Albistea entzun

Bakartxo Ruiz. EH Bilduko parlamentaria

«Aurrekontuetako itunak ez du esan nahi txeke zuririk eman dugunik»

Maiatzean agur esango dio lehen lerroari. 11 urtean, bertatik bertara ikusi ahal izan du Nafarroako politika zenbat aldatu den. Azaldu du «zailtasunak zailtasun» EH Bildu funtsezkoa dela eskuinaren alternatiba izango den gehiengoa egituratzeko.
IÑIGO URIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Joxerra Senar -

2022ko azaroak 12 - Iruñea

Bakartxo Ruizek (Iruñea, 1977) maiatzean agur esango dio Nafarroako Parlamentuari, hiru legealdiotan bere etxea izan denari. Berriki, EH Bilduk Mahai Politikoko eledun izendatu du, baina argi utzi nahi izan du maiatzera arte egongo dela. Politikaren lehen lerrotik egindako lan instituzionala kalearekin uztartu behar dela uste du, eta, horregatik, «ezinbestekotzat» jo du gaur Bilbon EH Bilduk antolatu duen manifestazioan parte hartzea. «Ukrainako gerran edo klima aldaketan eliteen alde hartutako erabakiak atzeraezinak direla sinetsarazi nahi digute, baina guk argi diogu Euskal Herrian alternatibak eraikitzeko aukerak badirela».

Maiatzean iragarri zenuen azken legealdia izango duzula hau. Zergatik?

Ziklo pertsonal eta politiko bat bete dut. Oso argi dut politikatik ez naizela aldenduko eta EH Bildun lanean jarraituko dudala, baina beste modu batean egingo dut. Politika instituzionalak baditu alde onak, baina badu beste alde bat, nekagarriagoa dena eta behartzen zaituena bestelako lehentasunak alde batera uztera. Ona da oxigenatzea.

Mahai Politikoko eledun izendatu izanak esan nahi du lehen lerroan jarraituko duzula?

Ez, ekainetik aurrera ohiko militante baten moduan egingo dut nire ekarpena. Ikasturte honi begirako ardura da.

Politikak maiz ospe txarra du kalean. Behin barrutik ezagututa, zer iritzi duzu?

Momentu batzuetan are ulergarriago egiten dira kalean jendeak dituen aurreiritzi batzuk eta frustrazio batzuk. Izan ere, politika instituzionala ez da askotan nahiko genukeen bezain eraginkorra eta azkarra, ez dielako erantzuten herritarrek unean eta tokian bertan dituzten beharrei. Uste dut bertan egiten dugun lanak, bestelako esparruetan egiten denarekin batera, eraman beharko gintuzkeela hausnartzera nola optimizatu lan hori.

Atzera begiratzean zerekin geratzen zara arlo pertsonalean?

Izan ditudan lankide guztiekin eta oro har eman dizkidan aukerekin: ezagutzen ez nituen pertsonak eta lan esparruak. Bilakaera pertsonalean mugara eramaten dituzu dohainak, eta zure buruari frogatzen diozu aldez aurretik sekula pentsatuko ez zenituzkeen hainbat gauza egiteko gai zarela, bai eta zure mugak dituzula ere. Neure burua hobeto ezagutzeko aukera eman dit.

Eta arlo politikoan?

Aldaketak ezinezkoak direla esan izan digute bizitza osoan, eta etsita nahi izan gaituzte; baina, arlo politikoak eta sozialak bat eginez gero, gauzak alda daitezke. Ni 2011ko legealdian sartu nintzen, Barcina presidente zela, PSNren eta UPNren arteko koalizio gobernu batean. Bere gorabeherekin, aldaketa sozial eta politikorako bide bat egiten hasi zen, bai kalean, bai eta instituzioetan ere. Horrek emaitza bat izan zuen 2015ean, eta niretzat bigarren legealdiko irudia da Joseba Asiron udaletxe plazan alkate makilarekin eta Uxue Barkos Nafarroako lehen presidente abertzale eta euskalduna izatea, PSNren eta UPNren botoen beharrik gabe. Hori sekula inork pentsatuko ez lukeen zerbait da. Legealdi honetan, berriz, PSNk zortzi urtean egindako biratze politikoa irudikatu ahal izan da, UPNrik gabeko gobernu batean. Zailtasunak zailtasun, bestelako gehiengo batzuk eraikitzen gabiltza.

PSNk baldintzatu al du aurreko lau urteetako ildo politikoa?

2019an, alderdi sozialista bidegurutze batean zegoen. Oso ongi zekien UPNren eskutik jarraitzeak nora eramango zuen eta bestelako gehiengoak osatzea beste aukerarik ez zuela. Denok izan dugun zailtasun nagusietako bat izan da kosta egiten zaiola eskuinaren marko horretatik ateratzea .

Non egin da aurrera, eta non atzera?

Politikoki, aurrera egin da eskuinaren aurrean bestelako gehiengo pluralak eraiki eta indartzean. Askoren artean, gutxieneko komun batzuk adostu ditugu. Zertan ez dugu aurreratu? Konplexuak izan ditu PSNk. Zerga politikan deus gutxi aurreratu dugu, eta planteatu liteke atzera ez egitea aurrera egitea dela. Guretzat ez da nahikoa. Botere faktiko batzuen aurrean edo hizkuntz politikan eskubideak aitortzearen arloan, atzera egin da. Horren adibide da hizkuntza planik ez izatea.

Ezinezkoa al da UPNren eta PSNren arteko ententea itzultzea, ala arriskua ez da desagertu?

Politikan ezer ez da ezinezkoa, eta oso argi dago alderdi sozialistaren barruan badagoela tentazioa betiko erregimenaren markora eta politikara itzultzeko.

Autogobernuari dagokionez, kezkatuta zaudete trafikoaren eskumena oraindik ez delako itzuli eta ekarpenaren kalkulua ez delako hitzartu?

Agerikoa da autogobernuan ez dela anbizio nahikorik izan. Aldez aurretik pentsa zitekeen Madrilgo gobernuko indar nagusia Nafarroako gobernuko indar nagusiaren kolore politiko berekoa izateak akordioak erraztuko zituela. Errealitatea ez da hori izan. Ematen du, askotan salatu izan dugun bezala, Madrilek zer esan, Nafarroak men egiten duela. Espainiako Gobernuak jarraitu du gure erabakiak auzitan jartzen, eta PSNk horren jarraipen itsua egin du. Gainera, duela urtebete, Foruaren Hobetzeari buruzko lantalde bat sortzeko konpromisoa hartu zuen PSNk, baina immobilismoan jarraitzen dute. Eztabaidari berari diote beldur.

Laugarren urtez akordioa lortu, eta EH Bilduk bide emango die 2023ko aurrekontuei. Ez dela kasualitatea diozu. Zergatik?

Logika politiko jakin bati erantzuten diolako. Legealdi hasieran hartu genuen erabakiaren ondorio delako, eta laugarren aurrekontu hauetan ere, aurreko hiruretan egin bezala, erabaki politiko bat dagoelako. Ez dira geuk egingo genituzkeen aurrekontuak, baina gure parte hartzeak aurrekontuak hobetu ditu. Guretzat inportantea zen legealdiko logika amaieraraino eramatea. Horrek ez du esan nahi aurrera begira txeke zuririk emango dugunik.

Javier Esparzak PSNri leporatu dio EH Bildu atera dela irabazle. Hala al da?

Nafarroan, Esparza jaunak eta mundu guztiak daki EH Bildu erabakigarria dela eskuinaren alternatiba izango den gehiengo bat antolatzeko. UPN gobernutik kanpo dagoen honetan, presidente izatea da haren obsesioa, eta azken aukera baliatu nahi du. Haren asmoa ez da Nafarroako herritarren botoetan oinarritzea, Madrilen erabaki dezaketenaren arabera egitea baizik. Eskuinak beti erabili du tresna hori.

Bozetan, badirudi eskuina zatituta eta UPN bakarrik aurkeztuko direla. Zer dela eta?

Gobernutik kanpo beste lau urtez egon daitezkeela aurreikuste hutsak hondamendira eramango lituzke. Hori da haien problema nagusia. Ez dut baztertzen, hortaz, eskuinaren antolamenduaren inguruko erabakiak egoera politikoa baldintzatzeko egitea, haien obsesio bakarra Nafarroako Gobernua gidatzea delako. Edozer gauza egiteko prest dira. Oso agerikoa da Madrilen ate joka dagoela. Argi geratu zen hori otsailean, lan erreformaren bozketan, eta argi geratzen da Esparzak egiten dituen adierazpenetan.

Sei hilabete falta dira bozetarako. Nola ikusten dituzu?

Ez dut zalantzarik egungo gehiengoak indartuta aterako direla, eta aldaketa handirik ez dela izango. EH Bildu indartsuago ateraz gero, berme handiagoak izango dira azken bi legealdietan irekitako bideak urratzen jarraitzeko eta aukera berriak irekitzeko.

Laura Aznal da hautagai. Kanpora begira ez da aurpegi ezaguna. Zer ekarpen egin dezake?

Izan dezakegun hautagairik onena da. Freskotasuna ematen digu, eta gogoa eta ilusioa gehitzen dizkio proiektuari. Ezagun izateaz edo ez izateaz, zer esango dut nik: 2011n hasi nintzenean ez ninduen inork ezagutzen. Hori denborak ematen du. Dohain pertsonal eta politiko asko azpimarratuko nituzke, eta horietako bat da badakiela entzuten, jendearekin enpatia adierazteko gai dela eta aldi berean serioa dela lanean. Ideiak oso argi ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Aranzadikoak gorpuzkiak lurpetik ateratzen, Urduñako hilerrian. ©IREKIA

Urduñako espetxe frankistan 30 gorpuzki aurkitu dituzte

Olatz Silva Rodrigo

Aranzadi zientzia elkarteak topatu ditu, haiek lurpetik ateratzeko lanetan ari zela. Gogora Institutua biktimen senideekin harremanetan jarri da
 ©ANDONI CANELLADA / @FOKU

«Hiru urte hauetan frogatu dugu serioak garela»

Iosu Alberdi

Akordio «zabala» itxi dute Espainiako Gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan. Kritikak ere entzun dituzte zenbait diru sail direla eta. Ulertzeko zailak dira kritika horiek, Aizpuruaren ustez.
EITB Maratoiaren testuinguruan, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

EITB Maratoian, Ibon Fernandez Iradi presoaren egoera salatu du Sarek

Berria

Fernandezi 2013an diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza, eta, artatze desegokia tarteko, haren egoerak okerrera egin du ordutik. EITBren egitasmoa gaixotasun horren aurkako borrokarako baliatuko dute.

 ©BERRIA

«Ezin dugu EH Bildurekin proiektu handirik partekatu»

Xabier Martin

PSOEk koalizio abertzalearekin itunak «noiz edo noiz» egin arren, «orain» harekin aliantza handiagoak egitea baztertu egin du Guijarrok. Legegintzaldia osorik amaituko duela uste du.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.