Euskal Elkargoaren urteurrena. Alderdien iritziak

Urratsak eta erritmoak

Alderdi gehienek sufragio unibertsalaren beharra ikusten dute Euskal Elkargoan. Bilakaera bat ere beharrezkotzat dute, baina erritmo desberdinak aipatu dituzte.
BERRIA

Ekhi Erremundegi Beloki -

2018ko urtarrilak 28
Zer iritzi dute alderdiek Euskal Elkargoaz? Ordezkari bana eskatu die BERRIAk alderdiaren izenean mintzatzeko. Instituzio lantaldeko kide Menane Oxandabaratz izendatu du EH Baik, eta Sophie Bussiere koordinatzailea EELVk —Ipar Euskal Herriko egitura duten bakarrak dira—. Loic Correge Martxan-eko departamenduko bozeramaileak bere burua izendatu du deitu eta berehala. Errepublikanoek eta Alderdi Sozialistak ez dute erantzunik eman, eta lehendakariordetza bana duten Claude Olivengan (LR) eta Kotte Ezenarrorengana (PS) jo du BERRIAk. Frantzia Intsumisoan, tokiko lantaldeak elkarri galdezka aritu dira; azkenean ez dute erantzun.

MENANE OXANDABARATZ EH Baiko kidea

«Saretze bat abiatu dugu, luzerako ere baliagarri izanen dena»



2018. urtea «garrantzitsua» izanen dela uste du Oxandabaratzek, eskumenak lurralde guzian antolatuko direlako. «Badakigu hor lan handia dela». EH Baiko kide diren hautetsiak batzorde tematiko guztietan sartu dira, eta Euskal Elkargoko 35 hautetsi elkarrekin biltzen hasiak dira, EH Baiko kide eta hurbilekoak, bilkurak aitzin bozkak eta hitzartzeak adosteko. «Saretze bat abiatu dugu lehen aldiz, luzerako ere baliagarri izanen dena».

Sufragio unibertsala lehentasun bat dela dio. «Zerrendak osatu beharko dira, eta lurraldeak kontuan hartu. Politizatuago izanen da. Ez da dudarik horra buruz joan beharko dela». Estatutu Bereziko Lurralde Elkargo batera pasatzeko urratsa litzateke hori. «Zaila da epeak ematea: 2026rako-edo». Baina argi du 2020ko hauteskundeetan abertzaleek eskakizun hori eraman beharko dutela.

Azkenaldian giro bat sortzen ari dela dio: Frantzia-Korsika elkarrizketak, Kanakiako autodeterminazio erreferenduma, Hego Kataluniarekin gertatzen ari dena... «Ez du erran nahi horiekin batera egin behar dugunik, baina bai haize horren boladan».

LOIC CORREGE Martxan-eko bozeramailea

«Tokiko hautetsiak dira Frantzian maitatuenak»



Laborategi baten pareko du Euskal Elkargoa Corregek, «anbiziozko proiektu berritzaile bat», baina aitortu du antolaketa «luzea eta konplikatua» izaten ari dela. «Jakin behar dugu zehazki nork zer egiten duen, non eta noiz».

Sufragio unibertsalaz Martxan-en eztabaida dutela dio, eta gauza «konplikatua» dela, baina gobernantza egokitzeko beharra ikusten du. «Martxan-en zerbait alternatiboa gogoetatzen ari gara, zuzendaritza kooperatibo berritzaile bat-edo». Ez du zehaztu zer forma har lezakeen. Sufragio unibertsalak hautetsiei gustu «garratz» bat uzten ahal liekeela uste du. «Ez da ahantzi behar tokiko hautetsiak direla Frantzian maitatuenak».

Bilakaeraz argi mintzo da: «Uste dut jadanik asko garatu garela. Frantziako elkargorik handiena gara». Hiru erronka nagusi ikusten ditu orain: instituzionala, ekologikoa eta ekonomikoa. «Adostasunak atzeman beharko ditugu».

SOPHIE BUSSIERE EELVko koordinatzailea

«Parekidetasunetik biziki urrun gaude; defizit demokratiko handia da»



Urte batera bilana egitea «zaila» da Bussieren iritziz, antolaketa lanean aritu baita elkargoa orain arte, baina «txalogarritzat» jo du indar politiko ezberdinetako ordezkarien arteko elkarlana. «Baikor» da trantsizio ekologikorako lehendakaritzaorde bat sortu delako, baina indar handiagoa izatea nahiko luke. Haatik, «katastrofikoa» zaio emazteek duten lekua. «Parekidetasunaren ikuspegitik biziki urrun gaude. Defizit demokratiko handia dago, eta espero dut ondoko urteetarako orekatuko dela».

Euskal Elkargoaren alde lan egin badute ere, uste du ez dela «konponbidea». «Berdeak federalistak gara. Guretzat Euskal Herriak esku eta erabaki gehiago izan behar du». Sufragio unibertsalaren aldekoa da, bestela «hautetsi handiek» pisu gehiegi izanen dutelako. «Botere banaketa ere kontuan hartu behar da».

«Urrunago» joan behar dela dio, «eta zergatik ez beste zerbaitetara pasatu; maila lokalean botere handiagoa izatearen aldekoak gara ahalik eta azkarren, betiere errealistak izanez». Bi ikuspegi aurkezten ditu: Euskal Elkargoaren bidez ezagupen instituzional azkarragoa izateko borrokatzea, ala eskumen gehiago lortu eta Euskal Elkargoa garatzea: «Hemen egin daitekeena erakusteko modu bat litzateke, ondoren gehiago lortzeko, segida logiko gisa».

KOTTE EZENARRO Euskal Elkargoko lehendakariordea (PS)

«Ni ere beste hautetsi bat baizik ez naiz elkargo batzarrean»



Hamar elkargoak batzea «zaila» izan bada ere, lehen urtea «arrakasta» izan da, Ezenarroren ustez. «Esperientzia urte bat ere izan da». Zerbitzu publikoen jarraitutasuna bermatzea zen lehentasuna, haren hitzetan, eta orain hasiko da lan «konplikatuagoa», konpetentzia berriak hartzearekin batera, 2018an. Baina segur da elkargoak bide ona hartuko duela.

Sufragio unibertsala «noizbait» iritsiko dela dio Ezenarrok. «Baina urte bateko jardueraren ondotik, onartu behar dugu herri eta herri elkargo guziei parte hartzeko aukera eman diegula, oreka errespetatuta». Herritarrekiko hurbiltasunaz galdetuta, aitortu du «galduak» egon daitezkeela, eta, beraz, «pedagogia» gehiago egitea gomendatzen du.

Geroari begira, ez du aipatu Estatutu Bereziko Lurralde Elkargoa. Nabarmendu du elkargo batzarrak lehentasunak finkatu eta erabakiak hartu beharko dituela; «eta ni ere, elkargo batzar horretan, beste hautetsi bat baizik ez naiz».

CLAUDE OLIVE Euskal Elkargoko lehendakariordea (LR)

«Estatutu Bereziko Lurraldeko Elkargoa da etorkizuna»



«Eraikuntzan» daudela aitortu du Olivek; gauza batzuk «naturalki» aitzinatzen direla, eta besteak «konplikatuagoak» direla, eskumenak hartu eta antolatzea bezala. «Gazteek dioten gisan, 2019-2020rako topera egonen gara».

Sufragio unibertsala ezarriko balitz «gauza ona litzatekeela» dio, Estatutu Bereziko Lurralde Elkargo batera buruz joateko aukera litzatekeelako. «Logikak nahiko luke elkargoko hautetsiak eta presidentea bera ere sufragio unibertsal zuzenaz hautatuak izatea, hasierako lege testuetan aurreikusia zen bezala. Ona iruditzen zait lurraldeen eta herritarren ordezkaritzaren ikuspegitik».

Bilakaeraz «adostasuna» dagoela uste du. «Nire aldetik behintzat, bihar Estatutu Bereziko Lurralde Elkargo batera buruz joateko ideia bada, ni izanen naiz lehen defendatzailea, uste baitut hori dela etorkizuna».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna