Bosten faltan, jendetza

'Bateragune auzian' zigortutakoak aske uzteko eskatu dute Elgoibarren eginiko manifestazioan.

EH Bildu, EAJ, PSE eta PSNko kideek parte hartu dute martxan
Milaka lagunek parte hartu zuten atzo <em>Bateragune auzia</em> salatzeko Elgoibarko kaleetan eginiko manifestazioan.
Milaka lagunek parte hartu zuten atzo Bateragune auzia salatzeko Elgoibarko kaleetan eginiko manifestazioan. JON URBE / ARGAZKI PRESS

Jokin Sagarzazu -

2014ko urriak 12
Bateragunea izan da, egun batez, Elgoibar (Gipuzkoa). Eskaera batek, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Miren Zabaleta, Sonia Jacinto eta Arkaitz Rodriguez aske uzteko exijentziak, familia politiko ezberdinetako lagun andana batzea lortu baitu, Euskal Herriko eta nazioarteko berrehundik gora eragilek babestu duten mobilizazio batean. Ezohiko argazkia ikusi zen atzo Elgoibarko kaleetan, Bostak askatu. Politika askatu lelopean eginiko manifestazioan. Ezker abertzaleko, EAJko eta alderdi sozialistako kideak, ehunka herritarrekin batera, Euskal Herriko gatazka politikoaren konponbidearen aldeko mezu argi batekin.

Ezker abertzalearen estrategia aldaketa diseinatu eta horregatik atxilotu, auzipetu eta zigortu zituzten bost kideen auziak lortu du, modu horretan, beste aldarrikapen batzuek orain arte lortu ez dutena. Eta horixe bera, hori dela bidea azpimarratu zuen Ainhoa Aznarez PSNko kideak, martxaren amaieran irakurritako agiri bateratuan. Aznarezek adierazi zuen, aldeak alde, gauza batek batzen dituela: «giza eskubideen defentsak». Eta horrek izan behar duela giltza, konponbide prozesuan aurrera egiteko, eta, zehazki, espetxe politika aldatzeko. Bateragune auziko zigortuei buruz, berriz, Aznarezek esan zuen haiek direla «Euskal Herriaren egungo garai itxaropentsuaren eta ilusioaren erantzule», eta azpimarratu zuen haiek aske uzteak asko lagunduko lukeela «justiziazko eta elkarbizitzako agertokia indartzen».

Aznarezekin batera, Lois Perez Leira Galiziako Nova Esquerda Socialistako kideak hartu zuen hitza, Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunak bidalitako mezu bat irakurtzeko. Esan zuen Arnaldo Otegi eta Bateragune auziarengatik harekin batera preso daudenei egiten dietena «gizateriaren aurkako ofentsa bat» dela eta horren aurka «demokrata guztiak» batu behar direla. Xabier Amurizaren bertsoek jarri zioten amaiera ekitaldiari.

Gehiengo politikoa

17:00ak pasata abiatu zen manifestazioa herriko plazatik, eta, hainbat kale zeharkatu ostean, leku berean amaitu zen ordubete geroago. Iturengo joaldunek ireki zuten bidea, eta aipatutako auzian zigortutako bost lagunen senideek eraman zuten aurreneko pankarta, 5ak askatu leloarekin. Bigarrenari —Euskal Herriak hartu hitza eta erabakia leloarekin—, eragile politikoek eutsi zioten; tartean, Eusko Legebiltzarra utzi berri duen Laura Mintegi, Jesus Uzkudun sindikalista eta Kataluniako ERCko Joan Tarda.

Herritarren erantzunarekin eta eragileen babesarekin pozik azaldu ziren antolatzaileak martxaren amaieran, eta, Hamaika telebistari eskainitako hitzetan, zigortuen senideek ere eskertu zuten babesa eta salatu auziaren «bidegabekeria».

Bihar bost urte beteko dira Espainiako Poliziak, Baltasar Garzon epaile ohiaren aginduz, Bateragune auziaren oinarri den polizia operazioa egin zuenetik: ordutik daude preso Otegi, Diez, Zabaleta, Jacinto eta Rodriguez. Espainiako Justiziak sei urte eta erdi eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri die aurreneko biei, eta sei urteko espetxealdia eta zortzi urteko inhabilitazioa gainontzeko hirurei. Auzipetuen babes helegitea atzera bota zuen joan den uztailean Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, zigorra berrestearen aldeko zazpi botorekin eta kontrako bostekin. Espainiako auzitegien arabera, ETAk aginduta diseinatu zuten zigortutako bost kideek ezker abertzalearen estrategia aldaketa: hain justu, ETAren jardun armatuaren amaiera ekarri zuena.

Oso bestelako ikuspuntua dauka Euskal Herriko gehiengo politikoak, eta hala irudikatu zuten, beste behin, atzoko manifestazioarekin. Alderdietako ordezkaritza zabal batek parte hartu zuen, eta milaka herritarrek bat egin zuten Arnaldo Otegiren herrikideek sortutako plataformaren deiarekin. Instituzioetako ordezkariei dagokienez, han izan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Alfredo Etxeberria Elgoibarko alkatea (EAJ) eta hainbat zinegotzi.

Eragile politiko eta sindikalen artean, berriz, martxara joan ziren Sortuko Hasier Arraiz, Rufi Etxeberria eta Amaia Ubiria, EAko Pello Urizar, Aralarreko Jon Iñarritu, Alternatibako Oskar Matute, PSE-EEko Gemma Zabaleta, PSNko Ainhoa Aznarez, Ezker Batuko Javier Madrazo, ELAko Adolfo Muñoz, LABeko Jabi Garnika eta CCOOko Jesus Uzkudun. Haiekin batera, baita Katalunia eta Galiziatik etorritako eragile politikoak ere: ERCko Joan Tarda, CUPeko David Fernandez, PSNtik kanporatutako eta egun PSCko militante den Jose Luis Uriz eta Galiziako BNGko Xabier Campos, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna