Errusiako Iraultza. SESBren ibilbidea

Utopia bat, errealitateak zapuztua

Zazpi hamarkadako ibilbidea izan zuen Sobiet Batasunak eta bere komunismoak. Denbora horretan munduko ezkerraren erreferente bat izan arren, ezarritako sistemak izan zituen aurkariak ere ezkertiar askoren artean.

Josiv Stalin, Sobiet Batasunean urte gehien agindu zuen buruzagia.
Josiv Stalin, Sobiet Batasunean urte gehien agindu zuen buruzagia. ZURAB KURTSIKIDZE / EFE

Iñaki Petxarroman -

2017ko azaroak 5

Sobiet Batasunean gauzatu ziren teoria marxistaren ideiak praktika politikoan. 1917ko urriko iraultzaren ostean, munduko potentzia nagusietako bat jaio zen, utopia bat errealitate bihurtzeko asmoz. XX. mendeko geopolitika baldintzatu zuen Sobiet Batasunak, eta kapitalismoaren alternatiba nagusia izan zen, 1991n desagertu zen arte. Hona bere mugarri nagusien laburpen bat:

GERRA ZIBILA ETA IRAULTZAREN GARAIPENA

 


Urriko Iraultzaren ostean, gerra zibila hasi zen Sobiet Batasunean. Armada Zuria osatu zuten Tsarren armadako kideek eta beste sektore batzuek —mentxebike batzuek, sozialista moderatuek, sozialiraultzaileek— eta nazioarteko potentzien laguntza eta babesa izan zuten Armada Gorriari aurre egiteko. Alabaina, herriaren babesari eta Leon Trotskiren gidaritza militarraren eraginkortasunari esker, Armada Gorriak garaitu zituen 1920an, eta sobietar iraultza finkatzea lortu zuen.

Nolanahi ere, hiru gerrek —I. Mundu Gerrak, gerra zibilak eta Poloniaren aurka hainbat lurralderen kontrolarengatik egindakoak— kinka larrian utzi zuten Sobiet Batasuna eta Vladimir Ilitx Ulianov Lenin buruzagi boltxebikeak NEP (Politika Ekonomiko Berria) jarri zuen indarrean. Hain zuzen ere, estatu kapitalismoa zen ekonomia berriaren errezetari eta sektore pribatuari ate bat irekitzen zien. Funtsean, nekazariei euren ekoizpenaren gaineko kontrola eskaintzen zien, estatuari ekoitzitakoaren zati bat emateko baldintzarekin, eta, aldi berean, enpresa txiki batzuk egotea baimendu zuen Leninek. Sektore estrategikoak, industria astuna, bankuak eta kanpoko merkataritza estatuaren esku geratu ziren. Irekitze ekonomiko horrek suspertu egin zuen herrialdearen ekonomia eta azpiegituren eta industriaren garapen sendo baterako oinarria jarri zuen.

 

LENINEN HERIOTZA ETA STALINEN AGERPENA

 


1922an eratu zen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna (SESB), Errusia, Bielorrusia, Georgia, Azerbaijan eta Armenia kide zituela. Bi urte geroago bat egin zuten harekin Uzbekistan, Turkmenistan eta Kirgistanek eta 1929an, berriz, Tadzikistanek. Hiriburua Moskun ezarri zuten, eta alderdi bakarreko —SBAK— erregimen sozialista bat zuen oinarri.

Lenin 1924an hil zen, eta hutsik utzi zuen alderdi komunistaren lidergoa. Batzorde zentralaren ardura bere gain hartzeko borroka gogorra hasi zen orduan Leon Trotskiren eta Josiv Stalinen artean. Funtsean, Trotskik zuen Leninen babesa, eta sistema ez horren zurrun baten aldekoa zen, non korronte politiko ezberdinen ahotsa entzun ahal izango zen. Stalin ez bezala, komunismoa nazioarte osora zabaltzearen aldekoa zen Trotski. Stalinek, berriz, Sobiet Batasunean finkatu nahi zuen iraultza, eta nazioarteko sare komunista horren interesen alde jarri. Ezustean Stalinek hartu zuen alderdi komunistaren ardura, Grigori Zinoiev eta Lev Kamenevekin batera. Hain justu ere, Troika izeneko aginte kolegiatua osatu zuten hirurek.

Pixkanaka iraultzaren buruzagiak baztertzen hasi zen Stalin, eta boterearen kontrol osoa bereganatzen. Trotski 1925ean bota zuen SBAKetik, eta 1927an deserriratu zuten. Ordutik, handituz joan zen haren aurkako jazarpena, eta herrialde ezberdinetan ibili ostean (Turkian eta Norvegian, besteak beste) Mexikora erbesteratu zen Armada Gorriaren buru ohia. Han Ramon Mercader komunista katalanak hil zuen, Stalinen aginduz, 1940. urtean.

 

STALINEN PURGAK

 


Josiv Stalin gero eta erregimen itxi eta totalitarioagoa eratuz joan zen urteen poderioz. Bere figuraren gurtzea bultzatu zuen, eta neurri errepresibo gogorrak jarri zituen martxan gero eta sektore politiko gehiagoren aurka. Zentralismo burokratikoa jarri zuen indarrean, non milaka lagun bihurtu zituen elite sumiso bat bere irizpideekiko. Haren jazarpena eta purgak gizartearen eremu askotan nozitu zituzten, eta, besteak beste, iraultza egin zuten sona handiko buruzagiek pairatu zuten haren jazarpena. Lavrenti Beria izan zuen bere eskuin eskua, eta milaka atxiloketa, galdeketa, epaiketa eta exekuzio agindu zituen boterean izan zen bitartean. Besteak beste, bere troikakide izan zituen Zinoiev eta Kamenev ere hil zituen Stalinek.

Buruzagi nagusiaren garbiketaren ondorioak pairatu zituzten milioika lagunek, eta haietako asko Siberiara bidali zituzten, kontzentrazio esparruetara eta lan behartuetan aritzera. Stalinen figura autoritarioaren eta haren politika itxiaren deskripzio grafikoenetako bat egin zuen George Orwell idazle ingelesak, Abereen Etxaldea eta 1984 eleberri klasikoetan. Orwelli asko eragin zion Stalinen politikak Kataluniako 1936ko gerran izan zuen eraginak, besteak beste, han ere aplikatu zituelako arerio politikoaren aurkako jazarpena.

 

II. MUNDU GERRA ETA KOMUNISMOAREN HEDAPENA

 


I. Mundu Gerrak eragindako zauriak eta mugimendu totalitarioen hazkundeak gerrara eraman zuten Europa berriro 1939an. Adolf Hitler Alemaniako buruzagi naziaren asmo espantsionistak lehen biktima eragin zuen Polonian, 1939ko inbasioarekin. Une horretan sartu ziren gerran Erresuma Batua eta Frantzia Hitlerren aurka. Stalinek urte berean sinatu zuen buruzagi naziarekin elkarri ez erasotzeko ituna. Denbora irabazteko modu bat zen bi buruzagientzat, bien arteko talka saihetsezina zela jakitun.

1941eko ekainean, Sobiet Batasunaren inbasioari ekin zion Hitlerrek. Uda aprobetxatu nahi zuen herrialde komunista bere gain hartzeko eta Kiev, Leningrado (San Petersburgo) eta Mosku inguratzea lortu zuten tropa alemanek erasoa hasi eta aste gutxira. Armada Gorriak Ural mendilerroaren ekialdera jo zuen, neguari itxarotera. Orduan ekin zion kontraerasoari. Mendebalderako erasoak Berlingo ateetaraino eraman zuen Armada Gorria, eta 1945eko maiatzean Hitlerrek amore eman behar izan zuen. Sobiet Batasunak milioika biktima izan zituen gatazka militar handian. Gerra ondoko itunetan, Europa ekialdea Sobiet Batasunaren eraginaren menpe geratu zen, eta Berlingo Harresiak ezarri zuen luzerako sistema kapitalistaren eta komunistaren arteko bereizketa muga.

 

GERRA HOTZA

 


1953an Josiv Stalin hil zenean desestalinizatze prozesuari ekin zion Sobiet Batasunak, Nikita Krustxeven eskutik. Beria fusilatuta hartu zuen agintari berriak herrialde komunistaren agintea eta Gerra Hotzaren —Krustxeven hitzetan esateko, elkarbizitza baketsua— aroa jarri zuen martxan. Elkarbizita baketsuak, ordea, SESBren eta AEBen elkarren mehatxuaren beldur neurtu bat zuen oinarri. Sobiet Batasunaren potentzial militar eta industriala bizkor ari zen handitzen, eta haren eraginak mundu osoan zuen itzala ordurako. Krustxevek Jugoslaviako Josip Broz Tito jeneralarekin Stalinek etendako harremana berreskuratu zuen, baina Txina aldendu zitzaion, besteak beste, Mao Zedongek Errusiak mendebaldearekin hasitako harreman diplomatikoa txarretsi zuelako. Krustxevek irmo gaitzetsi zuen Stalin, agintari tiranikotzat jota. Nolanahi ere, gogor jo zuen Hungarian egin zuten askatze saiakeraren aurka.

Bestalde, Ameriketako Estatu Batuekin SESBk zuen espazioko lasterketan garaipen handia izan zuen 1957an, munduak inoiz orbitan jarritako lehen satelitea, Sputnik 1, berea zelako.

1962an, baina, Gerra Hotzaren unerik larriena bizi izan zen Kubako misilen krisiarekin. AEBak ohartu ziren Kubako kostaldean Sobiet Batasunak misilak jarrita zituela Floridako kostaldera begira, eta gerra nuklear baten mehatxu larria bizi izan zuen munduak. Azkenean, Washingtonek eta Kremlinek adostuta, Moskuk misilak desmantelatu zituen. Krisi horrek kalte handia egin zion Krustxevi eta haren aurkariek aprobetxatu zuten boteretik kentzeko. Orduan, Leond Brezhneven agintaldia hasi zen. Sobiet Batasunaren indarra oso handia zen ordurako, eta haren eragin politikoa itzela. Alabaina, Varsoviako Ituneko herrialdeen artean zuen burdinazko lotura argi utzi zuen 1968an Pragako Udaberrian. Txekoslovakiako agintari Alexander Dubzekek hasitako erreformak zapaldu zituen Sobiet Batasunaren inbasioak, eta Brezhnevek burujabetza mugatuaren kontzeptua indarrean jarri zuen Ekialdeko Europan. 1970eko hamarraldian, ordea, Sobiet Batasuna krisi sakonean murgiltzen ari zela erakusten zuten gero eta zantzu gehiago zeuden, eta krisi sakon hori agerian geratu zen 1980ko hamarkadan.

 

GORBATXOV ETA PERESTROIKA

 


Mikhail Gorvatxovek Sobiet Batasunaren agintea hartu zuenerako, agerikoa zen herrialdearen krisi ekonomiko eta politikoa. Gorvatxovek bide eman zien hainbat erreformari, sistema komunistari kapitalismoaren errezeta batzuk eransteko. Moskuk inoizko erreforma politiko eta ekonomikorik handienak egin zituen aspalditik, eta sektore batzuekiko tentsio handiko garaiak bizi izan zituzten Perestroikaren bultzatzaileek. 1989an Berlingo Harresia bota zuten alemanek, eta bloke sobietarra amildegira erori zen. Azkenean, 1991ko abenduan desegin zuten SESB.

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna