Zerua ez da garbitzen Hondarribiarentzat

Apiriletik aurrera, Air Nostrumek Donostia-Madril lineako sei hegaldi gutxiago egingo ditu astean. Udan, ez da izango aparteko beste joan-etorri egonkorrik. Pistaren luzerak baldintzatuta dauka aireportua.

2017. urtean pista txikiagotu egin zuten, eta, orduz geroztik, Hondarribiko aireportuak soilik hegazkin mota jakin batzuk har ditzake. JON URBE / FOKU.
Irune Lasa.
2019ko martxoaren 21a
00:00
Entzun

Etorkizunarekin kezkatuta daude Hondarribiko aireportuan. Iazko ekitaldia bidaiari kopurua handituz itxi bazuen ere —289.000 bidaiarirekin (+%2,7)—, Gipuzkoako aireportuari asko kostatzen ari zaio suspertzea AENAren murrizketek hasitako eta krisiak sakondutako moteltzetik. Aerodromoak oraindik urrun du 2007. urtean erdietsitako 466.000 bidaiarien errekorra.

Aurten, gainera, zaila izango du kopuruak askoz gehiago hobetzea: aireportuan lan egiten duten bi konpainietako batek, Iberiaren Air Nostrumek, Donostia-Madril lineako sei hegaldi bertan behera utziko ditu, apiriletik aurrera. Astelehenetik ostegunera, Madrilera egunero dozena bat joan-etorri egiten jarraituko du Air Nostrumek, baina zortzira mugatuko ditu ostiral, larunbat eta igandeetan.

Iberiaren AIG taldeko beste konpainia bat da modu egonkorrean Hondarribian aritzen den beste konpainia:Vueling. Bartzelonarako bidaiak egiten ditu, egunean lau joan-etorri. Madrilekin eta Bartzelonarekin dituenez gain, aurtengo udan ere Hondarribiak ez du beste aparteko loturarik izango. Halakoak Lutonera (Londres) eta Palmara (Balear Uharteak) egiten ziren aireportuan, baina bi hegaldiak bertan behera gelditu ziren 2017an, pista txikitu zenean.

Premiazko bilera

Hain zuzen, udarako hegaldiak lortzeko lan horretan aritu da Ortzibia, aireportua sustatzeko sozietatea —Donostiako, Hondarribiko eta Irungo udalek, Gipuzkoako Aldundiak, Gipuzkoako Ganberak eta Jaurlaritzak osatua—. Baina, oraingoz, hainbat aire konpainiarekin egindako saiakera guztiak antzu izan dira Ortzibiarentzat. Sozietateak esan du ez duela itxaropenik galtzen, eta hurrengo azoka nagusietan hegaldiak lortzeko saiatzen segituko duela.

Dena den, Ortzibia kezkatuta dago azken hegaldi murrizketarekin. Joan den asteazkenean plazaratu zuen agirian dioenez, presazko bilera eskatu dio Iberiari, Air Nostrumen hegaldien gutxitzeaz hitz egiteko.

Hondarribik zaila izango du, hala ere, aurreikusitako hegaldi kopurua handitzea, besteak beste, bere pistaren luzerarekin erabat baldintzatuta dagoelako eta, oraingoz, hura handitzea erabat bazterturik dagoelako.

Aerodromoak soilik hiru motatako hegazkinak har ditzake: Air Nostrumek erabiltzen dituen ATRak, Embraer 190ak eta Airbus A319ak. Air Nostrumek, adibidez, ATR hegazkin kopurua mugatua du, eta hegazkin horiek beste zenbait hegalditarako ere erabiltzen ditu, esaterako, Bartzelona-Melilla egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.