Itzala uzten ari den zerbitzua

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 3.300 pertsona inguru ari dira etxez etxeko laguntza zerbitzuan; emakumeak dira gehienak. Dozenaka mobilizazio egin dituzte aurten, lan baldintzak hobetzea eskatzeko eta milaka pertsonarentzat funtsezkoa den lana ikusarazteko.
Arabako etxez etxeko laguntzaileen elkarretaratzea, martxoaren 8an.
Arabako etxez etxeko laguntzaileen elkarretaratzea, martxoaren 8an. JUANAN RUIZ / FOKU

Jon Rejado -

2018ko abenduak 7
Oihartzuna lortzen ari dira etxez etxeko zerbitzuko langileen mobilizazioak. 3.300 langile inguru dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Bada, horietatik 2.700ek baino gehiagok grebara jotzeko aukera jarri dute mahai gainean aurten: Bizkai eta Araba osoko langileek, Donostiakoek, Arrasatekoek... Gaur egun, 1.500 daude mobilizatuta, Bizkaian. Manifestazio eta elkarretaratze horiek argitara atera dute askorentzat ikusezina zen sektore bat. Dozenaka mila pertsonaren bizitza kalitatea bermatzen duen zerbitzu bat. Eta hori ahalbidetzen duten langileen lan baldintzak.

Maia Beitiak, ELAko Gizarte Esku Hartzeko arduradunak, etxez etxeko langileek egiten duten lanaren balioa nabarmendu du. «Gizarte eredu gizatiarrago batekin lotuta dago zerbitzu hori». Mendekotasuna aitortua duen orok eska dezakete: adinekoek, adingabeek, buruko gaitzak dituztenek... Etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek pertsona horien bizitza kalitatea hobetzea dute helburu eskainitako zerbitzuen bitartez. Ordea, Maiak azaldu du laguntza harago joaten dela. «Langileek esan ohi dute psikologo lana egiten dutela; etxe batera heldu, eta pertsona hori negarrez ikusiz gero, ezinezkoa da etxea garbitzen hastea».

Beitiak gaineratu du urteetan ezkutatuta egon den sektorea dela. Hala hausnartu du Julen Rozasek ere, LAB sindikatuko Sektore Soziokomunitarioko Bizkaiko arduradunak. Rozasek azaldu du Bizkaiko mobilizazioetan bi fase irudikatu zituztela. Lehenik, udaletako ordezkari eta alderdiekin bildu ziren. Orduan antzeman zuten etxez etxeko laguntzaileen ogibideari buruzko ezjakintasunaren nondik norakoa. «Zenbaitek agerian utzi zuten ez dutela zerbitzua ondo ezagutzen, eta deigarria da, haiek finantzatzen baitute». Bigarren fasean, kalera aterako dira, egiten duten lana ezagutarazteko helburuarekin. «Oro har, jendeak ez du zerbitzua ezagutzen, ezta zer garrantzi duen ere».

Feminizatutako sektorea

Beitiak gogora ekarri du etxez etxeko laguntza zerbitzua sektore oso feminizatua dela. «Donostian, adibidez, 400 langiletik hamahiru inguru dira gizonak». Egoera berdintsua da gainontzeko herrialdeetan ere. Emakumeak dira, beraz, langile gehienak, eta, gainera, batez besteko adina «nahiko handia» dute, 50 urte ingurukoa. Nagusiki bakarrik egiten dute lan. «Langileek ez dute elkar ikusten, eta, askotan, ez dute elkar ezagutzen». Langile bakoitzak aparte egiten du lan, eta, horren ondorioz, ez dute elkarren artean hitz egiteko aukerarik. «Izugarrizko meritua du lortzen ari garen mobilizazio mailak», nabarmendu du ELAko ordezkariak.

Horren harira, Beitiak gogora ekarri du urteak direla etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileak kalera ateratzen ari direla. Haren arabera, ordea, ikusgarritasun handiagoa lortzen ari dira aurten. Indar hori emakumeen ahalduntze prozesuarekin lotu du nagusiki. «Emakumeak gure plaza hartzen ari gara kalean, eta, horren bidez, mobilizazioek eta protestek oihartzun handiagoa izaten dute». ELAko ordezkariaren iritziz, horrek guztiak ahalbidetu du mobilizazioek horrelako ikusgarritasuna lortu izana. «Batetik, langileek hasieran baino gehiago sinesten dute borrokan, eta, bestetik, gizartea bera ere beste puntu batean dago».

Borrokatzen jarraitzeko beharraz ohartarazi dute Beitiak eta Rozasek. Egoera oso desberdina dute bateko eta besteko langileek, antolaketaren ondorioz: Bizkaian herrialde mailako lan hitzarmena dago, eta udalerriek dute zerbitzua eskaintzeko edo azpikontratatzeko ardura; Araban ere herrialde mailako lan hitzarmena dago, baina Arabako Foru Aldundiak eskaintzen edo azpikontratatzen du etxez etxeko zerbitzua; Gipuzkoan, aldiz, ez dago herrialde mailako hitzarmenik, udalerrikakoak baizik, baina, Bizkaian bezalaxe, udalek eskaini behar dute zerbitzua.

Askotariko antolaketa horien ondorioz, ezberdinak dira langileen lan baldintzak, lekuaren arabera. Hala eta guztiz ere, ELAko eta LABeko ordezkariek zehaztu dute langileek arazo bertsuak pairatzen dituztela herrialde guztietan. Soldatarekin batera, «gehiegizko malgutasuna» da arazo nagusia: zerbitzuak banatuta egon daitezke, esate baterako, 07:00etik 23:00ak arte. Lan istripuen eta gaixotasunen aitortza ere eskatzen dute. Gai horrek absentismo handia eragiten duela azaldu duela azaldu du Rozasek; gihar eta hezurretako gaitzak aipatu ditu bereziki. «Emaitza da etxez etxeko langile gutxik hartzen dutela erretiroa pentsio osoarekin: aurretik lanaldia murrizten dute, erretiroa aurreratu...».

Egoera horri aurre egiteko, hamaika eskaera egin dituzte langileek. Nabarmendu dute beren lan baldintzak hobetuta zerbitzua hobetuko litzatekeela, eta gaineratu dute gizarte osoaren mesederako izango litzatekeela hori. Zerbitzuaren garrantziaz ohartarazi du Beitiak: «Gutako edozeinek zerbitzu horien beharra izan dezakegu, etorkizun gertuan edo urrunean, istripuagatik edota zahartzen garelako».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria