Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gazteak «gogobeteta» daude beren familia harremanekin

Haur eta nerabeei buruzko txosten bat plazaratu du Jaurlaritzak.Gaztetxoek adierazi dute errazagoa dela kezken inguruan amekin hitz egitea aitekin baino

Seme-alabekin jolasteko denbora gutxi dutela aitortu dute gurasoek, Jaurlaritzaren txostenaren arabera. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Oro har, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haur eta nerabeek harreman ona dute euren familiekin. 11 eta 17 urte bitartekoak «gogobeteta» sentitzen dira gurasoekiko erlazioei erreparatuta: 10etik 8,43ko puntuazioa eman diete. Hala ageri da Eusko Jaurlaritzako Politika Sozialetarako Sailak argitaratutako Euskadiko haur eta nerabeen errealitatea zifratan 2014 txostenean.

Familia «oso garrantzitsua» da, txosteneko datuen arabera, euskal gizartearen ustez: hala diote biztanleen %90ek. Baina, gurasoen eta seme-alaben arteko harremanak oro har «onak» badira ere, ñabardura asko dituzte; adibidez, bikote heterosexualetan, gazteek aita edo amarekin duten erlazioa bereiziz gero. Nerabeentzat errazagoa da kezkatzen dituzten gaiez amarekin hitz egitea aitarekin baino. %14k dituzte zailtasunak amarengana jotzeko; eta %32k aitarengana. Desberdintasuna are handiagoa da nesken kasuan: alaben %40k dituzte zailtasunak aitarekin mintzatzeko.

Familia egiturak aldatu egin dira azken hamarkadetan, «faktore soziokulturalak» direla medio. Biztanleen aisialdi ohituren aldaketa aipatu du txostenak, baita lana familiarekin bateratzeko baliabiderik eza ere. Horren eraginez, guraso askok seme-alaben zaintza beste pertsona batzuen esku utzi behar izaten dute; «hezkuntza erronka» berriei aurre egitea dakar horrek. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleen %55ek uste dute egun «zailagoa» dela neska-mutikoak heztea, duela 30-40 urteko abagunearekin alderatuta. Ia hamar pertsonatik zazpik, berriz, adierazi dute oraingo familietan gurasoekiko errespetua txikiagoa dela. Haurrez arduratzeko kontziliazio faltak umeen eskolaratze goiztiarra ere ekarri du: 0 eta 2 urte artekoen %51 haur eskoletan zeuden 2012-2013ko ikasturtean.

Seme-alabak hezteko eredua ere aldatu dela esan du txostenak, 2001eko datuak 2012koekin erkatuta. Nabarmen hazi da egunero edo ia egunero seme-alabekin hizketan denbora bat igarotzen duten gurasoen kopurua: %55etik %74ra. Beste datu batzuk ez dira hain positiboak, ordea: seme-alabekin egunero jolasten direnen zifra ez da %45era iristen. Areago: hamar gurasotik lauk aste osoan «oso denbora gutxi» igarotzen dute gaztetxoekin jolasean.

Osasun arazoak, gora

Azken urteetan, oro har, osasun arazo gehiago izan dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoako haur eta nerabeek. 0 eta 12 urte arteko biztanleen %13,7k gaixotasun kronikoren bat dute. Datuek adierazi dute osasuna egoera sozioekonomikoarekin lotuta dagoela. Izan ere, egoera prekarioenean bizi direnen artean zabalduago daude eritasun horiek: hamarretik hirutan; maila sozioekonomiko hobea dutenen artean, %11,6n.

Loditasunari ere arreta berezia jarri dio txostenak, 2006 eta 2012 artean gora egin baitu gaitz horrek: %5,14tik %6,97ra igo da 2 eta 17 urte bitarteko biztanleen artean. Igoeraren arrazoien artean, azkar prestatutako jakien kontsumoa aipatu du txostenak: 2013an, 15-24 urtekoen %7,9k hartu zituzten halakoak astean hirutan edo gehiagotan; biztanleria osoaren kontsumoa (%3,4) halako bi. Dena den, 11 eta 17 urte artekoen %84k egiten dute kirolen bat, baina mutilak gehiago dira oraindik neskak baino; gainera, zifra nabarmen jaisten da zahartu ahala.

Nerabeek ere badute kezka gai horrekin: hamarretik sei baino ez daude gustura beren pisuarekin. Halere, osasunarekin baino gehiago, itxura fisikoarekin lotzen dute auzia, neskek batik bat: gizarteratzea eta «arrakasta soziala» baldintzatzen die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.