Sute gehiago piztu dira, eta haizea arazo handia izan da

Berango, Larrondo eta Peñas Negrasen piztu dira Bizkaian; Eneritzen Nafarroan. Beroak eta haizeak hedatu dute sua. Tenperatura jaitsi egingo da asteburuan

Suhiltzaile bat atzo, amatatze lanetan, Bizkaian. ARITZ LOIOLA / FOKU.
iraia vieira gil
Berango
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Hiru sute piztu ziren atzo goizaldean Berangon, Larrondon eta Peñas Negrasen, Bizkaian. 04:00etan piztu zen lehenengoa, Zugaztietan; geroago piztu zen Larrondokoa, eta Berangokoa izan zen azkena. Hori izan zen kontrolatzeko zailena ere. Carlos Uriagereka Bizkaiko Foru Aldundiko Baso Zerbitzuko buruak azaldu duenez, azken egunetakotenperatura beroek eta haizeteek eragin gaiztoa izan dute: «Aski zaildu dute suteen egoera».

Kalte material eta pertsonalik egon ez bada ere, zortzi familia irtenarazi behar izan zituzten atzo etxetik. Arratsalderako itzuliak ziren, Ricardo Ituarte Larrialdi eta Meteorologia Zerbitzuen zuzendariaren arabera. Kiskalitako lurrei dagokienez, galerakez dira beste sute batzuetakoak bezain handiak izan. Uriagerekak eman dituen datuak kontuan hartuz, hogeita hamar hektarea inguru erre dira Berango eta Peñas Negrasen, eta mila metro koadro inguru Larrondon.Txorierriko errepideetara eta Loiuko aireportura iritsiko zen kezka bazegoen, baina ez zen hala izan.

Suak amatatzeko, askotariko baliabideak erabili behar izan zituzten. Sei ur kamioi bidali behar izan zituzten Peñas Negrasera, eta FOCA Trantsizio Ekologikoko Ministerioko hegazkinek milaka litro ur bota behar izan zituzten Berangoko basoetan.

16:00 aldera lortu zuten azken sute hori kontrolpean izatea. Hurrengo orduak, Ituartek ohartarazi duenez, «kritikoak» izango dira.

Haizea eta sua

Hogeita lau ordu itxaron beharko dituzte inguruko biztanleek beren herrietako suteak guztiz kontrolatuak dauden jakiteko. Ituarte: «Euskalmetek bidali dizkigun datuen arabera, enbata izateko arriskua dago bihar arratsaldean. Egia bada, sute arriskurako alerta horia eta laranja indargabetu egingo ditugu».

Tenperaturaren jaitsierak, bestalde, giroa freskatuko du, eta, beraz, suteak kontrolatzea erraztu. Hala ere, Ituartek «pazientzia» eskatu du. «Haizea egoteak suteak berpizteko arriskua handia dela esan nahi du beti». Azken asteetako beroek handitu egin dute suteak pizteko arriskua. Joan den asteburuan Balmasedan ere izan zuten sute bat, urteotako handienetakoa: 500 hektarea erre zituen.

Nafarroan ere sutea piztu zen 18:35ean, Eneritz eta Muruzabal herrien artean dagoen pinudian. Itzaltze lanak han ere zaildu zituen haizeak, baina arratsaldeko azken orduan moteldu egin ziren boladak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.