Goi tentsioa Araban

Forestalia enpresak goi tentsioko hiru linea eraiki nahi ditu Araban. Linea luzeena 220 kilometro luze izango litzateke, eta guztira 184 dorre eraikiko lituzkete lurralde osoan.

JON URBE / @FOKU.
unai etxenausia
2021eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Forestalia enpresa pribatuak Arabako hiru puntu zeharkatuko dituzten goi tentsioko hiru linea berri eraiki nahi ditu. Energia berriztagarria produzitzeaz arduratzen da, eta, linea horiei dagokienez, lortu nahi duena da Zaragozan (Espainia) hastea eta Gasteizko Arzubiagako eta Jundizeko azpiestazioekin konektatzea. Hiru proiektuen artean, Tara y Umiko izena duen linea da proposatutako luzeena; guztira, enpresak espero du 220 kilometro luze izatea. Kyoko bigarren linea, berriz, 178 kilometro luze izango litzateke, eta Providentia, hiru kilometro luze. Energia hori guztia Forestaliaren esku dauden parke eoliko eta fotovoltaikoetatik garraiatu nahi dute, eta, horretarako, goi tentsioko 184 dorre eraiki nahi dituzte Araban. Horietako altuenek, gainera, 72 metro izango dituzte.

Alberto Frias Lurra sareko bozeramailea da, eta linea horiez hitz egin du. Jakinarazi du linea horiek ebakuazio linea gisa izapidetu dituztela, baina ez lukeela horrela izan beharko, izatez energia garraiatzeko lineak liratekeelako. Izan ere, eraiki nahi dituzten lineetako bakoitzak garraiatzen duen megawatt karga energia hartzen duen parke berriztagarriek produzitzen dutena baino bost aldiz handiagoa da. «Sekulako lege iruzurra da; proiektuak baimenduz gero, enpresa pribatuei energia garraiatzeko aukera ematen zaie», adierazi du Friasek. Izan ere, nabarmendu du distantzia eta megawatt karga kontuan hartuta energia garraiatzeko lineak izan beharko liratekeela, eta, ondorioz, Espainiako Sare Elektrikoa enpresa publikoak kudeatu beharko lituzkeela.

Era berean, Arabako Foru Aldundiak ere proiektuaren aurka egin du. Horko iturriek BERRIAri adierazi diotenez, «akats bat» da energia «hain urrutitik» ekartzea. Haien arabera, energia «ahalik eta gertuen sortzea da logikoena».

Hala ere, iritziak iritzi, enpresak Arabako ia eskualde gehienetan eraiki nahi ditu dorreak. Esate baterako, Arabako Lautadan, 42 kilometroko distantzian, 92 dorre eraiki nahi ditu. Inguru horietako udaletako asko, ordea, ez daude ados, eta hainbatek alegazioak aurkeztu dizkiote Espainiako Gobernuari. Aguraingo Udaleko ordezkariek, adibidez, aho batez onartu dute Kyoko linearen aurkako ebazpena. Raul Lopez de Uralde EH Bilduko zinegotzia da bertan, eta adierazi du nahieran dabiltzala lurraldean: «Azkenaldian, laborategi bat balitz bezala erabiltzen ari dira Araba. Eolikoak lehenik, eta, orain, hau». Haren ustez, «zentzugabekeria» da kilometro horiek guztiak egitea, eta ohartarazi du litekeena dela Araban «inpaktu larria» izatea.

Friasek ere ingurunea izan du gogoan, eta esan du goi tentsioko lineak eraikitzen badira eragina izango dutela Arabako natura ondarean: «Arabako biosferan eta bio-faunan izango duen eragina oso larria izango da. Arrisku kritikoan dauden hegazti askoren mehatxua handituko litzateke». Are, Lopez de Uraldek gehitu du dagoeneko autobiak zatitzen duela Arabako Lautada, eta goi tentsioko linea horrek «beste zatiketa bat» ekarriko lukeela.

Horrez gain, aldundia ere «txosten bat prestatzen» ari da goi tentsioko lineek lurraldeko natur ondarean nola eragingo luketen zehazteko.

Krisia zelatan

Friasek gogoan izan du linea horiek garraiatuko duen energiaren menpe nor dagoen ere, eta baita albo kalteak nork jasango dituen ere. Besteak beste, adierazi du etxebizitzen espekulazioak eta prezioen inflazioak eragin zutela 2008an hasi zen krisi ekonomikoa, eta, hain zuzen, egungo elektrizitatearen fakturaren garestitzea gertaera horrekin erlazionatu du: «2008an bizi izan genuenaren antza dauka honek guztiak. Etxebizitzarekin gertatu zen bezala, uste dut krisi bat datorrela; oraingoan, energetikoa». Haren arabera, faktura ordaintzen dutenek «sufrituko dute krisia», eta ez «energiaren kontura aberasten direnek». Beraz, uste du energia ezin daitekeela egon GIC Singapur edo CIP Copenhagen bezalako «funts putreek finantzatzen duten» enpresa baten menpe. Are, Lopez de Uraldek ere erantsi du energia berriztagarriekin zerikusia daukaten proiektu guztiek «atzetik interes ekonomiko garbia» daukatela.

Friasek iritzi dio beste produkzio eta garraio eredu batzuk sustatu behar direla, orain artekoak albo batera utziz: «Kontrol publikoaren esku egon behar du energiak. Euskal Herriko ehun produktiboa ezin da Ibedrolaren eta BBVAren esku egon, eta pandemia osteko diru publikoa ezin daiteke funts putreetara bideratu». Baina ez hori bakarrik. Baieztatu du proiektuak aurkeztu zituztenean Forestaliak ez zuela «zehaztu» norentzat izango zen ebakuatutako energia guztia.

Egoera horri erantzun bat emateko, Lopez de Uraldek ere proposamen bat egin du, eta azaldu du «premiazkoa» dela Lurralde Plan Sektoriala «lehenbailehen» abian jartzea: «Beharrezkoa da subiranotasun energetikoa izatea; horrela, guk gurea kudeatuko dugu, eta ez gara inoren menpe egongo». Gainera, nabarmendu duenez, energia nola produzitu erabakitzeaz gain, «eraginkortasun energetikoa oso garrantzitsua» da, eta bat egin du Friasek ere, proiektuen aurka egiteko «elkarlana» beharrezkoa dela gaineratzearekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.