Albistea entzun

Jaume Alonso-Cuevillas

«Zaila izango da Estrasburgok zigorrak bertan behera ez uztea»

Alonso-Cuevillasek uste du Espainiako Auzitegi Gorenean hastear den epaiketarako prozesuan «eskubideen zerrenda luze» bat urratu dela. Defentsarako eskubidea da nabarmendu duen lehenengoa.

FOCKE STRANGMANN / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Ralf Streck -

2019ko otsailak 12

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetuaren abokatua da Jaume Alonso-Cuevillas (Bartzelona, 1961), eta defentsaren koordinatzailea da gainerako buruzagi independentisten aurka Espainiako Auzitegi Gorenean hastear den epaiketan.

Auzitegi Gorenak defentsaren 50 lekuko inguru baztertu ditu; horien artean, Puigdemont. Gainera, froga gehiago baztertu dituzte. Zein da horien garrantzia?

Epaiketa penal batean, zigor hain larriak eskatzen ari direnean, eta kontuan hartuta Espainiako Konstituzioak oinarrizko eskubidetzat hartzen duela frogarako eskubidea, ahalik eta malguena izan behar da defentsaren frogak onartzen. Puigdemonten eta Marta Roviraren deklarazioak ukatzeari dagokionez, ematen duten argudioa da inputatuak daudenez eskubidea dutela egia ez esateko edo isilik egoteko. Hori kontraesan bat da, Auzitegi Gorenak ebazpenean bertan onartzen duelako beste kausa batean dauden pertsonek lekukotza ematea. Parlamentuko mahaiko kide batzuk Gorenak berak inputatu zituen, baina, abenduan, Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusira bidali zituen, eta Trapero maiorra eta Barne Kontseilaritzako kupulako beste kide batzuk Auzitegi Nazionalean inputatuta daude.

Zuzenbideko nazioarteko adituren batzuekin egiazta daiteke eskubideak urratzen ari diren?

Tira, haiek [Goreneko epaileek] beren burua dute Zuzenbideko aditu nagusitzat; beraz, uste dute inor ezin zaiela etorri lezioak ematera. Hori da guk autarkia judizial espainiarra esan izan diogunaren adibide bat. Haiei ezin die inork leziorik eman, baina Gorenak zalantzan jarri zuen Schleswig-Holsteingo auzitegiaren erabakia [Puigdemont ez Espainiaratzekoa], oker egiten ari zela esanez, baita Belgikak euroagindua baztertu zuenean ere forma akats bategatik. Joan Queralt juristak esaten du Gorenak gehiago sinisten duela goren dela auzitegi baino.

Ba al daude irregulartasun larri gehiago instrukzioan?

Bai, baina uste dut ez dugula denborarik denak azaltzeko. Baten bat esatearren, epearena. Europako Giza Eskubideen Hitzarmenaren 6B artikuluan ezartzen da defentsa prestatzeko beharrezko denbora eta erraztasunak eman behar direla. Eta hemen ikusi dugu ordenagailuak kendu dizkietela, eta Romevari errotuladore fluoreszente bat ere kendu diotela horia zelako, horiaren aurka hartu duten fobia barregarri horregatik. Oroitarazi nahi dut 6B artikulua jada urratu zutela azaroaren 1ean kereilarako zitazioa soilik 24 ordu lehenago jakinarazi zigutenean. Kereila osorik irakurtzeko denborarik gabe iritsi ginen Madrilera.

Ez al da deigarria Puigdemont ez agertzea akusazioan, matxinadaren ustezko liderra izanda?

Bai, noski. Atxilotzeko eta entregatzeko Europako agindua eskatu zutenean, Alemaniak uko egin zion matxinadarengatik onartzeari. Guk uste genuen Alemanian gertatu zenak oinarria ematen zigula Auzitegi Konstituzionalera jotzeko bidezko epaiketa bat izateko eskubideaz eztabaidatzeko. Kontua da Llarena epaileak euroagindua erretiratu zuela. Hori da lehenengo anomalia: zuk norbaiti jazartzen badiozu, baldin badakizu non dagoen, euroagindu bat aktibatzen baduzu eta entregatzen badizute, nahiz eta ez izan zuk nahi duzun delitu horregatik, Europako estatus judizialaren barnean arauak berberak dira denontzat, ez du balio «ba ez, nik ez dut nahi honengatik». Eta, hortik aurrera, dena behera etorri zitzaien. Matxinadaren kontakizuna mantentzeko duten modu bakarra Puigdemont desagerraraztea da. Ez du inongo zentzurik.

Eman al dute froga berririk matxinada akusazioari eusteko?

Ez. Epaiketa normal bat balitz, kereila hori edozein abokatuk jarriko luke, eta ez litzateke tramiterako onartu ere egingo. Baina fiskal nagusiak jarri zuen kereila tramiterako onartu zuten, auzipetze-auto bihurtu zen, auzipetze-autoa Gorenaren bigarren salak onartu zuen apelazioan, gero akusazio idazki bihurtu zen, eta orain badirudi epaiaren zirriborra dela. Baina oso nabarmena da ez dela aditu juridikoa izan behar ikusteko ez dela egon ez indarkeriarik, ez matxinadarik. Aurrez prestatutako plan bat izan zen, 2012an hasi eta 2017an bukatu zena. Hori ez da matxinada bat, matxinada bat egun jakin batean, ordu jakin batean gertatzen da.

Epaia idatzita dagoela uste duzu?

Ez, idatzita ez. Uste dut akusazioa dela txostenaren oinarria. Salako presidenteak hiru kezka ditu: lehenengoa, epaiketan berme guztiak errespetatu diren itxura ematea, badakielako mundu osoa egonen dela begira, eta defentsari ez diolako eman nahi inolako motiborik gero nazioarteko erakundeetara jotzeko; bigarrena, epaiketa lehenbailehen bukatzea hauteskundeen kanpainarekin batera bukatzea eragozteko; eta, hirugarrena, epaia aho batez hartua izatea. Eta aho batezkoa izateko, salako kideekin hitzartu beharko du. Salako kideen artetik bi progresistagoak dira, eta zailtasunen bat eduki lezake. Horrek behartuko du planteamendu batzuk malgutzera. Baina ez dut kristalezko bolarik guztia iragartzeko. Nire 35 urteko esperientzia dut, baina orain esaten dut lehenengo 34ek ez dutela balio, jokoaren arau guztiak aldatu baitira epaiketa honetarako.

Estrasburgoko auzitegiaren aldetik zerbait espero daiteke, kontuan hartuta Turkiari eskatu ziola Selahattin Demirtas lider kurdua askatzeko?

Estrasburgora jotzeko, Espainiako bidea agortu behar dugu, eta Espainian eta Europan dagoen arazo larri bat da ez dagoela araurik herrialdeen azken instantziari epe zehatz bat jartzen dionik. Hortaz, Auzitegi Konstituzionalak erabakia atzeratu egingo du presoak behin-behineko espetxealditik espetxealdi irmora igaro arte, eta helegiteak arrazoia galduko du orduan. Interesa duenean, Konstituzionala azkar mugitzen da; Puigdemonten inbestidura eragozteko, larunbat batean elkartu zen, eta egun berean eman zuen ebazpena, helegitea ostiralean jarria zela. Baina interesik ez duenean, hiru,lau edo bost urte iraun dezake. Eta nabarmentzeko moduko beste datu bat da, Konstituzionalak argitaratu duen azken memorian agertzen denez, tramiterako onartu dituen babes helegiteen kopurua %1,27 da, baina guk planteatu ditugun 21etik 21 onartu dizkigu, Estrasburgora jotzeko epea atzeratzeko.

Zigorrak badaude, Estrasburgoraino iritsiko dira. Uste duzu bertan behera utziko dituela, Arnaldo Otegiren eta Bateragune auzia-ren kasuetan bezala?

Zuzenbidean ez da existitzen %100eko aukera, baina kasu honetan eskubide urraketen zerrenda hain da luzea, ezen zaila izango baita Estrasburgok zigorrak bertan behera ez uztea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Leherketa gertatu den lekua, Batan (Ekuatore Ginea). ©Berria

Hainbat leherketak gutxienez 17 hildako eta 420 zauritu eragin dituzte Ekuatore Ginean

Berria

Batan gertatu da ezbeharra, biztanle gehien dituen Ekuatore Gineako hirian. Herrialdeko hedabideen arabera, kuartel militar batean «bolbora ontzi bilakatutako edukiontzi bat gehiegi berotu da, inguruan belarrak erretzen ari zirela eta».

Carles Puigdemont Kataluniako presidentea suplikatorioaren auziari buruko azalpenak ematen, iragan otsailaren 24an, Europako Parlamentuan. ©OLIVIER HOSLET / EFE

Puigdemont: «Belgikan geratuko naiz»

Julen Aperribai

Europako Parlamentuak etziko osoko bilkuran immunitatea kentzearen alde bozkatuko balu ere, azken erabakia Belgikako Justiziak hartu beharko lukeela azaldu du, Die Presse egunkariari emandako elkarrizketa batean. Suplikatorioaren auzia Europako Justizia Auzitegiraino eramateko prest daudela dio.

George Floyden anaia Terrence Floyd, New Yorken bere anaia omentzeko asmoz egindako ekitaldi batean. ©JUSTIN LANE / EFE

Floydi lepoa estutu zion poliziaren aurkako epaiketa hasiko dute bihar

Julen Aperribai

Bigarren graduko erailketa eta giza hilketa egozten dizkio fiskaltzak. Oihartzun mediatiko handia eragin du epaiketak, eta segurtasun neurriak gogortu dituzte Minnesotan, protesten beldurrez

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna