Katalunia, U-1etik urtebetera. Aldarrikapenaren ondorena

Egun «ezin izugarriagoak»

Batzuek diote independentzia deklaratu eta Generalitateko kideak erbesteratzeko plan bat zegoela. Beste batzuek ezetz diote. Zer gertatu zen jakiten ahalegindu da BERRIA.

Carles Puigdemont Gironako kaleetan barrena pasieran, joan den urriaren 28an, Marcela Topor emaztea alboan duela. ROBIN TOWNSEND / EFE.
Igor Susaeta.
Bartzelona
2018ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Euforia sentipen kolektibo batek bultzatuta, Kataluniako Parlamentuaren kanpoaldean zeuden milaka herritarrek cava botilak ireki zituzten, eta, emozioari ezin eutsita, topa egiten hasi ziren. Katalunia estatu independente aldarrikatu berri zuen legebiltzarrak. Iazko urriaren 27ko 15:27 ziren. Abian zen errepublika.

Orduantxe bertan, Carles Puigdemont Generalitateko presidentea eta Oriol Junqueras presidenteordea elkarren ondoan zeuden eserita hemizikloan. Batera altxatu ziren segidan, ia batera lotu zuten jakaren botoietako bat, eta bi hitz egin zizkioten elkarri, txalo jo bitartean. Tentsioak janda bezala zeuden, eta halatsu Generalitateko kontseilari ia guztiak. Kanpoko poza ez zen, ez, neurri berean hedatu hemiziklo barrura. Generalitateko kideek gainera zer zetorkien sumatzen zuten: erbestea edo kartzelaldia. Batzuek alde egitea erabaki zuten, eta beste batzuek, Katalunian geratzea. Protagonistetako inork ez du guztiz argitu zer gertatu zen hurrengo orduetan. Hori jakiten ahalegindu da BERRIA, gertakarien berri duten zenbait pertsonarekin hitz eginda. «Egun haiek ezin izugarriagoak izan ziren Generalitateko kideentzat», nabarmendu du kontseilari baten senide batek.

Erabakiak modu inprobisatuan hartu zituzten independentzia aldarrikatzeko atarian. Batzuen esanetan, Generalitate osoa erbesteratzeko plan bat zegoen antolatuta; bada, ordea, kontrakoa dioenik. Haietako batek, erbesteratuta dagoen kontseilari batek, asteak pasatu zituen gobernuko kideei ohartarazten komeni zitzaiela hainbat agertoki posibletarako estrategiak diseinatzea.

Ostiralean, 27an, kontseilarietako batzuek haien kontseilaritzetako langileak agurtu zituzten. Espainiako Gobernuak konstituzioaren 155. artikulua aplikatu zuen independentzia aldarrikatu eta berehala; autogobernua bertan behera utzi zuen, eta, horrenbestez, kontseilari guztiak kargugabetu zituen. «Kontseilari bati pailazokeria iruditzen zitzaion astelehenean lanera joatea. Baina denek ez zuten berdin pentsatzen», azpimarratu du senideak. Josep Rull Lurralde eta Iraunkortasuneko kontseilari kargugabetua joan zen; bakarra izan zen. Aintzat hartu behar da, halere, artean ez zegoela haien kontrako atxilotze agindurik, ez eta inongo auzitegira bertaratzeko ohartarazpenik ere.

Baina komeni da berriro 27ra itzultzea. Kataluniako Gobernuko kideen zain zeuden herritarrak Sant Jaume plazan, independentzia aldarrikapena haiekin batera ospatzeko asmoarekin, haiei harrera egiteko intentzioarekin. Ez ziren agertu. Senide bat mintzo da: «esan zuten ez zirela joango». Zenbait egun zeramaten «mehatxu larriak» jasotzen. «Dardarka hasteko modukoak ziren. Independentzia aldarrikatu eta horri eutsiz gero zerbait larria gertatuko zela ohartarazten zieten». Gau hartan, bakoitza bere etxera joan zen.

28an, larunbatarekin, deigarria izan zen Puigdemont Gironan pasieran ikustea Marcela Topor emaztearekin batera. Han ibili zen eguerdian, han bazkaldu zuen, eta bere herrikideen beroa jaso zuen. «Ez daude bakarrik», esan zioten. Egun hartan bertan, gobernuan zeuden alderdietako ordezkariekin —PDeCAT Alderdi Demokrata Europar Katalana eta ERC Esquerra Republicana— eta ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta Omnium Culturaleko agintariekin batzartu zen Empordako masia batean (Girona).

Bitartean, Junquerasek eta Carles Mundo Justizia kontseilari kargugabetuak izan ezik, gainontzeko kontseilariek bilera bat egin zuten Ipar Katalunian. Clara Ponsati Hezkuntza kontseilari erbesteratua ez zen agertzekoa; ez zuen batzarraren berri. Alde egitea erabakita zeukan, eta Frantziako tren geltoki batean zegoen enkontrura agertzeko deitu ziotenean.

Hurrengo egunean ere, 29an, igandearekin, zer egin erabakitzeko elkartu ziren. «Denok baloratu genuen ihes egitea, kartzelara joatea... Faktore pertsonalak daude tartean; batean edo bestean pasatuko duzun denboraren kalkulua...», aitortu zion Cominek BERRIAri joan den martxoaren 21ean argitaratutako elkarrizketa batean. Puigdemontek ez zuen parte hartu Ipar Katalunian egindako bi bileretan, eta, beraz, Jordi Turull Presidentetza kontseilari kartzelatuak gidatu zituen. Hori bai, Puigdemontek argi esan zien kontseilariei: «Ezin dut inor behartu, baina nahiago nuke denok erbesteratuko bagina». Senidearen esanetan, baina, batzuei ez zitzaien «burutik pasatu ere egiten» kanpora alde egitea. Rull larunbat gauean itzuli zen Bartzelonara, eta ez zen egon igandeko bileran. Turull eta Raul Romeva Atzerri Gaietarako kontseilari espetxeratua igandean bueltatu ziren.

Giro «txarra»

Puigdemont bere kabuz erbesteratu zen Bruselara. Comin, Meritxell Serret (Nekazaritza), Clara Ponsati (Hezkuntza), Lluis Puig (Kultura), Joaquim Forn (Barne), Dolors Bassa (Lana) eta Meritxell Borras (Gobernantza) ere Belgikako hiriburura joan ziren. Anabasa handia zen. Haien familiakoek ere ez zekiten non zeuden. Harik eta agerraldi bat egin zuten arte, urriaren 31n, asteartearekin. Gau hartan bertan, Forn eta Bassa Kataluniara itzuli ziren. Aurrenekoari Bartzelonako aireportuan itxaron zion espainolista talde batek, eta iraindu egin zuten. Hurrengo egunean bueltatu zen Borras.

Hortaz, batzuk Belgikara erbesteratuta, eta besteak Auzitegi Nazionalera deklaratzera joatekoak —Auzitegi Gorenak abenduan hartu zuen kausa guztia bere gaian—. Aurkeztu ziren auzitegira, eta Carmen Lamela epaileak Junqueras, Rull, Turull, Romeva, Forn, Bassa, Mundo eta Borras kartzelatu zituen azaroaren 2an. Hartutako erabakietan aho batez ez jokatzeak «giro txarra» eragin du, BERRIAren iturrien arabera.

Erbesteratu ala ez erabaki aurretik, senideak dio kontseilariek elkarri galdetzen ziotela: «'Nola bukatuko da hau guztia?'». Gero eta «deserosoago» sentitzen ziren urrian zehar, «batez ere azkeneko erabakiekin», baina «aurrera» jarraitzeko konpromisoa zuten. Bukaerara heldutakoan, independentzia aldarrikapenera, kanpoko euforia eta poza ez ziren hemizikloaren barrura heldu. Kataluniako Gobernuko kideak egun «ezin izugarriagoen» atarian zeuden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.