Donostiako metroko obren atal korapilatsu bat

Metroko lanak Zubieta kalean, geldirik. Ekainaren 5ean zulo bat sortu zen soto batean.
Metroko lanak Zubieta kalean, geldirik. Ekainaren 5ean zulo bat sortu zen soto batean. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Lander Muñagorri Garmendia -

2020ko urriak 24

Donostiako metroa egiteko lanen eraginez ekainean soto batean zulo bat agertu zenetik, geldituta daude Kontxa inguruko tunela egiteko lanak. Easo plazatik abiatutako obrek, ordea, aurrera jarraitu zuten, irailean arazoak izan zituzten arte: zati horretan ura eta hondarra aurkitu zituztenez, lanen adjudikazioa bertan behera utzi zuten. Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak azalpenak eman zituen urrian, obrak bisitatzera joan ondoren: esan zuenez, lanetan izandako ezustekoen ondorioz, azterketa geotekniko bereziak egin behar zituzten, eta horrek zera ekarriko zuen: Easo-Mirakontxa arteko zatiaren aurrekontua %50-70 inguru handitzea. Legeak ez du baimentzen kontratazio publikoan halako gainkosturik, eta, horregatik, lanak berriro adjudikatuko dituzte. Lan horien hasierako aurrekontua 53,2 milioi euro zen, eta, beraz, kostua 26 edo 37 milioi euro handiagoa litzateke sailburuak aipatu hazkundea aintzat hartuz gero. EH Bilduk egindako kalkulu batzuen arabera, ordea, 40 edo 50 milioi handituko litzateke hasierako asmoa. Azterketa geoteknikoak garestiak direla esanez arrazoitu zuen gainkostu hori Arriolak. Donostiako metroko lanetan, atal bat gehiago izan zen.

Azken urteetan lerroburu askotarako eman baitu proiektuak. 2009an, Arriolak berak aurkeztu zion proiektua Odon Elorza Donostiako orduko alkateari. Hasieratik, proiektuak honako asmo hau izan du: Euskotreneko linea hartuta Donostia zeharkatu behar duen bidaiari batek ez aldatu behar izatea garraiobidea Easoko geltokian, eta Zarautz (Gipuzkoa) aldetik, zein Hendaiatik (Lapurdi) datozen trenen maiztasuna handitzea. Hori ahalbidetzeko, Donostia zeharkatzeko linea berri bat eraikitzeko proposamena jarri zuen mahai gainean Arriolak duela 11 urte. Kontrako jarrera ugari sortu ditu proiektuak ordutik; gehiegizko azpiegitura dela argudiatu da, eta Donostiak autobus zerbitzu ona duela ere bai. Denbora horretan, gainera, gorabehera politiko ugari izan dira, lanak abiatu ondoren egitasmoa tiraderan sartu baitzuten, ostera berriz bueltan ateratzeko. Kontuak kontu, 2018an zulaketak hasi ziren, eta lanak bide onetik doazela azaldu du Julian Ferraz Eusko Trenbide Sareko zuzendari nagusiaren albokoak: dagoeneko, ibilbide berriko tunelaren %80tik gora zulatuta dago.

Orain arte egindako lanak arazo barik egin dituztela esan du Ferrazek, eta Mirakontxa pasealekutik Easo plazara arteko 400 metroetako bi gunetan soilik izan dituztela arazo jakin batzuk. «Zati hori geoteknikoki konplexua izango zela bagenekien; Donostiako geologiak bere bereizgarriak baititu». Egin ahal izan zituzten zundaketa denak egin zituztela dio, baina horien bidez ezin zela erabateko ziurtasunarekin lan egin.

Kontrako iritzia dauka Satorralaia metroaren aurkako bizilagunen mugimenduko kide Mikel Alvarezek. «Jakina da Donostiako erdigunea eta Amara auzoa itsas mareako lurren gainean eraikita daudela; arazo horren inguruan hainbat salaketa aurkeztu izan ditugu; onartezina da Jaurlaritzak hainbat zundaketa geotekniko egin ondoren halako ustekabeak agertzea». Aurreikus zitekeen zerbait zela uste du berak, eta ez du zentzuzkotzat orain lanen kostua %70etik gora handitzeko aukera.

Egindako zundaketen harira, EH Bilduk esan du ez zirela behar beste egin. Arriolak ziurtatutakoaren arabera, 105 zundaketa egin ziren proiektua garatzeko, baina koalizioak gaiaren inguruan aurkeztutako txosten batean jartzen du horietako gehienak beste lan batzuekin lotutakoak izan zirela. Zazpi besterik ez lirateke proiektuari lotutako ikerketetarako eginda egongo. ETSko iturriek gezurtatu egin dute baieztapen hori, eta sailburuak Eusko Legebiltzarrean azalpenak eman ditu: 35 zundaketa eta hamasei profil geofisiko egin ziren proiekturako. Ferrazek, ildo beretik, azaldu du zundaketak egiteko kanpaina sakona egin zutela, baina etxebizitzak dauden inguruan ezin zituztela azterketak egin, eta horiek gabe ezin zutela jakin ziurtasun osoz zer topatuko zuten.

Harkaitza, baina hauskorra

EH Bilduk aurkeztu duen txostenak Kontxa inguruko beste bi zundaketari ere egiten die erreferentzia. Horien arabera, zulatu ahal izateko «harri osasuntsua» hogei metro sakon legoke, eta harkaitz horien hauskortasuna ere handia litzateke. 2020ko otsailean, bizilagun baten eskaeraz, ETSk argitu zuen tunela harkaitzean egiten ari zirela, eta koalizioak aurkeztutako dokumentuan berretsi egiten da baieztapen hori. Baina zundaketa baten arabera, zalantzan jartzeko erakoa da zulaketaren egokitasuna, harkaitza hauskorra baitzen. Ferrazek dioenez, tunela egitean topatutako pitzadurak ondo kokatuta dauzkate, eta horiek tratatzen ari dira. Porlanaren bidez ari dira indartzen inguru hori.

Koalizioak salatu du, ordea, bertsio kontrajarriak daudela lanen egokitasunaren inguruan. «Ekainaren 5era arte egindako azterketek argi eta garbi ondorioztatu zuten arroka osasuntsua zela, baina, gauetik goizera, orain 400 metro horiek ezegonkorrak dira, zulaketa egiteko metodoa aldatu behar da, eta obra berriro lizitatu behar izango da». Lanen «zentzugabekeria» agerian geratu dela salatu du txostenean EH Bilduk. Aurreikus zitezkeen ezbeharrak diren ala ez, eta behar beste zundaketa egin ziren ala ez, aldeak kontra ageri dira. Tunela zulatzeko lanak geldituta daude, baina lur gaineko lanak aurrera doaz. Arazoak arazo, eta aurreikuspenen arabera, metroa 2024an iritsiko da Donostiara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Gaikako hiztegia | Gazteen esamoldeak

Gazteen esamoldeak

Berria

Aberatsa da euskara, eta baliabide ugari dauzka egunerokoan erabiltzeko. Gazteen esamolde batzuk bildu ditu BERRIAk bideo batean: «hil daukan kopeta!», «hau artobero usaina!»... Ikusi eta erabili.

Eva Ferreira botoa ematen, gaur goian, Bilbon ©aritz loiola / foku

Eva Ferreira izango da EHUko errektorea

Irati Urdalleta Lete

Boto haztatuaren %66,24 lortu du Ferreirak. Parte hartzea lau puntu eta erdi pasa jaitsi da: botoa ematera deituta zeudenen %7,7k eman du.

Arantza Artza esataria eta Felix Zubia medikua saria jasotzen. ©Elhuyar

Euskadi Irratiko 'Osasun Etxea' saioak irabazi du Rikardo Arregi saria

Berria

Arantza Artza esatariak eta Felix Zubia medikuak «zerbitzu publiko eredugarria» eskaini dutela nabarmendu du epai-mahaiak. CodeSyntax enpresari eman diote Komunikazio Saria 'Egunean Behin' galdera lehiaketarengatik.

Osasun Sailarekin egindako bileratik alde egin dute sindikatuek

Osasun Sailarekin egindako bileratik alde egin dute sindikatuek

Berria

Edukietan guztiz «hutsala» den proposamen bat jaso dutela salatu dute langileen ordezkariek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.