Betiko ereduaren euskarri

Eusko Legebiltzarrak bosgarren aldiz ekingo dio EAEko Polizia Legea aldatzeko proiektua tramitatzeari. Jaurlaritzak polizia eredua indartu nahi du, bai eta emakumeen presentzia handitu eta Ertzaintzaren lan karrera hobetu ere. Poliziaren sindikatu nagusiek ez dute babestu egitasmoa, eta alegazioak egin dizkiote, baina gobernuak atzera bota ditu gehienak.
Ertzainak Arkautiko akademian (Araba).
Ertzainak Arkautiko akademian (Araba). RAUL BOGAJO / FOKU

Edurne Begiristain -

2018ko irailak 19
Polizia eredua indartzea», berdintasuna eta emakumeen presentzia bultzatzeko neurriak sustatzea eta Ertzaintzaren lan karrera hobetzea. Helburu horiek ditu, nagusiki, Eusko Jaurlaritzak legealdi honetan aurrera atera nahi duen Polizia Legearen erreformak. Bosgarren aldaketa izango da. 1992koa da Euskal Autonomia Erkidegoan indarrean sartu zen lehen Polizia Legea. Ordutik, lau aldiz aldatu dute araua, batez ere Ertzaintzako funtzionarioen ordainsarietan eta Ertzaintzako langileen ordezkaritza sisteman moldaketak egiteko. Oraingoan, azken urteotan Espainiako Gobernuak zein gainerako erkidegoek onetsitako legeetan jasotako berrikuntzak jaso nahi ditu Jaurlaritzak.

Eusko Jaurlaritzaren gobernu kontseiluak joan den ekainaren 26an onartu zuen lege aurreproiektua, eta Eusko Legebiltzarraren esku dago jadanik, taldeek noiz tramitatuko zain. Bidean, alegazioak aurkezteko aukera izan dute erakundeek, poliziaren sindikatu nagusiek eta elkarte profesionalek. Bost sindikatuk egin dituzte ekarpen nagusienak: ESAN, UGT, Erne, CCOO eta ELAk. Horiekin, hainbat proposamen aurkeztu dituzte Euskadiko Aguazilen Elkarteak, Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak (AJEPLE-EUBE) eta Eudelek.

Eragile gehienak oso kritiko daude lege proiektuaren edukiarekin, eta kexu dira Jaurlaritzak apenas onartu duelako haien alegaziorik. BERRIAk kontsultatu dituen sindikatuek irmo gaitzetsi dute Segurtasun sailaren egitasmoa. «Legea oso eskasa da, eta urrun dago gure polizia eredutik», adierazi du Igor Eizagirre ELAko zerbitzu publikoko arduradunak. Legearen edukiarekin ez ezik, sindikatua desados dago tramitatzeko erabili den prozedurarekin ere, Jaurlaritzak ez duelako proiektua aurkeztu Ertzaintzaren kontseiluan eta Mahai Orokorrean. Eizagirrek iragarri duenez, ELAk legebiltzarreko taldeei eskatuko die ez babesteko legea.

Erne sindikatua, berriz, «kezkatuta» dago Segurtasun Sailaren proposamenarekin, «gabezia sakonak» atzeman dizkiolako, Roberto Seijo bozeramaileak jakinarazi duenez. Sindikatuak alegazioak egin dizkie legearen artikulu gehienei.

Poliziaren eragile gehienak bat datoz ideia batean: egungo Polizia Legea «zaharkituta» dago, eta «eguneratu» egin behar da. Hala uste du AJEPLE-EUBE Euskadiko Udaltzainburuen Elkarteak ere. Asier Erkoreka presidenteak nabarmendu du 26 urteren ostean ezinbestekoa dela «gizartean egon diren aldaketetara egokitzea». Besteak beste, iruditzen zaio ezinbestekoa dela lege berriak emakumeen presentzia indartzea, euskara bultzatzea eta udaltzainburuen lana «duin bihurtzea». Erkorekak espero du lege berriak xede horiek bermatuko dituela: «Gu baikor gaude».

Ikusteko dago polizia legeak zer babes izango duen legebiltzarrean, baina poliziaren sindikatu eta elkarte bakoitzak argi du zer-nolako legea nahi duen. «Euskal polizia modernoagoa eta eragingarriagoa» helburu duen lege bat nahiko luke Udaltzainburuen Elkarteak. «Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren beharretara egokitu beharko luke, eta lege eraginkor eta baliagarria izan beharko luke etorkizunean», azaldu du Erkorekak. ELAk ere argi du zerk izan behar duen helburu: «Gizartearen zerbitzura dagoen polizia nahi dugu, zibila, demokratikoa eta giza eskubideak defendatzen dituena».

Batzorde berria

Indarrean dagoen polizia ereduari bultzada emateko zenbait neurri jaso ditu Jaurlaritzak proiektuan, eta horien artean bada berritasunik: horietako bat da Jokabide Egokien batzorde bat sortzea. Organo horren egitekoa izango da Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren baitako jokabideak eta jardunak aztertzea, baldin eta herritarren kexak jasotzen badira eta kexa horiek poliziarenganako «konfiantzari» eragiten badiote. Halaber, poliziaren operatibo batean edo zaintza poliziala egiten den bitartean pertsona bat hiltzen bada edo larriki zauritzen bada, batzordeak ofizioz ikertuko ditu gertaera horiek. Erakunde «iraunkorra» izango da; modu «autonomoan» funtzionatuko du, eta hainbat «adituk» osatuko dute, poliziek barne.

Erne, Esan eta CCOO sindikatuak organismo hori sortzearen aurka azaldu dira alegazioetan. Ernek argi du Cabacas auziaren ondorioz erabaki dela batzorde hori eratzea, eta ez da «fio» haren egitekoaz. Seijok ohartarazi du poliziaren jarduna «eztabaida politikoarekin nahastu» eta gertaerak «manipula» daitezkeela bertan. Haren ustez, «nahikoa» da legebiltzarrak, epaitegiek eta poliziak polizia operatiboen gainean duten kontrola.

ELAri ez zaio gaizki iruditzen batzordea eratzea, baina ez lege proiektuak planteatzen duen moduan. Batzordeko kide guztiak gobernuak aukeratzearen aurka dago sindikatua, eta proposatu du legebiltzarrak eta gizarteak ere aukera izatea ordezkariak aukeratzeko. Alde horretatik, Eizagirrek kritikatu du gizartearen parte hartzea «hutsaren hurrengoa» dela lege egitasmoan.

Polizia ereduarekin lotura zuzena daukate, halaber, kode deontologikoarekin zerikusia duten legearen atalek; horietan ere hainbat aldaketa egitea proposatu dute sindikatuek. Ernek indar berezia jarri du armak erabiltzeari lotutako neurrietan; sindikatua su armen erabileraren defendatzaile sutsua da, eta maiz eskatu du ertzainek aukera izateko lanorduetatik kanpo pistolak erabiltzeko. Lege proiektuaren 34. artikuluak zehazten du su armak erabiltzea «muturreko neurria» izango dela, eta Seijok uste du «atzerapauso nabarmena» dela aldaketa hori. Gainera, ezinbestekotzat jo du udaltzain guztiek pistolak eramatea—legearen arabera tokian tokiko udal gobernuen oniritzia behar dute—.

Udaltzainburuen Elkarteak ere uste du beharrezkoa dela udaltzainek pistolak eramatea. Gainera, Erkorekak kritikatu egin du erabiltzea ukatzen duten kargudun publikoen jarrera, gaiaren inguruan «eztabaida antzua» piztu dela iritzita. Elkarteko buruak galdera bota die udaltzainei suzko armak erabiltzea debekatzen dieten agintariei: «Egoera kritiko batean ez badute tresneriarik beren burua babesteko, nola babestuko dituzte herritarrak?».

Ertzainen %33a, andreak

Gizon-emakumeen berdintasuna bermatzeko neurriak eta lanpostuekin zerikusia duten legearen atalek ere zeresana eman dute. Sindikatuek helegite ugari aurkeztu dizkiete bi alorrei, baina gobernuak gutxi batzuk onartu dizkie. Berdintasuna bermatzeari dagokionez, Jaurlaritzak emakumeen kopurua handitu nahi du, eta proposatu du emakumeak izatea ertzainen %33a gutxienez —egun %12 dira—. ELArentzat, baina, Jaurlaritzak berdintasuna sustatzeko proposatzen duena «itxurak egiteko» da: «Polizia ereduaren inguruko kanpainetan saltzen den irudia ezin da uztartu emakumeen aldeko apustuarekin», dio Eizagirrek.

Lanpostuak izendapen aske bidez betetzeko prozedurek eta lan karrerarekin lotutako neurriek ere ez dute sindikatu askoren oniritzia jaso. Izendapen askeak desagertzeko eskatu du Ernek, bai eta 2011n lan karrerari buruz sindikatuen gehiengoarekin erdietsitako akordioa indarrean sartzeko ere. Gobernuak atzera bota ditu eskaera horiek ere.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna