Hegazkin arin bat erori da Hernion, eta bidaiari baten gorpua topatu dute

Hondarribiko aireportura zihoan hegazkina, baina istripua izan du Errezil inguruan. Pertsona bat hil da; larrialdi zerbitzuek uste dute bi bidaiari zihoazela barruan, eta gaur jarraituko dute haren bila. Bideoa albistearen amaieran.

Hegazkin arin bat erori da Hernion, eta bidaiari baten gorpua topatu dute.
Maite Asensio Lozano. Karmele Uribesalgo Alzola
2019ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Hegazkin arin batek istripu larria izan zuen atzo Errezil inguruan (Gipuzkoa): Tiresko aireportutik (Cascais, Portugal) atera eta Hondarribian (Gipuzkoa) lurreratzekoa zen hegazkin txiki batek Hernio mendia jo zuen, eta airekoa «txikituta» geratu zen. Gutxienez pertsona bat hil zen ezbeharrean; hegazkinean bi lagun zihoazela jakinarazi zuten Portugalgo berri agentziek, baina bigarren bidaiariaren arrastorik ez zuten aurkitu atzo, eta Ertzaintzako iturriek BERRIAri adierazi zioten ez dagoela «guztiz ziur» hegazkinean bi pertsona zihoazenik. Edonola ere, bila jarraituko dute gaur. Istripua nola gertatu zen argitzeko, ikerketa bat jarri du martxan Ertzaintzak; ez dute zehaztu lainoak eragin al zuen ezbeharra.

Errezilgo herritar batek egin zuen ohartarazpena atzo, 14:00ak jo baino pixka bat lehenago: SOS Deiak-i jakinarazi zion «leherketa» bat entzun zuela Hernion, Zelatun inguruan. Ordu hartantxe jaso zuten Hondarribiko aireportuaren mezua larrialdi zerbitzuek: bertan lur hartzekoa zen hegazkin arin batekin kontaktua galdua zuten gune horretan. Berehala abiatu ziren Ertzaintzaren eta Urola Kostako suhiltzaileen erreskate taldeak; zenbait anbulantzia ere gerturatu ziren ezbeharraren ingurura.

Segituan aurkitu zituzten hegazkinaren lehen arrastoak, Zelatundik gora Herniora oinez joateko bidean; eta mendiaren gailurretik hurbil topatu zuten hegazkinaren egitura nagusia. Bidaiarietako baten gorpua ere inguru horretan agertu zen, 16:00 aldera; bigarrenaren bila iluntzera arte aritu ziren, baina ez zuten topatu, eta 18:15ean bertan behera utzi zituzten bilaketa lanak.

Ertzaintzak ez daki seguru bi lagun ote zihoazen hegazkinean, baina Portugalgo Lusa agentziak ziurtzat jo du hegaldiak bi bidaiari zituela, administrazioko iturriak aipatuta. Hildakoa ez dute oraindik identifikatu, baina Lusak zabaldu du hegazkin arinak Ingalaterrako matrikula zuela, eta agintariek uste dutela bidaiariak turista ingelesak izan daitezkeela.

«Txikituta eta kiskalita»

Piper28A motako hegazkina zen atzo Hernion eroritakoa. Ertzaintzaren arabera, «txikituta eta kiskalita» geratu zen. Hala ere, oraindik ez dakite nola gertatu zen istripua, ezta sutea talka bortitz batek eragin zuen ala hegazkin arinak airean su hartu zuen ere. Ertzaintza bera arduratuko da ezbeharrari buruzko ikerketa abiatzeaz, baina gerora AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioko adituek ere parte hartuko dute.

Behe laino trinkoa izan zen atzo arratsaldez Hernion, eta horrek erreskate taldeen lana zaildu zuen. Urola Kostako suhiltzaileez gain helikoptero batek ere parte hartu zuen bilaketa lanetan, baina oinez zihoan taldeak aurkitu zuen hegazkina, airez ezin baitzen askorik ikusi. SOS Deiak-ek sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikus zitekeen inguru horretako ikuseremua metro gutxi batzuetakoa zela. Dena den, Ertzaintzak ez du argitu lainoak zerikusirik izan zuen istripuarekin.

Hegazkin arinen ezbeharrak ez dira ezohikoak Euskal Herrian. Azkena iazko irailean gertatu zen, Tuteran (Nafarroan), baina ez zen hildakorik izan. 2016ko maiatzean, ordea, hiru pertsona zendu ziren Arbizun (Nafarroa), hegazkin arin batek herriko eraikin bat jo eta gero.

[youtube]https://youtu.be/-0WDqwYxLn8[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.