LETICIAKO AKORDIOA

Amazoniako herrialdeetako agintarietako batzuk, ituna sinatzen. EFE.
2019ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Hilaren hasieran, Kolonbiak, Boliviak, Brasilek, Peruk, Ekuadorrek, Surinamek eta Guyanak Leticiako Akordioa sinatu zuten, deforestazioari aurre egiteko neurriak adostuta. Honako hauek dira negoziaturikoen artean zortzi erabaki garrantzitsuenak:

Lankidetzarako Amazoniako Sarea sortzea. Legeak eta hondamendi naturaletarako prebentzio metodoak nazioarte mailan lotzea du helburu gobernuek sortuko duten sareak. Finean, basoberritzea azkartzeko indarrak elkartuko dituzte.

Suteek eta legez kanpoko meatzaritzak jotako eremuei arreta ematea. Ekosistema ahalik eta azkarrena berreskuratzeko, estatuek helburutzat jarri dute suteek eta legez kanpoko meatzaritzak suntsituriko eremuak lehengoratzea.

Alerta sistema bat sortzea. Itunaren sinatzaileek hilabeteotako suteak eragoztea dute helburu; hortaz, ados jarri dira alerta sistema bat sortzearen inguruan. Horretarako, Amazonia arakatuko dute.

Klima eta biodibertsitatea zaintzea. Gobernuek informazioa partekatzea eta elkartzea adostu dute, eremuari eta horren egoerari buruzko ezagutzak zabaltzeko. Hori eginda, Amazonia osoan eragina izango duten planak osatu nahi dituzte.

Ekosistemen erabilera aldatzea. Lehengaien, naturaren eta lurraren lanketan «muturreko aldaketa bat» adostu dute agintariek, «garapen ekonomiko jasangarri» baten eta «ekosistemen garapenaren» arteko elkarbizitza bermatzeko.

Emakumeen eta indigenen ahalduntzea bultzatzea. Amazoniako oihanean bizi diren emakumeen eta indigenen ahalduntzea bultzatzea adostu dute itunean, «aukera berdintasunak» izateko.

Hezkuntza sustatzea. Amazoniak eta hango eskualdeek ingurumenaren zaintzan duten «funtzioa eta rola» erakusteko, gobernuek kanpainak sustatuko dituzte.

Finantza mekanismoen indartzea. Amazoniako herrialdeen ekintzak sustatze aldera, finantza mekanismo multilateralak osatzea adostu dute sinatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.