Ordu aldaketa ezbaian. Ordu eremuaren hautua

Eguzkia eta erlojua ez datoz bat

Udako edo neguko ordutegia hautatzeaz gain, mahai gainean dago GMT ordu eremura aldatzea ere. Armentia astrofisikariak ez du aldaketarik nahi; uste du Euskal Herriarentzat GMT+1 eremua dela onena.

Jon Fernandez -

2018ko urriak 21
Badago beste eztabaida bat, gordeago, udako edo neguko ordutegia aukeratzeko debatearen atzean: eguzkia eta ordulariaren orratzak orduan jartzearena. Izan ere, Euskal Herrian ez datoz bat ordu ofiziala eta eguzkia: kokapen geografikoak eta ordu eremuak ez dute kointziditzen. Edozelan ere, Javier Armentia Iruñeko Planetariumeko zuzendariak ez dio inportantzia askorik ematen horri: «Erlojuak ez digu bizitza konponduko. Bizitza oso desordenatua daukagu, eta hori ez da erlojuaren errua».

Euskal Herria Greenwicheko meridianoaren mendebaldean dago, Londres baino mendebalderago; halere, ez dago Erresuma Batuaren ordu eremuan, GMT (Greenwich Mean Time) eremuan, baizik eta GMT+1 orduarenean.

Bigarren Mundu Gerran bilatu behar da desfasearen arrazoia. 1942an, gerra betean, Alemania naziaren ordulariekin bat egin zuten Francoren Espainiak, naziek okupatutako Frantziak, Erresuma Batuak eta Portugalek. Behin gerra amaituta, jatorrizko ordu eremura bueltatu ziren Londres eta Lisboa (GMTra); ez, ordea, Madril eta Paris. Eta ondorioz, Euskal Herria geografikoki ez dagokion eremuan dago harrezkero: GMT+1 orduarenean neguko ordutegiarekin, eta GTM+2 orduarenean udakoarekin.

Mapa laua eta esfera

Bruselak neguko eta udako ordutegien artean erabakitzeko eskatu duela aprobetxatuta, Josep Borrel Espainiako Atzerri ministroak ez du baztertzen GMT ordu eremura bueltatzea, meridianoen sistema kontuan hartuta egokiago zaionera. Adituen batzorde bat osatu du gobernuak, Espainia Portugalen eta Erresuma Batuaren eremuan jarri ala ez aztertzeko. Madrilek erabakiko balu Europa Mendebaldeko ordu eremura aldatzea eta Frantziak Europa Erdialdeko ordu eremuan jarraituko balu, Euskal Herria bi ordu eremutan zatituko litzateke.

Eztabaida ez da berria. Kontziliazioa errazteko asmoz, Arhoe Espainiako Ordutegiak Arrazionalizatzeko Elkarteak urteak daramatza eskatzen GMT eremura bueltatzeko. Mariano Rajoyren gobernua hasi zen gaia aztertzen 2013an, baina ez zen emaitzarik izan.

Edonola ere, iaz hainbat fisikarik kontrakoa eskatu zuten, ez aldatzeko ordu eremurik, haien iritziz «astakeria» delako horrelako erabakiak hartzea mundua «mapa lau bat» izango balitz bezala, eta ez esfera bat.

Komeni da jakitea zelan funtzionatzen duen ordu eremuen sistemak. 1884az geroztik, Greenwicheko meridianoa da erreferentzia nagusia, Londresko izen bereko auzotik pasatzen den marra imajinarioa.

Meridianoena, berez, sistema arbitrario bat da, artifiziala. Sistemaren zutabea eguerdia da: meridiano latinezko meridies hitzetik dator, eta egunaren erdia esan nahi du.

Hau da, eguzkia hegoan jartzen den unea da eguerdia; momentu horretan erlojuan 12:00ak badira, erritmo berean doaz eguzkia eta erlojuko orratzak. Baina, gaur egun, Euskal Herrian 13:00ak dira eguzkiaren eguerdian.

Hala eta guztiz ere, ordubeteko desfaseak ez du garrantzirik, Armentiaren ustez. Haren iritziz, ordu eremua egokia den ala ez ondorioztatzeko, egunsentia eta ilunabarra dira kontuan hartu beharreko faktoreak, argi-ilun aldaketak dakartzatelako.

Organismoak badaki

Ekinokzioetan —aurten, martxoaren 20an eta irailaren 23an— egunsentiaren eta ilunabarraren mapa bat datoz meridianoekin: Berlinen eguna argitu duenean, oraindik ilun dago Iruñean eta Londresen. Neguko solstizioan —abenduaren 21ean—, berriz, egunak argi ordu gutxien daukan sasoian, lurraren orbitak 23,5 graduko inklinazioa izaten du eguzkiarekiko. Orduan, egunsentiaren marra ez dator bat meridianokoekin, goiko infografian ikus daitekeen bezala. Beraz, neguko egunsentian aldi berean argitzen du Madrilen, Iruñean, Luxenburgon eta Kolonian (Alemania); baina, artean, ilun dago Londresen.

Horrela, Javier Armentia astrofisikariak azaldu du planetaren ardatzaren makurdurari esker gizartea ondo moldatzen dela berez ez dagokion ordu eremuan bizita ere. Bere ustez, arrazoizkoena litzateke ordu bat ezarri eta gehiago ez aldatzea: Euskal Herriarentzat egoki ikusten du GMT+1 ordu eremua, oraingo neguko ordua.

«Ez gara bizi egunsentitik gauera bakarrik. Urtean zehar, dagoeneko, aldatzen ditugu ohiturak egunaren iraupenaren arabera, eta gure organismoak badaki aldaketa horiei erantzuten». Aipatu duenez, gomendagarriena da lotarako zortzi orduak bat etortzea iluntasun orduekin, baina Euskal Herrian udan zortzi ordu baino gutxiago izaten ditu gauak. «Gure ordutegia inoiz ez da bat etorriko eguzkiarekin; beraz, egokia litzateke ahalik eta egoera egonkorrena aukeratzea».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna