Iragan ilunerako bidaia

Euskal preso ohiek esaten dute Frantziako Estatuak haiek «are gehiago zigortzeko» erabili izan duela Fresnesko kartzela. EPPK-ko dozenaka eta dozenaka kide izan dituzte han preso, epaiketaren zain, urteetan, bizi baldintza txarretan. Baina lehengo astetik ez dago euskal presorik Fresnesen.
Frantziako espetxeetara 2001ean egindako martxa, Fresneskoaren atarian.
Frantziako espetxeetara 2001ean egindako martxa, Fresneskoaren atarian. BERRIA

Enekoitz Esnaola -

2019ko urriak 10
Aurreko astean Frantziak Iñaki Reta Mont-de-Marsango (Okzitania) kartzelara lekualdatu zuenetik ez dago euskal presorik Fresnesen, Paris hegoaldeko espetxean. Horrek, batetik, esan nahi du han ez dagoela Frantziaren epaiketaren zain dagoen euskal militanterik —behin-behinean daudenak izaten dituzte—. Eta, bestetik, haietako inork ez duela pairatuko Fresnesko kartzelako bizi baldintza txarrik. «Pertsonen birringailua da, eta deuseztatzea du helburu bakarra». Josu Urrutikoetxeak aspaldi esana da. Gaur-gaurkoz Urrutikoetxea bera da Frantzian epaiketa baten zain dagoen euskal preso bakarra. Duela bost hilabete atzeman zutenetik, La Santeko espetxean daukate; aldiz, 1989an atxilotzean, Fresnesera eraman zuten, eta ezagutu zuen hango gogortasuna. Baita, beste askoren artean, Javier Irastorzak, Agus Figalek, Ekhine Eizagirrek eta Zigor Merodiok ere; lau euskal preso ohi horiekin mintzatu da BERRIA, iragan «ilunera» bidaiatzeko.

Irastorza (Beasain, Gipuzkoa, 1958) duela 22 urte sartu zuten Fresnesen. «Nire egonaldian, kartzelaren sorreraren mendeurreneko ospakizunak ikustea tokatu zitzaidan. Haien festa, suziriak... Baina han barruan dena da antzinako garaikoa». Merodioren (Bilbo, 1974) esanetan, «zulo beltz bat da, zabortegi bat; legerik gabeko lekua». 2006an ezagutu zuen hark Fresnes. Antzekoa diote Eizagirrek (Zarautz, Gipuzkoa, 1984) eta Figalek (Santurtzi, Bizkaia, 1972). Aurrenak 2013an ezagutu zuen; bigarrenak, 2002an. Laurek nabarmendu dute presoen bizi baldintzak zerbait hobetzeko funtsezkoa izan dela EPPK-ko kideek egindako «borroka».

Euskal preso asko egon izan da urteetan Fresnesen, behin-behinean, bere garaiko Parisko epaile batek hala erabakita. Prozedura kriminala bada, Frantziako Estatuan gehienez sei urtez eduki dezakete preso bat epaitzeke. «Laurence Levert epaileak Fresneskoon kasuan instrukzioak ahal zituen gehien luzatzen zituen», deitoratu du Figalek. Merodiok gaineratu du euskal herritarrak «are gehiago zigortzeko» baliatu zuela kartzela hori —lau preso hauek ETArekin lotura izatea egotzita espetxeratu zituzten—. Figal: «Preso politikook beti errefusatu izan dugun espetxe bat da, eta EPPK han bereziki borrokatu da».

Gizonezko presoentzako hiru dibisio daude, eta bakoitza bi zatitan banatuta dago. «Euskal presoak espetxean sakabanatuta egoteko baliatzen zuten hori», dio Figalek. Emakumezkoak beste modulu batean izaten dituzte, eta Eizagirrek salatu du gunea ez dagoela andreentzat prestatua eta nabari dela hori eguneroko bizimoduan. Bakartze eta zigor ziegak ere badaude, eta behaketarako zentro bat ere bai. Pare bat mila presorentzako tokia dauka kartzelak, baina gainditzen da kopuru hori. «Masifikazioa dago», jakinarazi du Merodiok.

Bizi baldintzak

Badira ia hogei urte Irastorza handik atera zutenetik, baina oraindik gogoratzen ditu detaileak. «Ziegan bakarrik egoten ginen gu, zortzi-bederatzi metro koadroko gela batean. Oso ilunak dira; belztuta daude, jatekoaren prestaketaren ondorioz eta. Leihoan, barroteez gain, zursareak daude, eta horrek kalte egiten dio ikusmenari. Ohatzeak zahar-zaharrak dira —azpian dozenaka egunkari jartzen nituen nik—. Badago konketa bat, baina dutxarik ez, eta komun bat ere bada, baina funtzionarioek noiznahi begiratzen dute ziega barnera behatxulotik, eta ez daukazu intimitaterik. Gainera, erne, arratoiak komunean gora ateratzen zaizkizulako. Behin emakumeen moduluko zuzendaria irrati batean entzun nuen Fresnesen arratoiak daudela ukatzen; amorru bat eman zidan!». Merodiok dio arratoiekin bizitzen ikasi behar izan zutela, eta Eizagirre oroitzen da mamorroen izurritea zegoela.

Ziegatik patiorako eguneroko ateraldi bikoitza euskal presoek elkarrekin egoteko baliatzen zuten, baina pasatu behar zuten trantzerik joan-etorrian. Haiek ere ilaran eraman zituzten funtzionarioek, eskuak patriketan sartu behar zituztela agintzen zieten, elastikoa galtzen barruan sartzeko, ilararen aurretik eta atzetik zeuzkaten funtzionarioak, metal detektagailuetatik igaro behar zuten... «Diziplina militarra dago han», adierazi du Merodiok; «gainera, funtzionarioen aldetik etengabekoa da indarkeriarako jarrera; batik bat, preso sozialen aurka egiten dute». Gazteak izan ohi dira «kartzelero» asko, euren lehen lanetara hara eramaten dituzte, eta «jokabide gogorra» izaten dute, lau euskal preso ohiek gogoratzen dutenez. Merodio: «Nolabait, hezi egin behar zenituen, baina nekagarria egiten zen, gauza batzuez ohartzen zirenerako beste espetxe batera aldatzen zituztelako».

Patiora ateratzea ez zen une zoragarri bat. Lekua arrunt txikia zen: 40 bat metro koadrokoa. Figalek dio aldi batzuetan igual egoten zirela hogeiren bat lagun. Irastorzak gaineratu duenez, zerua ez zuten bete-betean ikusten, «patioak goitik hesituta baitaude», eta gogoan du elurra eta izotza botatzean patioak «hozkailu bat» zirudiela. Halaber, adierazi du ziegako leihoan egunkariak-eta jartzen zituela hotza ahal zen gutxien sartzeko barrenera.


Martxa batean, EPPK-koak Fresneseko ziegetako leihotatik ikurrak ateratzen.

Senideen eta lagunen bisitetan haien berotasuna jaso arren, momentua ez zitzaien erosoa egiten. Gela oso txikia da, bost bat metro koadrokoa, eta presoaren eta bisitariaren artean mostradore moduko bat dago. «Badago elkar ukitzerik, baina mikrofonoak daude, eta funtzionarioak, zelatan», azaldu du Irastorzak. Eizagirrek salatu du ziegatik bisitara edo abokatuarekin egoteko ateratzen ziren aldiko miaketak eta «biluzte sistematikoak» pairatzen zituztela. Figal: «Fresnesen ez zaituzte pertsona moduan tratatzen une horietan ere».

Ezta jateko orduan ere. «Guk ziegan ahal zen gehien prestatzen genuen, nahiz eta kasik trasterik ez eduki. Izan ere, Fresnesko janaria ezin da jan. Kuskus pastel perfekzionatu bat egina nago…», dio Irastorzak. Gogoan dauka kartzelako langileek atarian-eta uzten zutela janaria desizozten, eta gero nola aritzen ziren handik arratoiak ostikoka bidaltzen. «Ondoren, guri ateratzen ziguten janari hori…».

Kartzelako lanik egiteko aukerarik ez zieten ematen euskal presoei ere, edota ikastaroak egiteko modurik ez zeukaten. Osasun arloan ere, gauza onik ez. Irastorza: «Medikuarengana joateko eskatuz gero, ematen zizuten ordua, baina betaurrekoen beharra-edo bazenuen, ezezkoa. Kartzelako erietxera, berriz, eskuburdinekin eta hanketan kateak jarrita eramaten dituzte han presoak». 1993an Pello Mariñelarena euskal presoa hil zen Fresnesko espetxean; seropositiboa zen, eta mediku asistentziarik ezak azkartu egin zuen haren heriotza. Bi urte lehenago, berriz, euskal iheslariak bere etxean hartzeagatik preso zuten bretainiar batek bere buruaz beste egin zuen: Jean Groixek.

Horiek hala, ihes egiteko saiakerak egin izan dira Fresnesen ere. Gutxitan ihesaldiak. Figal han zegoela izan zen bat, 2003ko martxoan: ospa egin zuen Antonio Ferrara italiarrak, espetxera sartutako talde armatu baten laguntzarekin. «Eztandak eta tiro hotsak entzun nituen ziegatik —dio Figalek—, baina ez nekien zer ari zen gertatzen. Telebistaren bidez jakin genuen ihesaldi bat izan zela. Pozik zeuden preso sozialak. Estatua haiek estutzen zebilen garaiak ziren. Ferrararen ihesaldiaren ostean, denoi ziegak hankaz gora jarri zizkiguten miaketa batean». Ihes egin eta lau hilabetera atzeman, eta bakartu egin zuten Ferrara; 2008an hamazazpi urteko espetxe zigorra ezarri zioten ihesarengatik.

«Borrokagatik» lorpenak

Sei urte egin zituen Figalek Fresnesen, beste sei Merodiok, hiru Irastorzak, eta bi eta erdi Eizagirrek, bi alditan. Beste espetxe batzuetara eraman zituzten handik, eta, haietan ere baldintzak samurrak ez izan arren, besteek bezala Eizagirrek aitortu du Fresneskoak «askoz gogorragoak» zirela. «Azken batean, kontrol eta presio handiagoa dago», adierazi du. «Beraz, borrokatu besterik ez genuen», arrazoitu du Figalek EPPK-ren jokabidea. «Eta euskaldunok horrela lortu genuen baldintza batzuk hobetzea», erantsi du Merodiok. Esate baterako, senideak-eta Euskal Herritik haraino joaten zitzaizkienean bisitan —900 kilometrora dago—, hiru ordu laurdeneko tarte bat baizik ez zuten izaten, baina euskal presoek lortu zuten bisita ordu eta erdikoa izatea, goizez eta arratsaldez banatuta. Edo, lau lagunek kontatutakoaren arabera, erdietsi zuten moduluetan euskal presoak bakarrik ez egotea, ikasteko materiala jasotzea, patiorako irteerak «duinagoak» izatea, ziegako maindireak sarriago aldatzea... «Asko borrokatu ginen Fresnesen», dio Eizagirrek.

Protestarako eta aldarrikapenetarako bide bat zuten zigor ziegetan —mitard-etan— sartzea. Bilatzen zuten hori, han baldintzak makurragoak izanda ere. Figalek esan du behin euren modulua blokeatu zutela galeria batean ordubetez eserita. «Horregatik, gero zigor ziegara eraman gintuzten, eta jatekoa murriztu; hura gosea!». Merodiok azaldu du «iraganera» joatea bezala dela zigor ziega batean sartzea; «nolako baldintzak dauden ez baldin baduzu ikusten, azalpena entzunda ere sinetsi ezinezkoa da». Ziega horiek txikiagoak dira, zikinkeria handia dago, argi gutxi... Irastorzak dio boligrafo bat, papera, zigiluak, bi galtzontzillo eta liburu bat uzten zietela sartzen; «gero, eskatu egin behar zenuen. Nik han leitu nuen Jon Idigorasen autobiografia». Dena dela, laurek aitortu dute zigor ziegak baliatu zituztela espetxeko zuzendaritzarekin baldintzak negoziatu ahal izateko.

Elkartasuna

Fresnesko euskal presoen arteko elkartasunak ere bultzatzen zituen protesta egitera eta mobilizatzera. Itziar Morenoren aldekoa gogoratu du Eizagirrek, eta azpimarratu lortu zutela hura bakartze egoeratik ateratzea. «Gizonezko eta emakumezko euskal presook aritu ginen borrokan: haiek gose greba egin zuten eta gu zigor ziegetan sartu ginen. Elkar hartuta egiten genien aurre erasoei». Merodiok Jon Anza euskal militantearen desagerpenaren salaketa aipatu du: «Kartzelan bertan egiten genituen kartelak, eskuorriak, pankartak eta beste, gero pasilloetan, itxaron geletan eta patioan banatzeko. Preso korsikarrak, tamilak eta kurduak gurekin izaten ziren mobilizazioetan». Daniel Dergi euskal presoaren aldeko protesta batez mintzatu da Irastorza: «Bi hilabeteko gose greba egin zuen Dergik. Barauan zela, halako batean Fresnesko espetxera eraman zuten, eta kirolgunean protesta ikusgarri bat egin genuen».

Merodiok deritzo euskal presoek, azken batean, bazeukatela «indar bat» Fresnesen. 2000ko hamarkada hasierako borrokaldi luze baten garrantzia nabarmendu du. Izan dira EPPK-ko kideen borroka gehiago han. «Gure mobilizazioen eta negoziazioen bidez lortutako onurak preso sozialek eskertu izan dituzte. Behin senegaldar bat gurekin pilotan zebilen, eta funtzionarioek ikusi eta zigor ziegara eraman zuten. Ez zitzaigun ongi iruditu, eta geu ere zigor ziegan sartu ginen. Senegaldarrak han ikusi gintuenean, negarrez hasi zen».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna