Telekomunikazio zentroaren kontrola hartu du Guardia Zibilak

Botoak zenbatzeko balia litezkeen aplikazioak eteteko agindu du Espainiako Justiziak. Agenteak zentroan geratuko dira egun batzuetan

Madrilgo bilkuran zirkulazioa eten zuten atzo. VÍCTOR LERENA / EFE.
xabier martin
2017ko urriaren 1a
00:00
Entzun
Guardia Zibila berriro sartu da Generalitatearen Telekomunikazio Zentrora. Haren kontrola hartu zuen atzo goizean —aurreko gauean ere bertaratu zen—, eta han geratuko da egun batzuetan. Generalitatearen 29 aplikazioren zerbitzua geldiarazteko agindua du, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiarena. Aplikazio horiek, batez ere Evot-ek, erreferendumaren logistikan lagundu dezaketelakoan da Espainiako Justizia, botoak zenbatzeko edo boto telematikoa gauzatzeko tresna gisa. Kontua da hamazazpi guardia zibil iritsi zirela L'Hospitalet de Llobregatera, lau autotan, denak kaleko jantzita, eta zentroaren kontrola daukatela atzodanik.

Mercedes Armas epaileak agindu du Generalitatearen kontrako operazio hau, Guardia Zibilaren txosten baten harira. Cesicateko arduradun bati atzemandako informazioa da oinarria, epaileak berak azaldu duenez, Evot aplikazioaren garrantzia azpimarratuta. Irailaren 20an CTTI telekomunikazio zentroan sartu ziren guardia zibilak, eta arduradunen bulegoak miatu zituzten. Miaketa horri erreparatzen dio epaileak Guardia Zibilaren txostena azaltzeko.

'Cara al sol', Madrilen

Batera edo bestera, Espainiako segurtasun indarrek Generalitatearen azpiegiturei eraso egiten jarraitzen dute. Oldarraldi horren beste atal batengatik, Estrasburgora jo du Josep Costa Hauteskunde Batzordeko kideak. Espainiako Auzitegi Konstituzionalak batzordeko kideei jarritako zigorrak Giza Eskubideen Europako Auzitegira eraman ditu. Espainian zuzenbide estatuaren haustura gertatu dela salatu du Costak bere helegitean.

Hain zuzen, Espainiako konstituzioaren aurreko bandera frankista asko haizatu zituzten, atzo, Madrilen eta Espainiako beste hainbat hiritan; «Espainiaren alde» elkarretaratu ziren milaka pertsona, baita Bartzelonan ere. Madrilen Cara al sol ereserki falangista kantatzen bukatu zuten Katalunian bozkatzea eragotz dezaten exijitu zutenek.

Apenas egin diren erreferendumaren emaitzaren inguruko inkestak; The National Eskoziako egunkariak kaleratu du horietako bat. Eskoziaren independentziaren aldeko hedabide horren arabera, %62ko parte hartzea egongo da gaur, eta baietzak irabaziko du, %83rekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.