Koronabirusa

Selektibitateari buruzko «informazio falta» salatu dute

Erredakzioa
2020ko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Hezkuntza komunitateko hainbat eragilek —Gora Ikasleon Borroka taldeak,LAB, Steilas, FeSP eta UGT sindikatuek, Sortzen-ek, Ikastolen Elkarteak eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak— bat egin dute ekainaren amaieran eta uztailaren hasieran egingo diren unibertsitateetarako sarbiderako azterketaren baldintzak salatzeko.

Adierazi dutenez, agerikoa da koronabirusaren krisiak eragina izan duela hezkuntza arloan: «Hilabeteotan, pertsona guztien ahotan egon da hezkuntza zentroen etorkizuna». Baina salatu dute erakundeek —bai Eusko Jaurlaritzak, bai Nafarroako Gobernuak eta baita Espainiakoak ere— «aldebakarreko erabakiak» hartu dituztela. Horien artean, selektibitatea egitearena: «Pedagogia ereduari erreparatu gabe eta hezkuntzako kideon arteko adostasunik bilatu gabe erabaki dute probarekin aurrera egitea». Ikasleen osasuna ere arriskuan jarriko dela ohartarazi dute.

Sinatzaileen arabera, azterketari buruzko «ezjakintasuna eta informazio falta» dute ikasleek eta irakasleek: «Milaka ikaslek zalantzaz lepo jarraitzen dute; unibertsitaterako sarbidea ahalbidetuko dien azterketa non eta zer baldintzatan egingo duten jakin gabe».

Ikasleek, sindikatuek eta hezkuntzako eragileek gobernuei eskatu diete selektibitaterako neurri jakin batzuk kontuan hartzeko. Horietako batzuk azterketa- ren ereduarekin lotuta daude: ikasle bakoitzak ahalik eta gertuen duen espazioan egitea azterketa, probak iraun bitartean segurtasun distantziak mantentzea, azterketak iraun bitartean egin beharreko desinfekzio eta garbiketa garbitzaileen kolektiboekin negoziatzea. Beste neurri batzuk, berriz, probaren edukiari dagozkio: hirugarren ebaluazioan landutakoa azterketan ez sartzea, ariketa malguak izatea eta zuzentzeko irizpideak denboraz jasotzea.

Dinamikaren berri eman eta egoera salatzeko, gaur egingo dituzte elkarretaratzeak Gasteizen eta Iruñean, 11:30ean.

NUPek ezarri ditu neurriak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak osasun protokolo bat egin du Unibertsitatera Sartzeko Ebaluaziorako.

Besteak beste, maskara ezinbestekoa izango da —ikasleek azterketa egiteko kendu ahal izango dute, baina jantzi egin beharko dute zerbait galdetzeko eta ikasgelatik ateratzeko— eta bi metroko distantzia mantendu beharko dute. Gainera, sarrerak eta irteerak mailakatuta egingo dituzte, eta gel hidroalkoholikoa ere jarriko dute. Behin azterketa amaituta, ikasleek mahai gainean utzi beharko dute, eta eraikinetik atera beharko dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.