Espetxeak. Silvia Encina. Hildakoaren bikotekidea

«Bakartzeak eta zigorrek hil dute Jose, pixkanaka»

Bikotekidea kartzelan hil zenetik, erabat babesgabe sentitzen da Encina. Serranoren gorpua ikusi ahal izateko lurperatze ziurtagiri bat sinatzea galdegiten diotela salatu du.

Bilbo
2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Hiru hilabete igaro dira bikotekidea kartzelan hil zela jakinarazi ziotenetik. Gorpua ikusteko trabak besterik ez diotela jarri salatu du Silvia Encinak, eta autopsia ere ez diotela behar bezala egin. Abokatua da lanbidez: zailtasunak zailtasun, egia osoa jakin arte aurrera jarraituko duela iragarri du.

Zer moduzko egoeran egon zen Jose azken hilabeteetan?

Estremerako kartzelan [Madril] egon zenean, espetxetik kanpoko dentista batek artatu zuen, aurreko kartzelan jipoitu egin zutelako eta gaizki zegoelako. Dentista horrek hortz bat zulatu zion, eta ondoren ez zuen bera artatzen jarraitu nahi izan. Paper batzuk sinatzera behartu zuen, eta enpaste bat jarri ondoren infekzioak izaten hasi zen. Aho osoa morea jarri zitzaion, eta, azkenean, kiste bat atera zitzaion. Botika asko ematen zizkioten, baina ez zuten kartzelatik atera.

Hil zen egun berean hara joan zineten, baina ez zizueten gorpua ikusten utzi.

Gorpua ikusteko eskatu genuen, eta funtzionarioek ezetz eta ezetz. Orduan, auzitegi medikuarekin hitz egitea eskatu nuen, eta ez omen zuen nahi izan. Ez du aurpegia eman, ez dugu inoiz ikusi.

Ez dizuete horretarako arrazoirik eman?

Esan digute gorpua ikusi nahi badugu ehorzketa ziurtagiria sinatu behar dugula. Hala, gorpua atera eta tanatorioan ikusiko dugula.

Baina ez zaudete konforme autopsiaren emaitzekin .

Ez. Mediku txostena eskatu nuen, eta ukatu egin ziguten. Joseri osasun laguntza emateko izan dugun arazohandienetako bat izan da ezdigutela inoiz eman historia kliniko osoa. Duela gutxi beste txosten bat eman ziguten, baina ez zegoen osorik. Gainera, hori lortzeko hilabeteko gose greba bat egin behar izan zuen 2013an, Picassenten [Herrialde Katalanak]. Horrek zigor asko ekarri zizkion.

Hainbat kartzelatan egon da hamazortzi urteotan, beraz.

Bai, nik duela bost urte ezagutu nuen, eta Villenatik Mansillara jarraitu dut, Picassentera, Dueñasera, Teixeirora, Estremerara... Urtean behin edo birritan mugitu egiten zuten.

Zein arrazoi ematen zituzten?

Ez dute ematen. Sailkatu egiten zuten sei hiletik behin, eta beste espetxe bat adjudikatzen zioten. Horri helegitea jartzean eta hurbiltzea eskatzean, esaten zuten ez zegoela lekurik inguruko kartzeletan.

Hala zela uste duzue?

Ez, gezurra da. Ni harekin egon naizen kartzela guztietako galeriatan sei eta hamabi ziega inguru daude. Gehienez bi edo hiru preso egoten dira; ez dute inoiz preso bat bestearen ondoan jartzen, ziega bat uzten dute erdian.

Epaitegian trabak jartzen dizkizuetela ere salatu duzu.

Presioa ere egin digute zuzenean lurperatu genezan, batere azalpenik eman gabe. Jose hil osteko astean, itzuli ginenean, epaileak esan zigun Zaragozan gauzak hala egiten direla. Ezin direla hildakoen gorpuak ikusi, senideek ez badute aldez aurretik lurperatzea sinatzen.

Azken urteetan haren osasun egoerak okerrera egin zuela esan duzu. Nola?

Bai, izugarri. Teixeiroko kartzelan [Galizia] zegoenean, berak eta beste bi presok su eman zioten ziegari, handik ospa egiteko. Lekuz aldatzeko modu bakarra zen; isunak saihestu eta gradua aldatzeko beste erarik ez da, halakoek ez dietelako aurrera egiten uzten bakartuta dauden presoei. Eta helegitea jartzen baduzu, emaitza jaso arte urtebete baino gehiago igarotzen da. Tranpa hiltzailea dira bakartzeak eta zigorrak; hala hil dute Jose, pixkanaka.

Aurreko udan behin betiko irtetekoa zen.

Bai. Baina hamazortzi urtean ez da behin ere atera, portaeragatik. Berak arazoak zituen sartu aurretik ere: desoreka eskizoidea, nortasunaren asaldura, desoreka antisoziala... Eta kartzelako funtzionarioek, sintomaren bat ikusiz gero, zigortu egiten zuten.

Arazo horiek okertu egingo ziren bakartzearekin.

Kartzelan sartu aurretik bazituen desoreka batzuk; Basauriko kartzelako [Bizkaia] psikiatrak jada ohartarazi zuen diagnostikoa moldatu egin beharko zela. Eta bakartzerik ez ezartzeko gomendatu zuen berak, baina entzungor egin dute.

Horrek sintomak areagotu dituela uste duzu?

Zalantzarik gabe. Jasotzen zituen zigorrak batzen zituzten, 42 egunera heldu arte, eta 42 egunak bakar-bakarrik igaro behar izaten zituen. Denbora horretan ez zen ziegatik ezertarako irteten, niri telefonoz deitzeko baino ez. Orduan, aste gutxiren buruan burua nahasten hasten zitzaion; ezin zuen ongi hitz egin, antsietatea asko areagotzen zitzaion... Eta oso urduri zegoen, ahotsak entzuten, paranoiekin...

Zer egingo duzue orain?

Beste bide bat zabalduko dugu, lurperatzen dugunean froga desagertuko delako. Epaitegian ez dute ulertzen guk gorpua lurperatu nahi ez izatea, baina guretzat froga bat da. Bestalde, ospitalera eraman behar izan zuten hainbatetan, objektuak jaten zituelako: txanponak, pilak... Batzuetan antsietate krisiak izaten zituen, eta ez zen inor joaten laguntzera, ez psikiatrarik, ez psikologorik. Gainera, berak hartu duen botika psikiatrikoa ezin da era jarraituan hartu, eta 2006tik hartu du, kontrol medikorik gabe. Laguntza ukatzeagatik salaketa bat jarriko dugu. Hartu zuen botika horren ondorioetako bat, gainera, bat-bateko heriotza da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.