NUPeko errektorea aukeratzeko bozak

Segida eta aldaketa lehian

Errektorea hautatzeko hauteskundeak eginen dituzte bihar NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan Bi hautagai lehiatuko dira: Alfonso Karlosenaren taldetik dator Ramon Gonzalo; aldaketa nahi du, ordea, Maria Jose Beriainek

Ainhoa Larretxea Agirre.
Iruñea
2019ko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Maiatzaren 26ko hauteskundeen aitzinetik, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek, ikasleek eta gainerako langileek botoa emateko aukera izanen dute bihar. Azken lau urteetan errektore izandako Alfonso Karlosenak iragan martxoaren 29an jakinarazi zuen uko egingo ziola bozetara berriz aurkezteari. Karlosenak ezezkoa iragarri ondotik, bertze bi hautagaien artean izanen da lehia: Maria Jose Beriain eta Ramon Gonzalo katedradunen artean. Karlosenaren ildokoa da Gonzalo: Ikerkuntzako errektoreorde izan da agintaldi honetan. Berainek, aldiz, orain artean ez du izan inolako kargurik errektoretzan.

NUPen komunitatea osatzen duten eragile guztiek dute hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea: irakasleek, ikasleek zein administrazio eta zerbitzuetakolangileek. Arrosadiako campusean, hauteskunde mahaiak 11:00etatik 18:00etara egonen dira irekita. Tuterako campusean eta Iruñeko Osasun Zientzien campusean, aldiz, 12:00etatik 17:00etara. Bozketa itzuli bakarrean edo bitan eginen dute, emaitzaren arabera: lehen itzulian, hautagai batek bozen erdia baino gehiago lortzen baditu, zuzenean izanen da errektore. Lehenengo bozketan halakorik ez balego, ordea, bigarren itzulia eginen litzateke hilaren 24an.

Ezusteko erabakia izan da Karlosena hauteskundeetara aurkeztu ez izana. Errektoreak adierazi duenez, legealdi hasieratik erabakia zuen agintaldi bakarra eginen zuela karguan: «Ez dut kasurik ezagutu, ez unibertsitatean ez politikan, bigarren agintaldia lehenengoa baino hobea izan duenik».

Medikuntza, azkenean

Urteetako eskaerari erantzunez, datorren ikasturtetik aitzinera Medikuntza gradua eskainiko dute Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hori izan da Karlosenaren agintaldiko lorpenik handiena. Aldarrikapen historikoa izan da Nafarroan, orain arte Nafarroako Unibertsitatean —Opusek kudeatuan, hau da, pribatuan— baino ez baitira izan ikasketa horiek. Bestalde, ituna sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin, unibertsitatearen finantzaketa bermatzeko. Lau urteko ibilbidean, ordea, ez da dena erraza izan. Agintaldi hasieran, ikasleen protesta batean Foruzaingoa campusera sartzea baimendu zuen Karlosenak; bi gazte atxilotu zituzten.

Euskararen normalizazioan ere uste baino pauso gutxiago eman dituzte Karlosena errektore denetik. Iaz onartutako euskara planaren arabera, 1.689 kreditu eman beharko lituzkete euskaraz aurten. Hala ere, oraindik kopuru horretatik urrun daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.