Lan behartuak

Burdinbideari iltzatutako esklaboak

1936ko gerran eta frankismoan, trenbideetan lan egitera behartu zituzten milaka preso Hego Euskal Herrian. Trenak izaera estrategikoa izan zuen gerran; hortaz harago, baina, lan behartua gorrien aurkako «eskarmentua» izan zela uste dute adituek. Egoera ezin makurragoan bizi ziren gatibuak, goseak amorratzen eta hotza hezurretaraino sartuta.

Baldintza gogorrak pairatzen zituzten frankismoko presoek. EUSKOTREN ARTXIBOA.
Ion Orzaiz.
2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun

Gosaria hartu ostean (malta duen ura), zaindarietako bat zigor kolpeka hasi zitzaigun, erne egon gintezen. Ilarak osatzeko agindu ziguten, eta tren geltokira joan ginen. Han, zain genituen Agurainera [Araba] eramanen gintuzten bagoi irekiak». Isaac Arenal Cardiel JSU Gazteria Sozialista Batuetako kide eta Espainiako Errepublikaren armadako soldadua zen, militar kolpistek atxilo hartu zutenean. 1942. urtetik aitzinera, trenbideetan lan egitera behartu zuten, Espainian eta Euskal Herrian. Altsasu eta Agurain artean aritu zen, beste milaka presorekin batera, esklabo bihurtuta.

«Inoiz bidaiatu duzue halako baldintza makurretan? Zutik jarriz gero, haizeak jipoitzen gintuen; eserita, triki-traka etengabeak haragi bizian uzten zizkigun ipurmasailak». Arenalek zurian beltz utzi zituen bere bizipenak 95 Batallón de Soldados Trabajadores liburuan (Soldadu beharginen 95. batailoia), baina, oro har, oihartzun txikia izan dute burdinbideetan lan egitera behartutako esklaboen testigantzek. Errealitate hori azaleratzeko xedez, trenbideko jazarpen frankistari buruzko ikerlana ondu dute Fernando Mendiola eta Juan Carlos Garcia-Funes NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikerlariek, Espainiako Trenbideen Fundazioaren eta Renferen proiektu zabalago baten barruan.

Zehazki, trenbideetan lan egitera behartutakoen errolda ondu dute bi historialariek. Ikerketaren emaitzak ikusgai jarri dituzte memoriahistoricaferroviaria.orgwebgunean eta Nafarroako Oroimen Historikoari Buruzko Dokumentazio Funtsean.

Hego Euskal Herrian, hiru trenbide eraikitzeko, handitzeko edo konpontzeko lanetan aritu ziren presoak: Castejon-Ribaforada-Cortes (1.500 eta 3.600 preso artean, 1938tik 1940ra), Altsasu-Ziordia-Agurain (1.150 gatibu, 1939tik 1943ra); eta Bermeo-Sukarrieta (60 preso, 1953tik 1956ra). Askotariko lanak egin zituzten eremu horietan. «Gerrak iraun zuen bitartean, lehentasuna izan zuten bideko konponketek; gerraostean, aldiz, bestelako egitekoak eman zizkieten presoei: trenbide garrantzitsuenak bikoiztea eta lerro berriak eraikitzea, besteak beste», azaldu du Mendiolak.

Estrategia eta zigorra

«Gure egitekoa zen bideak harriz betetzea, trebesak garbitzea eta trenbidea baldintza egokietan uztea. Joan-etorriak ugaritu egin ziren, antza, II. Mundu Gerraren ondorioz, bai salgaiak garraiatzeko eta bai gizonak Errusiako frontera bidaltzeko Dibisio Urdinarekin». Isaac Arenalen memoria liburuan argi azaltzen da trenak gerra garaian izan zuen garrantzia. Garraiobide estrategikoa zen.

«Trenbide sarea kontrolatzea funtsezkoa zen bi aldeentzat», berretsi du Garcia-Funesek. «Errepideak erabiltzen ziren distantzia txikietarako, nagusiki, baina tropak edo materialak urrun garraiatzeko, trena zen azpiegitura nagusia». Are: zenbait lehengai toki batetik bestera bizkor eramateko, ez zegoen beste biderik: «Gerran funtsezkoak diren elikagaiak, armak eta bestelako baliabideak garraiatzeko balio zuen, baina, horrez gain, ezinbestekoa zen, besteak beste, meategietako mineralen hornidura kontrolatzeko, edo arma astunenak fronteraino eramateko». Horregatik guztiarengatik, bai alde errepublikazaleari bai faxista matxinatuei biziki interesatzen zitzaien trenbideak zaintzea eta beharrezko konponketak azkar batean egitea.

Errepublikak, adibidez, arma gisara ere erabili zuen trena Hego Euskal Herrian. «Errepublikazaleek tren blindatuak erabili izan zituzten frontean, kanoi eta metrailetaz horniturik. Trenbidetik zuzenean egiten zuten tiro. Bidasoko trenbidean, adibidez, halako bat erabili zuten: Irundik atera eta Endarlatsaraino joaten zen, han tiroak bota, eta buelta», gogoratu du Juanjo Olaizola historialari eta Burdinbidearen Euskal Museoko zuzendariak.

Haren ustez, baina, presoak trenbidean lanean jartzeko motibazioak politikoak izan ziren, estrategikoak bainoago: «Trenbide batzuk estrategikoak ziren, beste batzuetan oso zaila zen langileak topatzea eta presoekin betetzen zuten hutsunea, ados. Baina sistema honen ideologoen xede nagusia ez zen hori, gorriak zigortzea eta haiei jazartzea baizik. Bestela, zergatik erabili zituzten gatibuak Madrilen txaletak eraikitzeko, adibidez? Hori ere estrategikoa al zen? Argi dago horren helburua zela lan behartuak zigor eredugarri eta eskarmentu gisara erabiltzea». Zinez bete zuten helburua.

Gosea eta higiene falta

«Janaria eskasa zen, eta oso txarra. Altsasun izan gintuzten, oker ez banaiz, 1943ko abuztura arte; horren ostean, egurrezko barrakoi batzuk eraiki zituzten Aguraindik bi kilometrora eta, esan beharrik ere ez dago, ez zituzten betetzen higiene baldintza gutxienekoak ere. Landa lurren erdian ginen, bakartuak erabat. Era horretan, Renfek aurreztu egiten zituen gure desplazamendu gastuak, eta herrietako biztanleengandik urrun mantentzen gintuzten». Arenal milizianoaren gisako testigantzek agerian uzten dute presoen bizi baldintzak oso makurrak izan zirela, bai 36ko gerran, bai hurrengo urteetan. Gosea, hotza, zapata eta jantzi desegokiek eragindako zauriak, garbitzeko aukerarik eza, zigor fisikoak... Faktore horiek guztiak behin eta berriro azaltzen dira NUPeko ikerlariek aurkitutako dokumentazioan ere.

Historialariek bi multzotan sailkatu dituzte frankismoko langile gatibuak: gerra frontean atzemandako errepublikazaleak, batetik, eta kartzeletako presoak, bestetik. «Gerran atzemandako soldaduak, gerra gatibuak, kontzentrazio esparruetan zeuzkaten atxilo, altxamenduaren aurkakoak izatea leporatuta, eta horietako batzuk trenbideak konpontzera bidali zituzten», azaldu du Mendiolak. Sistema hori indarrean izan zen, batez ere, gerraren hondar urteetan, 1937tik 1939ra.

Olaizolaren esanetan, frontean atzemandako presoak esklabo gisara erabiltzea «oso ohikoa» zen gerra garaian: «Errepublikak ere erabili zituen, jakina. Genevako Itunak kontrakoa adierazten duen arren, orokortua zegoen praktika hori».

1938tik aurrera eta, batez ere, gerraostean, ordea, beste ildo bat abiatu zuen frankismoak espetxeetan: lanen bidez kondenak kitatzeko edo arintzeko sistema. «Francok fenomeno hori luzatu egin zuen, 1970. urtera arte erabili baitzuen lan behartua», azaldu du Olaizolak. «Izen dotorea jarri zioten, zigorren arintzea lanaren bidez, baina esklabotza zen, argi eta garbi».

Hala ere, aldea zegoen gerra garaiko lan behartuen eta diktaduran ezarritakoen artean. Garcia-Funesen ustez, gerra frontean atzemandakoen egoera espetxeetako presoena baino are makurragoa zen: «Bi multzoetako presoak oso baldintza txarretan bizi ziren, baina espetxeetan zeuden presoei, gutxienez, kartzelaldia arintzen zieten trenbideetan lan egitearen truke. Gerra gatibuek ez zuten kondena ofizialik eta, beraz, ez zuten inongo ordainik jasotzen». Bat dator Olaizola: «Aintzat hartu behar dugu nolakoak ziren espetxeak Espainia frankistan: tifusa, zorriak, gosea, hotza... Langileek aukera zuten errealitate horretatik ihes egiteko eta, gainera, dirutxo bat irabazteko. Izan ere, aparteko orduak ordaintzen zizkieten, eta presoek aukera zuten diru hori familiari bidaltzeko. Egoera miserablea eta bidegabea zen, baina hobea zen hori espetxea baino».

Trenetik jaitsi ez zirenak

Urteek aurrera egin ahala, trenbidean aritutako presoetako batzuei aukera eman zitzaien beren postuan segitzeko, soldata baten truke. Kategoria berri bat osatu zuten: libertoak. Euskal Herrian preso atxikitako espainiar askoren kasua izan zen: «1943tik aurrera, Franco hasi zen eskua apurka zabaltzen, bere irudia nazioartean zuritzeko: amnistia batzuk eman zituen. Gerrako preso asko espetxetik atera zituen, baina deserriko zigorrak ez zituen eten; hortaz, preso horiek ez zuten beren sorterrira bueltatzerik».

Andaluziatik edo Extremaduratik (Espainia) Euskal Herrira joandako preso batzuk ezin izan ziren sorterrira itzuli. «Aukera eman zieten bertan gelditzeko; besteak beste, Gernika berreraikitzeko lanetan edo trenbidean, ordura arte bezala», esan du Olaizolak. Horientzat bizimodua ez zen askorik aldatu: «Berdin-berdin segitu zuten barrakoietan bizitzen eta lan gogorra egiten, baina soldata kobratuz». Bizitza trenbidera lotuta eman zuten azken beharginak izan ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.