Aldizkari bat baino gehiago

Berrogei urteko ibilbide baten ostean, 'Herria 2000 Eliza' aldizkaria argitaratzeari utziko diote. Sentsibilitate politiko zehatz bat ordezkatu izan du agerkariak orain arte: kristautasunean oinarritutako ikuspegi abertzale eta aurrerakoia dutenena.

gotzon hermosilla
Bilbo
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Trantsizioaren garai zurrunbilotsu hartan Euskal Herriko egoera politiko eta kulturala jorratzeko sortu ziren aldizkari ugarietatik —Punto y Hora, Ere, Euskadi Sioux eta abar— Herria 2000 Eliza izan da gaur arte iraun duen bakarra. Baina, 40 urteko ibilbidea egin eta 268 zenbaki plazaratu ostean, hari ere adio esateko garaia iritsi zaio, harpidedunekin zuten konpromisoak beteta. Aldizkaria desagertuko da, baina Herria 2000 Eliza aldizkaria baino gehiago izan da: sentsibilitate politiko eta sozial zehatz bat,espiritu kristaua eta pentsamendu abertzale eta aurrerakoia uztartzen saiatu dena eta ekarpen oparoa egin duena mobilizazio, jardunaldi, argitaratutako liburu eta bestelakoen bidez. Ekarpen hori historiarako geldituko dela uste dute aldizkariaren sustatzaileek.

Jexuxmari Zalakain kazetari eta EHUko irakasleak dioenez, erabakia ez da oraingoa. «Aldizkariaren hastapenetan ibilitako jendea iritsi da bukaeraraino, baina azken sei edo zortzi urtean ikusten genuen oro har betiko jendea zebilela, ez genuela lortzen jende berria erakartzea eta ez ginela belaunaldi gazteagoetara iristen. Biologikoki azken ziklora iristen ari ginen, eta aldizkaria ere bai».

Diotenez, aparteko arazo ekonomikorik ez dute izan —«ez genuen ezer kobratzen, eta kolaborazioak ere musu truk hartzen genituen; horrela zaila da zuloa egitea»—, ezta kolaboratzaileak topatzeko ere; «beraz, orain arte jarraitzeko modua bazegoen, baina pentsatu dugu hobe zela orain bukatzea, eta ez geroago, ezinean eta arrastaka ibili ondoren. Urtean sei zenbaki ateratzeko konpromisoa genuen, eta konpromiso hori betetakoan bertan behera utziko genuela erabaki genuen», azaldu du Zalakainek.

Bi taldek sustatua

1978ko apirilaren 5ean sortu zen aldizkaria. Bi taldek sustatu zuten hasiera-hasieratik: Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeak eta Euskal Herriko Kristau Elkarte Herritarrek. «Herria 2000 Eliza ez zen inoiz bataren edo bestearen bozeramaile izan, bakoitzak bere agerkariak zituelako, baina bi multzo horiek egon dira beti aldizkariaren atzean». Martin Orbe apaiz eta idazleak dioenez, Kristau Elkarteek ateratzen zuten berripapera izan zen nolabait aldizkariaren ernamuina.

Felix Bergara apaizak jarri zion izena. «Nik uste dut izenak ondo jasotzen duela zein zen garai hartan gure asmoa», esan du Orbek. «Guk Eliza nahi genuen, baina herriarekin engaiatua. Askotan esan izan da Elizaren helburua dela Jainkoaren erreinua munduan ezartzea, baina hori ezin da munduko erreinutik aparte egin, ez dira ukitzen ez diren bi lerro paralelo. Elizak ezin du bakarrik beraren bidea egin herria beste bide batetik baldin badoa».

Elizaren eta herriaren aipamenaz gain, 2000. urtea ere agertzen da aldizkariaren izendapenean: «Garai hartan [1978an] urrun ikusten zen 2000 urtea, eta askoren begietara etorkizuna irudikatzen zuen horrek», dio Zalakainek.

Baina, aldizkariaz gain, Euskal Herriko sentsibilitate politiko zehatz baten adierazpide ere izan da Herria 2000 Eliza: kristautasunean oinarrituta ikuspegi abertzale eta aurrerakoia zuten gizon eta emakumeena. «Herrian sustraitutako talde bat izan gara», azaldu du Zalakainek, «nor bere konpromisoekin, eta konpromiso kolektiboekin ere bai, kultura kristauaren ukitu horrekin betiere, herri honek bizi izan dituen egoeretan gure ikuspegia emateko asmoz».

Horregatik, haien lorratza ez da argitaraturiko 268 zenbaki horiek utzitakoa soilki. 1978an, Euskadi, la paz es posible (Euskadi, bakea posible da) izeneko liburua argitaratu zuten, ehun eragile eta adituren iritziak zekartzana euskal gatazkaren konponbidearen inguruan: Espainiako agintariek bahitu egin zuten liburua.

Hari beste liburu batzuek jarraitu zioten; ezagunenak, beharbada, Negociar izenekoa [Negoziatu, 1983] eta 1985ean Autodeterminazioa izenburuaz argitara- tu zituzten bi liburukiak, urte hartan Europako nazio minorizatuen eskubide kolektiboen inguruan antolatu zuten biltzarraren jiran plazaratutakoak.

Biltzarrak —dozena bat baino gehiago— eta jardunaldiak ere usu antolatu ditu Herria 2000 Eliza-ko taldeak. Argitalpenetan zein eztabaidaguneetan, antzeko gogoeta gaiak agertu izan dira beti: bakegintza, euskal presoen egoera, gizarte arazoak eta, oso modu berezian, autodeterminazio eskubidearen inguruko hausnarketak.

«Horretan aitzindariak izan ginela uste dut», esan du Jexuxmari Zalakainek. «Garai hartan batzuek esaten ziguten autodeterminazioa gainditutako kontzeptua zela eta herri honek independentzia behar duela».

Hasieran, kioskoetan saltzen zen aldizkaria, eta hilabetekaria zen; geroago, kioskoetatik desagertu eta harpidetzaren bidea lehenetsi zuten; unerik gorenean 2.000 harpidedun inguru izatera iritsi ziren, eta azken aldi honetan zenbaki bakoitzeko 800 bat ale banatu izan dituzte. Maiztasuna ere aldatu zen, eta urtean sei zenbaki argitaratzen hasi ziren.

Poztasunak eta arrangurak

«Ez gara izan mundua eta Eliza konpondu behar genuela pentsatzeko bezain inozoak», azaldu du Martin Orbek. «Gure helburua gehiago izan da herriaren borroka eta eskakizunei argibide eta laguntza batzuk emate. Nire ustez, Eliza eta gizartea beti eraikiz joan behar dira. Utopiaren alde egin behar da, baina utopia hori ezin da izan ezer ez egiteko aitzakia, ezpada lanerako pizgarri. Borrokatzeak berak ematen du halako poztasuna».

Bat dator horretan Zalakain: «Guk poztasun hori badugu: sinesten genuena egin dugu, gatazka hauetan argi izpi bat jartzen ahalegindu gara, parte hartu dugu, herriarekin sufritu dugu eta herriari eman diogu ahal izan duguna».

Poztasuna badute, baina arrangura bat ere bai: belaunaldi berriak erakartzen asmatu ez izana, «ez aldizkarira, ezta gure kristautasun ikuspegira ere», Zalakainek dioenez. «Gu Vatikanoko II. Kontzilioko seme-alabak gara, eta ikuspegi horretan eta herriaren borroketan murgilduta hezi gara, baina orain ikusten dugu Elizak buelta eman diola horri guztiari, eta gero eta gehiago lerratzen dela eskuinera».

«Tristezia handiz» bada ere, Eliza katolikoak «atzerapauso handiak» egin dituela onartzen du Zalakainek. «Adineko apaiz bat ikusten dudanean, zalantzak izan ditzaket horrek izango duen pentsamoldearekin; baina apaiz gazte bat ikusten badut, seguru nago haren pentsamoldea izango dela nire ume garaian indarrean zegoenaren antzekoa», esan du.

Frankismoaren kontra altxatu ziren euskal abade haiek «Eliza pobre eta pribilegiorik gabea» aldarrikatzen zuten; ideia hartatik oso urrun ikusten dute gaur egungo Eliza katolikoaren hierarkia: «Eliza ofiziala boterearekin dago, erraztasunera jotzen du», dio Zalakainek.

Orbek uste du Elizaren oinarrian «oso jende zintzoa» dagoela, baina haien eragina ez dela askorik nabaritzen. Beste jokabide batzuk, ordea, ageri-agerikoak dira: oraindik orain, 60 urte bete ditu Orbek abade izendatu zutenetik, eta hori dela-eta Bizkaiko gotzaintzak bidali dion zorion agurra erdara hutsez jaso duela dio; berak, eta egoera berean dauden gainerako apaizek ere, tartean euskaltzain oso batek, Bizkaiko Elizan euskararen alorrean ardurak izandako beste batzuek eta gainerako apaiz euskaldun guztiek ere.

Euskararena ere bada Herria 2000 Eliza egin dutenei iltzaturik geratu zaien arantza, edo «kitatu gabeko zorra», Zalakainek dioenez; hasiera-hasieratik, euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu da aldizkaria, harekin bateratsu jaio ziren gainerako aldizkari gehienak bezala; baina agerkari haietan guztietan euskarazko edukien kopurua apurka-apurka igoz joateko saialdiek porrot egin zuten, eta horretan Herria 2000 Eliza ez da salbuespena izan.

Jexuxmari Zalakain kazetaritzan doktorea da, eta gai hori ongi ikertu du: «Gaztelaniazko hedabide bat nekez bilakatuko da euskal hedabide», esan du. «Eta bi hizkuntza erabiltzen dituenean ere ez; egiturazko arazoa dagoela dirudi; edo euskal hedabideetara salto egiten dugu, edo euskarak jai dauka».

Erostarik jo gabe

Arrangurak arrangura eta zorrak zor, egindakoarekin pozik daude aldizkariaren sustatzaileak. Desagertzeko unea baino gehiago, ordura arteko ibilbide osoan egindakoa da ospatu beharrekoa, haien ustez. Horregatik, gaur bazkaria egingo dute Bilbon lagun eta kolaboratzaileekin, eta horrekin itxitzat emango dute ziklo emankor bat, «erosta jotzeko» inolako asmorik gabe, Zalakainek dioenez.

Hortaz, Herria 2000 Eliza aldizkariaren aroa amaitu da. «Baina horrek ez du esan nahi gure konpromisoetan dimisioa ematen dugunik», ohartarazi du Zalakainek. «Oraindik arazo asko daude konpontzeko. Bat, nagusiki: diktadura amaitu zen, demokrazia deitzen duten horretara pasa ginen, baina gure herriaren sakoneko arazoak berdin dirau, hau da, hemen herri bat dagoela eta herri horrek erabaki behar duela zer izan nahi duen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.