Herri galdeketak. Tolosaldea. Kike Amonarriz. Soziolinguista

«Aktibazio soziala eta adostasuna ezinbesteko dira aurrera egiteko»

«Auzolan politikoa garatzeko esparru zabala» eratu du Gure Esku Dago dinamikak, Amonarrizen hitzetan. Aurrera jotzeko baldintzak sortzeko momentua dela dio: «Ziklo bat itxi da, eta beste bat zabaldu nahi da».

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2017ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Sorreratik izan du harremana Kike Amonarriz soziolinguistak (Tolosa, Gipuzkoa, 1961) Gure Esku Dago-rekin. Hainbat arlotan jardun du lanean, euskarari lotuta beti, eta komunikazioan aritua ere bada. Betaurreko horiekin begiratu dio erabakitzeko eskubidea gauzatzeko gaurko herri galdeketak sustatu dituen dinamikari.

Gure Esku Dago-k egin du ia lau urteko prozesu bat. Nola ikusi duzu mugimendua?

Niretzat sorpresa izan da nola indartu eta hedatu den. Hasieran, ez neukan argi, baina iruditzen zait Euskal Herriko joko zelai politikoan protagonismo eta zentralitate handia lortu duela, eta interesgarria eta pozgarria da hori.

Berrikuntza batzuk ekarri ditu. Zer nabarmenduko zenuke zuk?

Batetik, auzolan politikoa garatzeko esparru zabal eta irekia sortu duela, eta, bestetik, erabakitzeko eskubidearen gaia eztabaida politikoaren erdigunera ekartzea lortu duela. Gainera, lankidetza parametroetan oinarrituta, ez gurean ohikoa den konfrontazioan.

Leku bakoitzean modu batera joan da garatuz. Zeuk nola hartu duzu parte dinamikan?

Hasieratik izan dut harreman iraunkorra taldearekin, eta bilera batzuetan ere parte hartu dut. Ezagutzen dudanagatik, beste herri eta eskualdeen antzekoa izan da garapena. Batzuetan, indartsuago dago, besteetan ez hainbeste, baina, orokorrean, esango nuke hemen ere talde dinamiko eta zabalak sortu direla.

Tolosaldeko taldean ikusitakotik, zer aipatuko zenuke?

Jende berri asko ikusi dut, eta, Tolosaldean behintzat, jende gaztea da. Badago hor berrikuntza bat: taldeak jakin du aktibatzen belaunaldi gazte bat. Uste dut auzolanaren filosofian txertatutako taldea dela, eta, alde horretatik, bada ekarpen bat politika egiteko eta dinamika sozialak garatzeko moduetan. Oro har, iruditzen zait giro baikorra dagoela, irekia, eta, gainera, giro euskaltzalea. Beharbada, horrelako dinamiketan askotan egon dira tentsio politiko gehiago, gatozen garaietatik gatozelako, eta niretzat berrikuntza izan da hori: zer modu naturalean sortu den parametro horietan.

Tolosaldean badaude herri batzuk; asko, txikiak. Horietara ere sendo iritsi da dinamika?

Eskualde osora iritsi da, eta hori ere interesgarria da, beste mugimendu batzuetan hori gehixeago kostatu izan baita. Tolosak duen zentraltasuna herri txikietako dinamikekin uztartzea, esaterako, euskararen dinamikari dagokionez, askoz gehiago kostatu da. Orain ari da hori ere mugitzen.

Esan duzu politika egiteko moduetan ekarri duela berrikuntza bat. Komunikazio arlotik begiratuta, hizkerak ere badu garrantzia horretan, ezta?

Hori ere ikasi dugu pittin bat herri honetan. Moduak eta dinamikak aldatzen direnean, horiek hiztegi berriak behar dituzte. Biak lotuta daude: ezin da hiztegia aldatu ez badira jarduteko erak aldatzen. Badago aldaketa bat: erabakitzeko eskubidea bera, kontzeptu bezala, berria da, eta ikuspegi zabalago eta inklusiboagoa du. Fase politiko-sozial honetarako oso kontzeptu egokia iruditzen zait. Denok nahi genuke esparru zabalagoetara iristea, baina tira; egoera politikoa den bezalakoa da, eta horiek eta bestelako mugak ikusita, lortu dena handia da.

Zein muga dira horiek?

Gizartean badago gogo bat, baina, giro politiko orokorraren eraginez, esango nuke berotasun hori nahiko apala dela. Errail politikoan, ez da ikusten erabakitzeko eskubidearen alde dauden alderdien arteko bide orri komun bat epe ertainera begira. Hori ikusten ez den neurrian, gizarteak esaten du: «Hau egingo dugu, bai, baina bide honen eraginkortasuna norainokoa da?». Aitzitik, iruditzen zait, justu horregatik, Gure Esku Dago-k une honetan eskaintzen duena berebizikoa dela, horren bidez lortu ahal izango delako konplizitate sozial batzuk lantzea, gero horiek alderdietara ere irits daitezen, alderdietan ere eragin dezaten.

Fase politiko berri batean gaude. Euskalgintzan ere ari da hitz egiten fase aldaketaz. Lot litezke biak?

Euskalgintza eta erabakitze eskubidearen aldeko dinamika errealitate soziopolitiko berean ari dira lanean. Esparru diferenteak dira, baina egia da badirela oinarri komunak. ETAren jarduera armatuaren amaiera, aktore politikoen mapa aldatu izana, globalizazioa, krisi ekonomikoa, migrazio berriak... Horiek denetan eragiten dute, uste dugun baino era sakonagoan. Bada beste puntu bat ere: 1980 inguruan erakundetze politiko berria sortu zenetik, bizitza ziklo bat osatu da.

Zein zentzutan diozu hori?

Garai hartan sortu ziren erakunde berri asko, maila politikoan, administratiboan, sozialean... Erakunde haietan lanean hasitako belaunaldi hori erretiratzen ari da, eta horrek maila politikoan eta euskalgintzan behartzen gaitu egoera berri horretatik begiratzera orain daukaguna. Segur aski, egokitzapen asko egin behar dira. Euskalgintzan, uste dut egokitu behar dela gaur egun daukagun azpiegitura, antolaketa, dinamika, egiteko modua egoera soziolinguistiko berri honetara. Eta iruditzen zait Gure Esku Dago-ren aldarrikapena ere bat datorrela egoera berri batera jauzi bat eman nahi izatearekin. Gero, esparru bakoitzak baditu bere ñabardurak eta baldintzak.

Egoera horretan, zein izan litezke aurrera jotzeko gakoak?

Euskalgintzatik eta Gure Esku Dago-tik ikusi dudanari begiratuta, badago hausnarketa antzeko samar bat: urrats kuantitatibo eta kualitatiboak egin ahal izateko, ezinbestekoa da aktibazio sozial inportante bat, eta oinarrizko adostasun politiko-sozial zabal bat. Horiek izango dira baldintza aurrera egiteko. Esan genezake EAEn eta Nafarroako iparraldean behintzat, nabarmen, masiboki D ereduan ikasi eta euskaraz egiteko gai den lehen belaunaldia ari zaigula kalera ateratzen, familiak osatzen, lan munduan integratzen. Edo baldintzak ematen zaizkie euskaraz bizi ahal izateko, edo ez baldin badira momentu honetan baldintza horiek sortzen, arriskua dago hurrengo belaunaldiak atzera egin dezan. Iruditzen zait erabakitzeko eskubidearekin ere antzeko zerbait gertatu dela. Gizartearen gehiengoak inoiz ez du erabaki ahal izan estatus politikoaz. Ziklo bat itxi da, eta beste bat zabaldu nahi da. Gero eta garbiago ikusten da, dinamika sozialak eta alderdiak, ezinbesteko direla biak, eta elkarrekiko lankidetza eta errespetua zenbat eta handiagoa izan, segur aski onurak ere handiagoak direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.