Foro Sozialak egia azaleratzera deitu du, biktimei aitortza egiteko

V. Foro Sozialaren azken saioa egin dute Bilbon. Sufrimenduaren kartografia integrala helburu' izeneko txostena aurkeztu dute. Euskal gatazkak eragindako sufrimenduak identifikatu dituzte

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2018ko urriaren 7a
00:00
Entzun
«Biktimek egia jakiteko duten eskubidea beste eskubide guztiak gauzatzeko bidea da: pairatutako sufrimenduaren aitortza, erreparazioa eta justizia». Foro Sozial Iraunkorreko kide Nekane Altzelairen arabera, egiak eskubideen jabe egiten ditu biktimak. Egiarekin bake prozesuak aurrera egitea ahalbidetzen dela ere esan du. «Badakigulako iraganean auzi hau oztopo handia izan dela elkarbizitza demokratikoaren eraikuntzan eta bake prozesuan aurrera egiteko unean. Eta, gainera, egia zauriak sendatzeko tresna bat da». Horregatik, «egia askok osatutako puzzlea» osatzera deitu du, «biktimak aitortuak eta erreparatuak» sentitu daitezen. Eta, horregatik, egia izan da ostiralean Iruñean eta atzo Bilbon egindako V. Foro Sozialaren ardatza. Egia horiek azalera ateratzeko Sufrimenduaren kartografia integrala helburu izeneko txostena osatu dute. Aitzpea Leizaola antropologiako doktore eta Foro Sozial Iraunkorreko kideak aurkeztu zuen atzo.

«Helburu da izenburuaren azken izena, badakigulako osatu gabe dagoela», ohartarazi zuen Leizaolak. «Lan tresna bat da. Gaur [atzo] orain arte egindakoaren ondorioak aurkeztu ditugu, lan guztiek ondorioak uzten dituztelako. Baina osatuz joan beharko da, nahi bada, guk egin ditugun saioen antzekoekin». Metodologia bat osatu dutela azaldu zuen, eta txostena bestelako eragile eta elkarteen esku utzi du, gisa horretako kartografiak herriz herri osatuz joan ahal izateko. Funtsean, hori da Foro Sozialak lortu nahi duena: herriz herri egia azaleratu eta biktimei aitortza egitea.

Hori da atera dituzten bost ondorioetako bat: sufrimenduaren kartografia osatu gabe dagoela, eta beti egongo dela burutu gabe. Horrez gain, ikasi dute minak ezagutu eta ezagutzera eman behar direla, berriz ez gertatzeko. Ezagutu, baita erreparatzeko ere. Era berean, ohartu dira pertsona adina esperientzia daudela, eta esperientzia adina sufrimendu. Sufrimenduak ez duela ideologiarik ere ikusi dute.

Azken hamabi hilabeteetan egindako lanaren emaitza da atzo aurkeztutako txostena. Leizaolak azaldu zuenez, argi zeukaten giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimen lekukotzak jaso behar zituztela. Baina baita euskal gatazkak sortu dituen bestelako biktimenak ere. «Biktimek bi aitortza dituzte: euren bizi esperientziak egindakoa, hau da, badakite biktima direla, eta legeak egindako aitortza instituzionala. Badira bizitza esperientziak biktima direla erakutsi arren aitortza instituzionalik lortu ez duten biktima asko. Eta horrek sufrimendua areagotzen die, aitortza ofizial hori falta dutelako».

Sentipen nagusia, beldurra

Hainbat saio egin dituzte, work coffee estilokoak. Gatazkak eragindako sufrimendua adieraztera animatu dituzte biktimak. Heriotzarekin batera, kategoriarik zabalena edo errepikatuena beldurra izan dela nabarmendu zuen Leizaolak. Aitortu zuen ohartu direla beldurraren lanketak denbora gehiago behar duela. Gogora ekarri zuen askotan aipatu dietela laguntza falta sentitu dutela. «Beste edozein tragediatan automatikoa izaten da laguntza psikologikoa eskaintzea. Adibidez, ezbehar handi bat gertatu denean, erakunde publikoek berehala bidaltzen dituzte psikologoak biktimak artatzera. Gatazkaren biktimekin ez da hala jokatu. Horrek erakutsi digu sufrimendua zelan izan den isilarazia, eta, askotan, sufrimenduak beldurraren forma hartu du». Nabarmendu du biktima asko «blokeatu eta paralizatu» egin dituela beldur horrek.

Kartografia aurkezteaz gain, V. Foro Sozialak orain arte onarpen ofizialik izan ez zuten egiak ofizializatzeko formulan asmatu duten hainbat mekanismo ezagutu dituzte. «Ikerketa akademikoak, udalerri batean gertatu diren sufrimendu guztiak barnean biltzen dituzten mapak, herritarren ekimenez sortu diren egitasmoak eta onarpen instituzionalak lortu dutenak ikusi ditugu», gogoratu zuen ostiraleko Iruñeko saioa. «Egia hauek guztiek biktimek pairatu dituzten sufrimenduak aitortu dituzte; milaka lagunek aurre egin behar izan dieten aldeaniztuneko minak azale- ratu dituzte; pertsona horiekiko euskal jendarteak zuen zor kolektiboa asetzean asmatu dute. Biktimak aitortu dituzte. Haien sufrimendua benetakoa dela aitortu dute, ez dutela gezurrik esan, alegia». Uste du euskal gizarteak biktima horiekin izan duen «zorra kitatzen» laguntzeko baliagarri izan direla.

Egia bilatu dute munduko beste gatazka batzuetan ere. Amaia Alvarez zuzenbide doktoreak justizia trantsizionalaren ikuspegitik errepasatu zituen adibide batzuk. Esan zuen Euskal Herriak bere eredu propioa bilatu beharko duela. Izan ere, haren esanetan, euskal gatazkak baditu ezaugarri berezi batzuk: ez dago erakunde komunik, ez dago adostasunik gatazkaren definizioan, eta bake prozesua ez da ofiziala. Jon Mirena Landa Zigor Zuzenbideko katedradunak bere ustez egia bilatzeko abiapuntua zein izan daitekeen esan zuen: Nafarroako eta EAEko biktimen legeak babestu zituen. «Mugak muga» tresna baliagarri izan daitezkeela uste du, behintzat egia jakin eta biktimak aitortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.