Europako Parlamenturako hauteskundeak

EBren erreforma jomugan

Bozen ostean Europako Batasuna moldatzeko asmoa iragarri dute europazaleek eta euroeszeptikoek. Europaren integrazioan sakontzea edo hori gelditzea dute jokoan estatu kideek.

EBren erreforma jomugan.
ander perez zala
2019ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Matteo Salvini Italiako lehen ministrordeak irudikatzen dute Europaren etorkizunari buruzko borroka. Europazalea da lehena, eta euroeszeptikoa bigarrena. Hilabeteak dira gaurko egunaren hitzaurrea idazten izan direla; belaunaldi bereko politikari ezagunak dira, eta Europako potentzietako biren aurpegirik ezagunenak. Badituzte ezaugarri amankomun gehiago ere: ez dira gaurko Europako Parlamenturako hauteskundeetara aurkeztu, baina zerikusi handia izango dute Europako Batasunaren (EB) etorkizuna zehazteko eztabaidan. Bihartik aurrera, talde komunitarioa aro berri batean sartuko da, europazaleek eta euroeszeptikoek EB sakon erreformatu nahi baitute. Indarren orekaren araberako talka izango da.

Urte luzez, indar euroeszeptikoek talde komunitarioa barrutik suntsitzea izan dute helburu, estatuei «galdu duten subiranotasuna» itzultzeko. Orain, jendaurrean adierazi dutenez, EBn geratzeko ideia lehenetsiko dute; hori bai, barrutik erreformatzeko. Brexit-aren eraginez, norabide berri baten beharraz, estrategia aldaketaren arrazoia edozein dela ere, euroeszeptikoek Europaren integrazioa gelditzeko asmoa dute, eta horietako askok baita galga ezartzekoa ere. Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren ideietako bat da: «Estatuek euren interesei jarraitzen dieten munduko ordena batean sinesten dugu».

EBren barne mugak desagerraraztea —nahiz eta migrazioaren krisiarekin hori zalantzan jarri duten— eta diru bakarra sortzea izan ziren batasunaren proiektuaren adibiderik esanguratsuenak. Erabaki horien eraginez,estatu kideek batasuneko erakundeei eman zieten subiranotasunaren zati bat, baina 2008an abiaturiko krisi ekonomikoak ataka larrian jarri ditu EBren existentzia eta batasunak gaur egun arte egin duen bidea.

Giro hori ikusita, batasunari erronkak ugaritu besterik ez zaizkio egin, eta oraindik konpontzeke dauden arazoei egin beharko die aurre datorren legealdian, ez baitie irtenbide eraginkorrik eman aurreko bi agintaldietan. Adibide batzuk aipatzearren: migrazioaren eta mugen auzia, klima aldaketa, defentsa, egoera ekonomikoa, Erresuma Batuaren irteera eta ordu aldaketa; finean, EBren proiektuak zer bide hartuko duen, bizirik iraun nahi badu.

Europazaleek erronka erraldoia izango dute, eta orain arte erakutsi duten batasunari eutsi beharko diote arrakastarik izan nahi badute. Estrategia zehaztea izango da gakoa: Macronek Europaren proiektuaren integrazioa gelditu nahi du, harentzat beharrezkoak diren erreformak egiteko. Horri begira, 2017ko Frantziako presidentetzarako bozen kanpainan proposaturiko ideia bat errepikatu du egunotan: Schengen eremua erreformatzea. Aldaketak lehenik, gero gerokoa.

Egun garrantzitsua

2014koak EBren historiako bozik garrantzitsuenak izan ziren: eskuin muturrak nabarmen egin zuen gora hainbat estatutan, baina ez zuen Europako Batasunaren egitura kolokan jartzeko moduko emaitzarik lortu. Euroeszeptikoek eserlekuen %20 eskuratu zituzten europarlamentuan, eta sakabanatuta eta adostasunik gabe izan dira harrezkero. Hori ikusita, Europako Alderdi Popularraren (EAP) eta Sozialista Europarren Alderdiaren (SEA) baturak gehiengo osoari eutsi zion, eta ultraeskuindarren gorakada ikara hutsean geratu zen. Ikara hori, baina, ez da batere desagertu: «Arazoa ez dira indar euroeszeptikoak, horien alde bozkatzeko arrazoiak baizik», ohartarazi zuen iaz Antonio Tajani Europako Parlamentuko presidenteak.

Bost urteren ostean, gaurko hauteskundeak EBren historiako garrantzitsuenak bilakatu dira. Inkesta guztiek testuinguru bera marraztu dute: Europako Parlamentuan lehenengo aldiz, EAPren eta SEAren diputatuen batura ez da gehiengo osora iritsiko. Status quo-ari eusteko, bi alderdi politiko horiek talde politiko berri batera jo beharko dute: Europaren Aldeko Liberalen eta Demokraten Aliantzaren Alderdiak (EALDA) eta Macronek sortuko dutenera. Hori beteko balitz, baliteke hiru talde horien artean banatzea Europako Batzordeko presidentetza, Parlamentukoa eta Europar Kontseilukoa, orekari eusteko.

Hori litzateke esperotako gidoia, baina sozialdemokraten artean hedatzen ari da eskuinaren gobernantza eteteko nahia. Ideia hori agerian utzi zuen Frans Timmermans SEAren zerrendaburu eta Europako Batzordeko presidenteordeak iragan asteko eztabaidan, «Macrondik [Alexis] Tsipraseraino doan aliantza bat» proposatuta; hau da, liberalen, sozialdemokraten, berdeen eta ezkertiarren taldeek osaturiko koalizio bat. Eta ideia hori bera azaldu zuen Margrethe Vestager Lehia komisarioak eta liberalen zerrendaburuak El Pais-i aste honetan emandako elkarrizketan, baina ezkertiarren taldea kontuan hartu gabe.

Aukera hori lehenetsita, EAPko demokristauak bakarrik geratuko lirateke, eta, botere mailari eusteko, eskuinera begiratu beharko lukete, ultraeskuindarren babes bila; horrela, baina, ideologia horretako politikariak sartuko lirateke Europako Batzordeko postuetan, lehenengoz, komisario karguetarako. Iragan asteko eztabaidan, Manfred Weber EAPren presidentegaiak ez zuen ezeztatu eskuin muturrarekin aliantza egiteko aukera horren inguruan galdetu ziotenean.

Egun, Europako Batasuneko posturik garrantzitsuenak demokristauen esku daude, eta hala izaten jarraitzea nahi dute: Europako Batzordeko presidentetza, Europar Kontseilukoarena eta Europako Parlamentuarena. Joera ez da aldatu 1990eko hamarkadatik. Estatu kideen errealitateak, aldiz, aldatu dira, batez ere azken bost urteotan, eta baliteke EB errealitate berrien isla bilakatzea.

2014ko eta aurtengo hauteskundeen artean, talde komunitarioak hainbat aldaketa politiko, sozial eta ekonomiko ikusi ditu bere lurretan. Zerrenda luzea da; adibide batzuk aipatzearren: Erresuma Batuak batasunetik ateratzeko erabakia hartu zuen 2016ko ekainean; eskuin muturra Alemaniako Parlamentuan sartu zen 2017an, eta Espainiakoan aurten; Frantzian bipartidismo tradizionala hautsi egin zen 2017an, eta Macron eta Marine Le Pen ultraeskuindarra lehiatu ziren presidentetzarako bozen bigarren itzulian; Portugalen, ezkerreko gobernu batek lortu zuen boterera 2015eko bozen ostean; iazko Italiako hauteskundeetan5 Izar Mugimendua eta Lega alderdi euroeszeptikoak izan ziren gehien bozkatuak; Europa iparraldeko herrialdeetan eskuin muturra hazten hasi zen; eta Austrian eskuin muturra sartu zen gobernuan 2017ko hauteskundeen ostean.

EBren historiako bozik garrantzitsuenak dira gaurkoak, baina ikuspuntu negatibo batetik begiratuta, batasunari defentsan aritzea egokituko baitzaio, erasoan baino gehiago. Azken urteotako joera: egindakoa eta lorturikoa defendatuz, horixe bera ospatu beharrean.

Errealitateen koktela

Bukatu den legealdian estatu kideetan izandako aldaketa guztien koktel bat izango da hurrengo legealdiko ganbera, batez ere inkestek diotena betetzen bada: Erresuma Batuko Brexit Alderdia edo Italiako Lega izango direla europarlamentari gehien izango dituzten alderdiak. Biak ala biak euroeszeptikoak. Garaipen hori sinbolikoa litzateke, indar handikoa, baina gero eragin gutxi izango duena praktikan, eskuin muturra elkartzen ez bada; 2014-2019 legealdian egindako akatsa da, eta Salvini ohartzen da horretaz.

Horregatik, Italiako lehen ministrordeak ez du hutsegitea errepikatu nahi 2019-2024 tartean: Herrien eta Nazioen Europako Aliantza (HNEA) talde parlamentarioa osatzeko asmoa iragarri zuen apirilean, EB eta europarlamentua erreformatzea helburu, «horiek suntsitu gabe». Denak batuta, indar eta eragin handiagoa; hori izango da estrategia.

Legarekin batera, ultraeskuindarren izen-abizen ezagunak izango dira HNEAn: Frantziako Batasun Nazionala, Alemaniarentzako Alternatiba, Austriako Askatasunaren Alderdia, Benetako Finlandiarrak eta Herbehereetako Askatasunerako Alderdia, esaterako. Sona handikoak dira, baina horrek ez du ezkutatu ahulezia: ez zaizkiola batu Polonian boterean dagoen Legea eta Justizia (PiS) eta Hungariako lehen ministro Viktor Orbanen Fidesz.

Arretaguneak

Gaurko hauteskundeak, Europako Parlamentuaren botere balantza zehazteaz gain, eragin handia izango du estatu mailako politikan, eta batzuentzat bultzada handia izan litezke euren programak garatzeko.

Macron da errealitate horren adibide. Presidenterik europazaleenarentzat gaurko bozak haren agintaldiari buruzko erreferendum bat izango dira; izan ere, Le Penen atzean geratzea sekulako kolpea izango da, kaltetuta eta ahulduta utziko baitu etxean eta kontinentean erreformak sustatzeko eta EBko kargu garrantzitsuenak negoziatzeko.

Salvini ere antzera dago. Emaitza onak lortzeak indarra sendotuko dio gobernuko koaliziokide 5 Izar Mugimenduaren aurrean, eta aitzakia gisa erabil lezake etxeko bozak aurreratzeko; inkestak aldeko ditu gaurko bozetan, baita Italian izan litezkeenetan ere.

Erresuma Batuko emaitzek ere garrantzi handia izango dute, herrialdea murgilduta baitago EBtik ateratzeko prozesuan. Emaitzek agerian utziko dute hautesleek gaurko hitzordua brexit-ari buruzkoa bilakatuko duten, ala alderdi tradizionalak zigortzeari buruzkoa. Espainian, hauek dira arretaguneetako batzuk: Vox eskuin muturreko alderdiak zenbateko babesa izango duen, PSOEk Europako bozetan ere eutsiko ote dion olatuari eta PPk zer-nolako galera izango duen .

Eurobarometroak dio 450 milioi herritarren %67k begi onez ikusten dutela estatu kide batean bizitzea. Kezka, aldiz, indar tradizionaletan dago jarria: herritarren %56k konfiantza handia dute alderdi berrietan, izan euroeszeptiko, izan europazale, eta bipartidismoaren logika hausteko beharra ikusten dute. Tajanik egina du ohartarazpena: «Hauteskundeen ondoren, litekeena da ganberan indar euroeszeptiko gehiago egotea. Hori ez da ona Europarentzat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.