Iñaki Reta euskal presoa hurbildu du Frantziak, Fresnestik

Enekoitz Esnaola -

2019ko urriak 3
Frantziako Gobernuak beste euskal preso bat gerturatu du Euskal Herri inguruko kartzela batera, Etxerat elkarteak jakinarazi duenez: Iñaki Reta de Frutos EPPK-ko kidea, Mont-de-Marsanera (Okzitania). Etxerat-ek bezala Altsasu (Nafarroa) erreferentzia hartuta, 215 kilometrora dago. Oraintxe, euskal presorik ez dago Fresnesen —Paris hegoaldea—.

Frantziak 2018ko otsailean hurbilketari ekin zionetik, Retaren mugimendua 29.a izan da; hemeretzi lagun Mont-de-Marsanera eraman dituzte, eta hamar, Lannemezanera (Okzitania; 290 kilometro). Azkeneko gerturatzearen ondorioz, Frantzian diren euskal preso gizonezkoen artean lau geratzen dira bi kartzela horietatik kanpo: Josu Urrutikoetxea Parisen daukate, La Santen (ia 900 kilometrora), Joseba Fernandez eta Ion Kepa Parot Mureten (385era) eta Jakes Esnal Saint Martin de Ren (500era). Euskal ordezkaritzak esan izan duenez, Parisek eta biek adostu gabeko lekualdatzea egin zuten Fernandezekin. Urrutikoetxea, berriz, behin-behineko presoa da, eta, halako egoeretan, Frantziak ez du hurbilketarik egin izan.

Zortzi euskal preso emakumezko ere badaude Frantziako Estatuan, guztiak Euskal Herritik 700 kilometrora baino gehiagora. Akitaniako espetxeetan ez dago emakumeentzako modulurik.

Frantzian, gaur-gaurkoz, 38 euskal preso daude: EPPK-ko 37 eta AEM inguruko bat.

Armagabetze prozesuan

Reta 2015ean atxilotu zuten, Ortzaizen (Nafarroa Beherea), Xabier Goienetxearekin batera, ETAren «aparatu logistiko-militarraren» kontrako operazio batean. Joan den abenduan izan zen epaiketa, eta Retak adierazi zuen ETAren desarmatze prozesuan «zuloak ixteko helburua» betetzen ari zirela atxiloketa garaian. Korrekzionalak zazpina urteko kartzela ezarri zien Retari eta Goienetxeari. Orduan atzemandako beste hiru euskal herritar ere zigortu zituzten, bi urtetik behera, haiek etxean hartzea egotzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna