Doako laguntza etxera bidean

Santurtziko karmenetan, udalak eraso sexisten aurkako neurri berri bat jarri zuen martxan, jai batzordeak bultzatuta: emakumezkoak nahiz adingabeak etxera laguntzeko doako zerbitzua.

Ane Lamarka Etxeberria -

2018ko abuztuak 1
Ez dira gutxi Euskal Herrian uztailaren erdialdean Karmengo jaiak ospatzen dituzten herriak, eta hala egin zuen Santurtzik (Bizkaia) ere duela bi aste. Santurtziko karmenak, Bilboko Aste Nagusiaren ondoren, Bizkaiko jendetsuenetan bigarrenak dira, eta, aurten, berrikuntza bat gehitu dute: emakumezkoei zein adingabeei etxera laguntzeko doako zerbitzua jarri dute martxan. Proposamen hori aitzindaria izan da jaietan, eta, guztira, 380 emakumek eta hamar neska adingabek erabili dute. Santurtziko Marimatraka talde feministak, ordea, ez du ontzat jo zerbitzua, ez dituelako «ahalduntzea eta ahizpatasuna» bermatzen.

Santurtziko jai batzordeak proposatu zion udalari doako laguntza eskaintzen zuen zerbitzua jartzea; boluntarioek eskainiko zuten laguntza, baina udalak ez zuen eramangarria ikusten proposamena, eta festak antolatzen dituen enpresa baten esku utzi zuen zerbitzua. Hasieran, lehenengo asteburuan soilik jartzeko asmoa zuten; orduero, 01:00etatik 06:00ak arte. Horretarako, Olatuen parkean jarrita zegoen karpara agertu behar zen eskatzailea, eta etxerako bidean konpainia nahi zuela esan; han zeuden lau boluntarioetatik batek autoz edo oinez lagunduko zion. Udalak azaldu duenez, laguntza eskatu zuten gehienak «auzo baztertuetan» edota «irtenbiderik gabeko kaleetan» bizi ziren.

Lehenengo asteburu horretako erantzuna «oso ona» izan zela eta «jende askok» erabili zuela adierazi du Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Ivan Lopezek; beraz, zerbitzua jaien bukaerara arte luzatzea erabaki zuten. Balorazio «positiboa» egin dute: «Guztira, 380 emakumek eta hamar neska adingabek erabili dute zerbitzua; prebentziorako urrats berriak egiten ari gara».

Santurtziko Marimatraka talde feministak, ordea, ez du begi onez ikusi udalak jaietan martxan jarritako zerbitzua; gainera, proposamena aurrera eramatean haiekin «ez kontatu» izana egotzi diote. Laguntza zerbitzuaren alde agertu ez arren, feministek adierazi dute inola ere ez dutela egingo zerbitzu hori erabili duten pertsonen «aurka», finean, erabilera horren atzean eraso sexistekiko «beldur erreal bat» dagoelako. Hala ere, «neurri hutsaltzat» jo dute zerbitzua, «segurtasun sentsazio faltsua» ematen duelakoan. Feministentzat, garrantzizkoa ez da «momentuko neurrietara jotzea», baizik eta emakumeak ahalduntzea eta ahizpatasuna zein autodefentsa feminista bideratzea.

Azkenik, gogora ekarri dute arazoa egiturazkoa dela: «Sistemarena zein gizarte patriarkalarena». Hala, erantsi dute badaudela beste modu batzuk horien aurka egin ahal izateko: «Autodefentsa feminista ahalbidetzen duten eztabaidak sor daitezke, emakumeak ahalduntzeko, eta ez gure askatasuna murrizteko». Santurtziko Udalarekin aritzeko prest agertu da, hala ere, Marimatraka talde feminista: datorren urtera begira, elkarlanean herritarrentzako protokolo bat sortzea proposatu dio.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna