Oihane Fernandez Lasarte. EHUko Psikor ikerketa taldeko ikertzailea

«Integrazioak ere badu eragina arrakasta akademikoan»

Eskola errendimendua baldintzatzen duten faktoreak izan ditu oinarri Fernandezek bere azterketan. Emozioek eta autokontzeptuak eragina dute ikasleengan, baina gutxi lantzen dira.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
2019ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Nerabeen eta gazteen eskola errendimenduan zer faktorek eragiten duten aztertu du Oihane Fernandez Lasartek, (Mutriku, Gipuzkoa, 1979) Euskal Herriko Unibertsitateko Psikor ikerketa taldeko ikertzaileak. Sostengu soziala, adimen emozionala eta autokontzeptua izan ditu ardatz. Lehenengoa, hain zuzen, pertsona bat zainduta, baloratuta, maitatuta egotean datza, talde baten parte sentitzean. Adimen emozionala, berriz, emozioak ulertzeko eta horiek erregulatzen jakiteko gaitasuna da. Eta autokontzeptua pertsona batek bere buruaz duen pertzepzioa da.

Zer eragin dute sostengu sozialak, adimen emozionalak eta autokontzeptuak eskola errendimenduan?

Uste genuena baieztatu dugu ikerketarekin: zenbat eta hobeak izan harremanak, adimen emozionala eta autokontzeptua, hobeak izango dira errendimendu akademikoa, eskola integrazioa eta inplikazioa. Izan ere, integrazioak ere badu eragina arrakasta akademikoan. Espero genuen adimen sozialak berak bakarrik izatea eragina, baina ez dugu emaitza hori jaso; ikusi dugu autokontzeptuaren beharra duela arrakasta akademikoa lortzeko.

Sexuak baldintzatzen al du arrakasta hori? Gizarteak emaitza desberdinak espero ditu genero rolei dagokienez?

Estereotipoek eragin handia dute; lorpen edo gaitasun errealek baino eragin handiagoa askotan. Hezkuntzan eta sozializazioan emaitza batzuk espero dira mutila edo neska izan, eta horrek asko baldintzatzen du ikasleen jarrera. Nesken aldetik espero da esfortzu handiagoa erakustea. Mutilek, berriz, segurtasun akademiko handiagoa dutela uste du gizarteak.

Estereotipo horiek badute eraginik ikasleen emozioetan?

Arlo askotan eragiten dute, hala nola sentimenduetan, pentsamenduan eta jokaeran. Adimen emozionalean ikusten da neskek arreta handiagoa jartzen dietela emozioei; txikitatik lantzen da gai hori haiekin. Ondorioz, errazago jartzen dute arreta emozioetan. Horrek, batzuetan, zaildu egiten du ulermena erregulatzea, eta erlazioa dauka antsietate eta depresio kasuekin. Mutilentzat errazagoa izaten da, normalean, emozioak ulertzea eta erregulatzea; hori dela eta, ez dira blokeatuta gelditzen, eta irtenbide bat ematen diete. Gainera, askotan, ez gara kontziente izaten estereotipoez; horregatik da hain garrantzitsua hezkuntzan hori desagerraraztea. Estereotipoekin apurtzeko, beharrezkoa da etengabe hausnartzea, eta pentsamendu kritikoa izateak ere sekulako garrantzia du.

Nerabezaroa ikasketetarako garai zailenetako bat al da?

Batez ere nerabezaro erdia da zailenetakoa, 15 eta 17 urte bitarteko garaia. Izan ere, etapa horretan ikasleen emaitzek behera egiten dute, oro har. Hori azaldu dezaketen arrazoi ugari daude: alde batetik, helduengandik askatu beharra sentitzen dute, identitate propioa finkatu nahi izaten baitute, baina, aldi berean, helduen beharra daukate. Bestalde, Bigarren Hezkuntzatik aurrera irakasle asko izaten dituzte, irakasgai bakoitzeko bat, gutxi gorabehera. Horrek erlazio hurbilak izatea zailtzen du. Haur eta Lehen Hezkuntzan, ordea, tutore bat izaten dute ikasleek, eta errazagoa da erreferente bat edukitzea. Ikasketa maila horietan presio akademikoa handiagoa da, eta lehiakortasuna ere areagotzen da. Horrez gain, zentro aldaketak izaten dira, eta nerabeak galduta sentitu ohi dira.

Unibertsitatean egonkortasuna berreskuratzen da?

Oro har, aldagai guztiek egiten dute hobera. Ibilbide akademikoan gorabeherak izaten dira, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera. Hala ere, unibertsitate garaian arreta, interes eta motibazio falta nabari izan dugu; emozioen inplikazioak behera egiten du. Literatura zientifikoak dio izan daitekeela lan mundura sartzeak sortzen dizkien zalantzengatik. Geroz eta zailago ikusten dute lanpostu bat aurkitzea, eta hori ere nabari da eskola errendimenduan.

Ikerketan ondorioztatu duzue irakasleak eta familia funtsezkoak direla eskolan. Zergatik?

Irakasleek eragin zuzena daukate errendimenduan, ikasleen inplikazioan eta integrazioan. Familiek, berriz, asko eragiten dute adimen emozionalean eta autokontzeptuan, hau da, aldagai psikologikoetan batez ere. Hori dela eta, elkarlanean aritu behar dira, norabide berean. Oso garrantzitsua da familiek jakitea eurek haurrengandik espero dutenak baldintzatu egiten duela ikasleen jarrera. Azken finean, ikasleek bidea egiten dute gurasoek haiengan sinesten badute, eta hori sustatzen badute. Askotan, eragina duten aldagaiak ez dira bakarrik maila sozial, ekonomiko eta kulturala, baizik eta zer garrantzi ematen zaien esfortzuari, lanari eta ikasketei, adibidez. Hori izango da ikasleen motorra.

Gaur egun lantzen al dira aldagai horiek?

Ez dira behar beste lantzen. Kontuan izan behar da nola dagoen antolatuta hezkuntza sistema, ez baita irakasleen eta familien ardura bakarrik. Ikastetxeetan curriculum bat egoten da, eta konpetentzia batzuk lortu behar izaten dituzte ikasleek; arreta edukietan eta notetan jartzen da. Emozioak eta autokontzeptua landu beharreko gaietatik kanpo gelditu ohi dira, baina interesgarria izango litzateke eskola proiektuetan sartzea. Oso garrantzitsuak dira, eta arlo horiek jorratzeak eskola porrota amaitzen lagundu dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.