarota, ordea, balantze positiboa egiten du Epalzak, «inolako baldintzarik gabe». «Gabeziak gabezia, gauza franko egin dira, batez ere nondik abiatu garen kontuan hartuta, ez baikinen hutsetik abiatu, zero azpitik hogeitik hasi baikinen».

Juan Kruz Lakasta Euskalerria irratiko esatariak azpimarratu du gizartearen eskutik etorri zela aldaketa. «Azken hamarkadotan, abertzale eta konstituzionalisten arteko ardatza zen nagusi, eta orain ardatz berri bat sortu da, sozialagoa». Bere ikuspegitik, urteotan kalearen indar hori ez da galdu, Martxoaren 8ko zein Altsasukoen auziko manifestazioek islatu bezala. Era berean, eskuin mediatikoak ez du gizartea baldintzatzeko iraganeko ahalmena: «Diario de Navarra-k gobernuaren aurka in crescendo handitzen doan tentsioa sortu nahi zuen. Euskararen, nafar banderaren, Skolaeren edo amen inguruko mobilizazioen atzean izan da, baina ez dute jenderik elkartu».

Nerea Fillat gizarte ekintzaile eta Katakrak-eko kideak, berriz, ikuspegi kritikoagoa du. «Elkarlana eta denen beharra ez da lehentasuna izan, eta aukera galdu izanaren irudipena dut. Ez du esan nahi ezer aldatu ez denik edo ez duela deusetarako balio», zehaztu du. Gabeziei begira, Fillatek hezkuntzan, ekonomian eta kulturan aldaketa sakonagoak espero zituen, baina, batik bat, kokapen estrategiko bat bota du faltan: «UPNk bazuen berea, eta bestelako kokapen berri bat behar da, bestelako balioekin».

Lan erreforma edo defizit helburua dela, Espainiako legeek baldintzatuta ikusi du Nafarroako Gobernua Miguel Izuk, eta, hala ere, politika ekonomikoa «arrazoizkoa» izan dela deritzo: «Egoera zail batetik gentozen, baina aurreko gobernuen murrizketak zuzendu dira, eta, egin zitekeenaren barruan, aurrekontu politika ongi egin da». Elkarbizitzaren arloan, UPNk bultzatutako politiken aldean, «gobernu honek bere egin du Nafarroan ikuspegi eta nortasun guztiak daudela».

LAUKOA

Aldaketaren balantzeak argi-ilunak dituenez, ikuspegiaren araberako tonalitateak jasotzen ditu, eta hori onarturik, Lakastak perspektibaren beharra azpimarratu du. Alegia, gabeziek eraman ditzakete hainbat pertsona deus ez dela aldatu pentsatzera: «Adibidez, euskaran ez da iraultzarik izan, baina duela lau urte esan baligute D eredua eskainiko zela Nafarroa osoan, udalerrien erdia pasako zela eremu mistora, euskalgintzak jasoko zituela merezitako laguntzak edo Iruñean bikoiztuko zela haur eskolen kopurua ikaragarria irudituko zitzaigukeen. Perspektiba hori galtzea tranpa egitea da».

Laukoaren funtzionamenduari begira, Epalzari harrigarria egin zaio oro har, zailtasunak zailtasun, %85ean ados jartzeko gai izan direla. «Ez nuen espero halako errespeturik izanen zenik, eta oraindik ere mantentzen da. Lehia kutsu hori badago, eta normala da, baina hori guztia kontuan hartuta, Geroa Bairen eta EH Bilduren artean egon den errespetua eta konplizitatea ikaragarria egin zait. Eredugarria eta esportagarria. Inork ez zuen espero, ezta UPNkoek ere. Urtebetera lehertuko zela uste zuten».

Orain, bozak gerturatu ahala, alderdien artean distantziak markatu nahiko dira, eta lehia handitu; baina, gehiengoa errepikatu nahi badute, oreka gorde beharko da, kanpainako zaratak aurreko lau urteetako lana hautsi ez dezan. Lakastaren arabera, testuinguruak lagun dezake: «Badatorkigu eskuin muturraren gorakada eta olatu autoritario horren aurrean, nola erantzun sendoago: orain daudenak gobernuan egonda ala UPN eta eliteak izanda?». Aho biko ezpata da, ordea. «Botoa ematen ez bada, ikusi dugu Andaluzian zer gertatzen den», gaineratu du.

Fillatek uste du eztabaida politikoa «oso osasungarria» dela baina fronteen borrokan erortzeko arriskuaz ohartarazi du: «Legealdi honetan, eskuina itzuliko den mamuarekin, aldaketa hitza edukiz hustu da. Uste dut eztabaida argia egon balitz errazago izango litzatekeela elkarrekin bidea egitea. Fronteen jarrera da problema, mehatxu horrekin denok isildu nahi izatea». Bere irudiko, «eskuzabalagoak» izatea falta izan zaie batik bat gobernua eta Iruñeko Udala izan duten bi koalizioei. «Batzuetan txikira jokatu da, alderdien interesa lehenetsiz. Guztiek elkarren beharra dute».

AHAL DUGU - ORAIN BAI

«Ahal Dugu-k ozpindu digu aldaketa». Aingeru Epalzak oso modu grafikoan laburbildu du barne krisia. Zergatiei begira, Ahal Dugu beraren sorreran du jatorria krisiak, Izuren ustez: «Jende berria zen, iraganeko hipotekarik gabe, baina esperientzia gutxi zuten eta zaildu gabeko antolakuntza. Eurek ez dute jakin gatazka konpontzen, eta zenbaitetan ardurarik gabe jokatu dute». Lakastaren arabera, bi sektoreen artean «ardura partekatuak» dituzte: «Azkenean ez da erabaki irizpide politikoen arabera, baizik eta etxekalte izaten ari diren irizpideen arabera. Ez dute onurarik inorentzat, eurentzat ere ez».

Hori da gakoa: krisiak nolako eragina izango duen. 2015ean,PSNtik eta abstentziora jo ohi zutenen poltsatik bildu zituen 46.200 boto Ahal Dugu-k. «Arriskua da kontrakoa gertatzea, boto batzuk PSOEra itzultzea eta beste batzuk abstentziora», azaldu du Epalzak.

Ez dago argi Orain Baik zer egingo duen ere. «Ez dakigu zein den euren proposamena, hauteskundeetara aurkeztuko ote diren eta nola. Uneotan euren diskurtsoa hankamotz geratu da», azaldu du Miguel Izuk.

OPOSIZIOA

Aldaketak ez du erraz, baina ezta eskuinak ere, eremu hori zatikatzen joan baita. Iragan hamarkadan, alderdi bat (UPN) zen jaun eta jabe; orain, berriz, ziurrenik beste hiru alderdirekin lehiatu behar du. Lakastak «diskurtso gabe» ikusten du. «Iragarpen apokaliptikoak higatu dira. Ez dute ehundu diskurtso alternatibo bat». Alde horretatik, PPko Ana Beltranek adierazgarri deritzo jokatutako rolari: «Bere diskurtso karrankariak mugiarazi ditu eskuinerantz UPN, eta PSN ere bai. Muturreko diskurtsoen bidez, zalerik zaleenak bildu ditzakezu, baina hor ez dira jokatzen hauteskundeak. Erdialdean poltsa garrantzitsua dago». Halaber, bere iritziz, lidergoa falta du eskuinak.

Zalantzetako bat da Vox aurkeztuko ote den, norekin eta zer ondorio izango duen. Fillatek «urduritasunez» ikusten du agerpen hori, eta Nafarroan harrerarik izango ez duen ustearekin kontuz ibiltzeko ohartarazi. «Konplexu gutxi dituzte, eta horrek oso indartsu egiten ditu. Horrexegatik dira arriskutsuak».

Voxek eta Ciudadanosek, halaber, oso mezu zentralista darabilte, eta UPNren diskurtso foralistari kontraesanak eragin diezazkiokete, baldin eta alderdi horietakoren baten botoen beharrean badago. «Oso konplikatua izango du», dio Izuk. Aldiz, Fillaten ustez, kontraesan horiek berdin zaizkio UPNri.

Halaber, UPNren mezua «espainiartu» egin dela deritzo Epalzak. Bere hitzetan, joera horretaz profitatu da PSN. «Hori da sozialisten apustua. Eskuinaren bloke hori beldurgarri egitea». Bestelako ondorioak ere izan ditzake. Epalzaren ustez, atsekabetuta egon daitezkeen ezkerreko boto-emaileak «aktibatu» ditzake eskuin muturraren agerpenak.

JOKALEKUAK

Maiatzaren 26ko mapa antzematea politika fikzioa egitea da. «Dena dago airean», laburbildu du Miguel Izuk. Parlamentuan zortzi edo bederatzi alderdi izan daitezke. «Oso mapa konplexuan egongo garela ematen du, baina, agian, herritarrek sinplifikatu egingo dute dena». Izan ere, ezinbestean, botoen %3ko langa gainditu behar du alderdi orok parlamentura iristeko, eta eskuinaren eremuan, Voxek, PPk edo C's-ek kanpoan geratzeko arriskua dute; Ezkerrak edota, aurkeztuz gero, Orain Baik duten bezala. Zenbat geratuko dira kanpoan?

Biharamunari begira, aliantzak ezinbestekoak izango dira. Zenbakiek emanez gero, laukoak berriro errepikatu egingo luke: «Lau urte gehiagotan benetan ikusiko genituzke gauza ukigarriagoak», dio Epalzak. Alta, gehiengoa errepikatzen ez bada, ekuazioan PSN gehitzeko formulak indarra hartu dezake —EH Bilduren kanpoko babesarekin?—. Hipotesi horri arazo handi bat ikusten dio Epalzak: «Badugu eskarmentua. Zalantza dagoenean, badakigu PSNk nora jotzen duen. Ez dugu inoiz ikusi, baina aldaketaren gobernu batean sartuz gero,zer politika egin dezake? Oso baldintzagarria».

Aukera horri arazo pertsonal bat ikusten dio Lakastak:«Sanzek UGTrekin hitzarmenak egin zituenetik, UGTk PSN zizelkatu du bere neurrira, eta alderdian aurrera egin duten guztiak erregimenaren sokakoak dira. Ezintasun pertsonalak dituzte bere burua ikusteko bestelako indarrekin». UPNk PSNrekin gehiengoa osatu nahiko du, baina zenbakiek emango ez baliete, eskuineko beste alderdiak gehitu ahala, zailtasunak handituko zaizkio PSNri.

Hain panorama ireki eta konplexuan, azken unera arte borrokatzeko beharra n abarmendu du Epalzak. «Deus ez dago erabakita». Ezkortasuna astintzeko beharra ikusten du Lakastak: «Aldaketa sakonak gertatu dira Nafarroako gizartean eta diskurtso hegemonikoak erori. Hori guztia ezin zaigu atzendu. Irudi luke aldaketaren aldeko indarrek galdutzat ematen dutela gehiengoa eta jokatzen baduzu beste hipotesiei begira, bere burua betearazten duen iragarpena izan daiteke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.