Zauria itxi ezinda

Bi hilabeteotan lau alditan eraso diote Yolanda Gonzalezen omenez Madrilgo parke batean dagoen plakari. Gonzalezen senideak «suminduta» daude, eta salaketa bat aurkeztu dute gertaerak argitzeko. 39 urte bete dira gazte deustuarra hil zutenetik, eta «justizia» nahi dute.

Madrilgo Aluche auzoan Yolanda Gonzalezen omenez dagoen plakari svastika bat margotu diote duela gutxi. BERRIA.
Edurne Begiristain.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Minduta gaude».Azken bi hilabeteotan lau alditan eraso diote Yolanda Gonzalezen omenez Madrilgo Aluche auzoan (Espainia) dagoen plakari, eta haren sendia suminduta dago. «Ez dut esango ez genuela espero, baina min egiten digu». Horrela mintzo da Asier Gonzalez Yolanda zenaren neba. 39 bete berri dira Fuerza Nueva talde ultraeskuindarrak Yolanda Gonzalez gazte deustuarra bahitu eta tiroz hil zuela. Harrezkero, familiaren zauria itxi ezinda dago. Ez diete ixten uzten. Azken hilabeteotako erasoek ezinezko egiten baitiete haren memoria bakean gordetzea.

Baina ez daude besoak gurutzatuta geratzeko prest. Suminduta daude, eta erantzunak nahi dituzte. Horregatik, erasoa publikoki salatzeaz gainera, urrats bat gehiago egin dute, eta poliziaren aurrean ere salaketa formala aurkeztu dute. Egileak identifikatu eta erantzukizunak argitu nahi dituzte. Izan ere, «onartezin» iritzi diote agintarien jarrerari, ez baitute ofizioz jardunbiderik abiatu erasoa ikertzeko. «Axolagabe jokatzen ari dira», salatu du Gonzalezek. Sendiak Poliziarenean aurkeztu duen salaketak aipamena egiten die, halaber, plakari egindako erasoaren alde sare sozialetan egin diren aipamen iraingarriei. Horiek ere ikertzeko galdegin du familiak.

Ez da lehen aldia Yolanda Gonzalezen omenez jarritako oroitarriei eraso egiten dietela. Deustuarra ikasle zela bizi izan zen Madrilgo Aluche auzoko parke bati jarri zioten bere izena, 2015ean. La Latinako Udal Batzordeak onartu zuen proposamenari Madrilgo PPko Udal Gobernuak ez zion trabarik jarri, eta «faxismoaren biktima gisa» aitortu zuten.

Gonzalezen memoriaren aurkako erasoak iaz hasi ziren. Madrilgo Udalak kartel bat jarri zuen parke horretan joan den urteko azaroaren 18an, Gonzalezen historia ezagutarazi eta gogorarazteko. Ikur hori bertan jarri zutenetik, lau eraso jasan ditu: margoz estali dute idatzitakoa, svastika bat marraztu diote, ikurra apurtu eta edukiontzi batera bota dute, eta kartela bera lapurtu egin dute.

Zergatik eraso horiek? Nor edo nortzuk daude atzean? Galderak baino ez ditu gazte deustuarraren sendiak. Eta erantzunak bilatu nahi ditu. Eraso egin dutenak nortzuk diren ziurtasun osoz ez dakien arren, erasotzaileen ideologia zein den oso argi dauka Gonzalezen nebak: «Bere garaian faxista batzuek hil zuten Yolanda, eta, gaur egun, oraindik faxistak egon badaude. Ez dira desagertu, tamalez». Eskuin muturreko ideologiak Espainian izan duen loraldiak erasoekin harremana izan dezakeela iritzi dio Gonzalezek: «Azkenaldian dugun giro politikoak eragina izan dezake, eta giro horrek halako taldeen sorrera hauspotu dezake». Salatu duenez, gaur egun «inpunitate osoz» jardun dezakete eskuin muturreko taldeek estatu indarkeriaren biktimen aurka.

Herritarren elkartasuna

Agintariena ez bezala, auzokideen babesa oso gertu sentitu du beti Gonzalezen familiak. Eraso bakoitzari erantzun egin dio Alucheko auzokideen elkarteak, hondatutako plaka konpondu eta bere tokian behin eta berriz paratuta. Horrez gain, urtero omenaldi xume bat egiten diote auzotarrek Yolanda Gonzalez zenari, haren hilketaren urtemugan. Bilbon ere hala egiten du Deustuibarrako auzotar talde batek, urtero. Deustun ere plazatxo bat dago Yolanda Gonzalezen omenez, 2016tik. Urte horretan, Bilboko Udalak Deustuibarrako izen gabeko enparantza txiki bati Yolanda Gonzalez Plazatxoa izena eman zion ofizialki, auzotar talde baten eskaerari erantzunez. Yolandaren familia bizi zen etxe ondoan dago plazatxo hori.

Baina Madrilen ez bezala, Deustun ez diote sekula Gonzalezen omenezko plazari erasorik egin. Ez bederen 2016tik aurrera. 2013an gauzak bestelakoak ziren, ordea. Bilboko Udaleko langileek Yolanda Gonzalezen omenez auzotarrek margotutako horma irudia ezabatu zuten Erriberan. Hori dela eta, Deustuibarra-Zorrotzaurreko zazpi elkartek gutun ireki bat bidali zioten Iñaki Azkuna Bilboko alkate zenari. Ostean, horma irudia berriro margotu zuten. Oraindik ikus daiteke.

«Guk beti nabaritu dugu herritarren babesa eta elkartasuna, ez hainbeste erakundeena», dio Gonzalezen nebak. Yolanda hil zuten egunetik bertatik sentitu dute herritarren berotasun hori. Yolanda militante komunista zen, Partido Socialista de los Trabajadores (PST) alderdikoa, eta hilketa izan zenean alderdiko kideen babes osoa jaso zuen familiak, Gonzalezek oroitu duenez. «Yolanda bezalako pertsonak ziren, borrokalariak, ausartak, ... Nire familiak haien elkartasuna jaso zuen, eta haiek ere bai gurea. Elkarri eman genion babesa».

Bi aldiz biktima

Erakundeen elkartasuna, ostera, ez da izan espero zutena. «Korrontearen aurka borrokatu behar izan dugu justizia eskatzeko», dio Gonzalezek. Sumindura eragiten dio familiari hainbat erakunde eta alderdi politikoren jarrerak, Yolanda «bi aldiz biktima» egiten dutelako. Adibiderik lazgarriena 2013an gertatu zen, jakin zenean Emilio Hellinek—Gonzalez hil zuen Fuerza Nueva talde ultraeskuindarreko kideak— Espainiako Poliziarentzat eta Guardia Zibilarentzat lan egiten zuela. «Izugarria izan zen. Oso kolpe gogorra jaso genuen», gogoratu du.

43 urteko espetxe zigorra jarri zioten Hellini Yolanda Gonzalez hiltzeagatik. 14 urtez egon zen preso, bi zatitan —Paraguaira ihes egin zuen baimena eman ziotenean, eta Interpolek atxilotu eta estraditatu zuenean bete zuen falta zitzaion zatia—. Giltzapetik atera zenean izena aldatu zuen, eta Espainiako segurtasun indarrentzako lan egin zuen. Artean, familiak ez du lortu Espainiako Barne Ministeriotik azalpen argirik, ez eta erantzukizunik argitzea ere. «Ez da ikertu eskatutako guztia, eta Espainiako Gobernuak ez digu bermatu Hellinekin gertatutakoa berriro ez gertatzea». Horregatik guztiagatik, Gonzalezek dio familia askotan sentiarazi dutela «gaizkile, biktima beharrean».

39 urte igaro dira, baina Yolandaren hilketak familian utzitako oinazea ez da oraino desagertu. Penatuta dio Gonzalezek: «Ez dugu lortu zauria ixtea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.