Jean Noel Etxeberri, 'Txetx'. Bakegilea

«Presoenean denboraren presioa dago, baina egoera aldatzen hasi da, lehen aldiz»

Gaur zortzi beteko da ETA armagabetu zenetik lehen urtea. Gatazkaren ondorioen konponbiderako korapilo bat askatu zen; euskal presoen auzia hasi da mugitzen, Frantziako Estatuan. Funtsezkoa izan da Ipar Euskal Herriko gizarte zibilaren lana eta artikulazio kolektiboa. Txetx Etxeberri da aktoreetako bat.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Enekoitz Esnaola -

2018ko apirilak 1
«Hiru ordu lo egin, eta hamar mila galderarekin esnatzen zinen», esan izan du Jean Noel Etxeberri Txetx bakegileak (Donibane Garazi, 1964) orain dela urtebeteko egoeraz. Bete-betean sartua zen ETAren armagabetze prozesuan. Tentsio txikiagoarekin dabil orain, baina badu lanik, betiko moduan.

Aurki da ETAren armagabetzearen urteurrena. Inputatuta segitzen duzue Luhusoko ekinbideko kideok. Nola dago kontua?

Luhusokoaz geroztik ez dugu epailearen aitzinean deklaratu, nahiz eta galdegin dugun. Normalki, inputatu ondotik hilabete batzuetara egoten zara epailearen aitzinean, baina gu oraindik ez gaituzte deitu. Inputatuok ezin gara elkarrekin egon eta komunikatu, eta eskatu dugu neurri hori ere kentzeko. Erantzuten digute lehenik entzun egin nahi gaituztela.

Zer daukazu gogoan apirilaren 8kotik, armagabetze egunetik?

Unerik intentsoenak aurreko egunetakoak izan ziren. Bagenuen informazioa, bazen bide bat irekia Parisekin, baina ez genekien hura guztia tranpa bat zen ala ez. Gainera, jende batek erraten zigun gaizki pasatuko zela. Apirilaren 8a heldu zen, eta berehala hasi ginen ikusten gauzak adostu bezala ari zirela pasatzen, eta kokalekuetako behatzaile zibilen informazioa jasotzean berretsi zen erabat. Barne ministroa ere eguerdirako ildo bertsuan mintzatu zen publikoki.

Arratsaldeko ekitalditik, zer?

Harritu ninduena izan zen Iparraldeko eskuineko jende bat ikustea. Arratsaldeko saioa baino lehen ostatuetan-eta bazkaltzen ikusi nituenean ohartu nintzen armagabetze egunera etorri zirela. Kolektiboki bizi izan zen eguna.

Modu ordenatuan desarmatzeko ETAren azkeneko aukera al zen?

Hori ETAk erran beharko du, baina bazeuden beste aukera batzuk. Kasurako, armategia zegoen lekuan uztea beste urte batzuez eta ETAk erabakitzea bere ibilbidea bukatzea armagabetu gabe. Gu istorio honetan sartu ginenean pentsatu genuen gaizki atera zitekeela. Izan ere, ETAk jarduera armatua bukatutzat eman ondorengo bost urteak galdu egin ziren; ezin zen armagabetzea gauzatu, polizia presioagatik eta. Beraz, armagabetze bat izan gabe egon zitekeen bukatu gabeko irudipen bat. Luhusokotik aitzina, eta gizarte zibilaren parte hartzearekin, desarmatzea teknikoki gauzatzea posible izan zen, atxiloketarik eta tentsio une gehiagorik gabe. Gainera, ekintza kolektibo bat izan zen.

Zer garrantzi dauka kolektiboa izateak?

Euskal Herriaren psikologian askoz indartsuagoa da ekintza kolektibo bat egitea. Euskal gizarteak lan egin du eta arriskuak hartu ditu ziklo armatua betiko bukatzeko eta beste orrialde bat irekitzeko. Hobe da honelako amaiera bat, inorentzako umiliaziorik gabekoa eta kontsentsu kolektibo batekoa, ondoren gauzak modu sanoago batean eraiki ahal izateko.

Desarmatzearen ostean, azkar hasi zineten Frantziarekin euskal presoez hizketan. Espero al zenuten Paris horretan ere sartzea?

Bai. Armagabetzetik bi aste pasatxora albiste on bat gertatu zen: Oier Gomez preso eria aske utzi zuen Frantziak. Apirilaren 8a baino lehen entzun genuen fiskala ez zela haren askatasunaren alde azalduko, baina apirilaren 11n fiskal bera ez zen aurka azaldu. Zantzu positibo bat bezala hartu genuen; uste genuen Frantziako Estatuan armagabetzea aintzat hartu zela. Dena dela, ondoko asteetan izan ziren fiskal batzuk ez zutena kontuan hartu. Ekaineko bozen ondorioz gobernu aldaketa egon zen, Justizia ministroa izendatu zuten, eta ministerioak berehala hartu zuen Ipar Euskal Herriko ordezkaritza bat euskal presoen auziaz aritzeko: uztailaren 10ean. Itxaropentsua izan zen hartu izana.

Zein izan ziren aurreneko lanak?

Lan esparru bat adosteko denbora bat behar izan zen. Baina gauzak martxan jarri ziren, nahikoa azkar, nahiz eta egoera pairatzen dutenentzat —presoentzat eta haien senideentzat— gauzak ez doazen fite. Hilabete hauetan ikusi dugu preso batzuen amak hil direla, edo, Espainiako Estatuan, Xabier Rey presoa zendu dela. Denboraren presioa dago, eta irudipena duzu gauzak ez doazela behar duten abiaduran, baina, aldi berean, kontuan hartu behar da hamarkadetan Parisek espetxe politika jakin bat ukan duela, urrunketan eta sakabanaketan oinarritutakoa, Madril segitu duela itsu-itsuan, eta hori aldatzen hasi dela, lehen aldiz. Luhusokotik aurrerako mugimenduak mugiarazi egin du Paris.

Frantziak DPS estatus batzuk kendu ditu eta zazpi preso hurbildu ditu Mont-de-Marsanera eta Lannemezanera. Balantzea?

Apirilaren 6tik 8ra armagabetzearen lehen urteurreneko foroan aztertuko dugu egoera, modu kolektibo eta plural batean, orain arte aritu garen bezala. Diskrezio bat izatea ere eskatzen du lan honek.

Urte honen hasieran Justizia Ministerioko ordezkari batek iragarri zuen gerturatzeekin hasiko zela Paris. Harritu egin al zineten iragarpena publiko egitearekin?

Gure konpromisoa diskrezioa izatea zen. Berehala Justizia ministroak ere hitz egin zuen, eta, gainera, Frantziako irrati kate publikoan, ofizialean: France Interren. Erran zuen lehen aldiz esparru argi bat dagoela, hor egin ahal dela lana, eta, horri esker, euskal presoen lehen gerturatzeak egonen zirela.

Lehen ere bazeuden edo egon izan dira euskal preso batzuk aipatutako bi espetxeetan.

Baina prozesu honen balioa da aldebiko esparru bat dagoela eta horren ondorioz ari direla egiten gauzak. Asteotako hurbilketak ez dira ohikoak, lan baten emaitza baizik.

Zer gehiago izan duzue hizpide?

Hasieratik erran dugu presoen aurkako salbuespen egoeraren bukaera nahi dugula, bake osoa eta iraunkorra izateko. Baldintzapeko askatasunak, zigorrak murriztea eta larri gaixorik dauden presoak askatzea ere nahi dugu. Orain garrantzitsuena da norabide onean doazela gauzak mugitzen.

Zer irizten diozue Justizia Ministerioak ETAren biktimen Espainiako elkarteak hartu izanari?

Parisen ekimenez egin dira bilkurak. Presoen auzian mugitzea erabaki duenez, ikusiko zuen behar moral bat duela elkarte horiekin egoteko. Bidea ahal den gehienen adostasuna izanik egin nahi du Parisek, eta, batzuekin akordiorik ez baldin bada, behintzat haiekiko errespetua izanik aritu nahi du. Nik uste ongi joan direla bilerak.

Bakegileok ere egon nahi zenuten Covite elkartearekin, baina honek ez zuen nahi izan biltzea.

Duela urtebete genioen armagabetzea ez dela bakea, eta, beraz, bake osoa eta iraunkorra izateko beste auzi batzuk konpondu behar direla: presoena, biktimena eta bizikidetzarena. Presoenean zer egin dugun publikoa da, parte bat bederen, eta biktimen arloa ere lantzen ari gara. Diskrezioz gabiltza hor, sentsibilitateak mugitzen dituen gai bat delako. Bilerak eskatu ditugu, ez soilik Coviterekin. Hark zabaldu zuen gertatu dena; gu ez gara halakoak publiko egiten ari.

Armagabetzearen ostean adierazi zenuen histeria bat nabari zenuela Espainiako prentsan. Orain ere bai presoen auzian?

Kontua ez da armagabetzea edo presoak bakarrik. Kataluniakoa ere hor dago. Iparraldetik begiratuta, harrigarri egiten da bakearen eta elkarrizketaren logikan ez egotea Espainiako gizartea. Tentsio eta enfrentamendu giroa elikatu nahi duen jende bat dago. Frantziako Estatuan hitz egin eta eztabaidatu dezakegu, bederen. Guztien partetik borondatea behar da bake giro bat eraikitzeko.

Frantziako eta Espainiako Justizia ministroak ere bildu berri dira espetxe politikaz mintzatzeko.

Orain arte bi estatuak kolaboratzaile estuak izan dira. Frantziako Gobernuak erabaki du presoen arloan mugitzea, eta normala da Espainiakoarekin hitz egitea. Espero horrek laguntzea Madrili ikusarazteko badirela beste politika batzuk. Bat mugitu bada, bestearengan eragina izan beharko luke.

Badirudi Madrilen aldetik ETAren bukaera arte ez dela espetxe eremuan inolako aurrerapausorik emango. Eta, gero ere, ikusiko...

Bakoitzak urratsak egin behar ditu besteak ere egin ditzan laguntzeko. Distentsio eta bake egoera baterako logikarik egokiena da. Espainia ez dago logika horretan, eta ez dakit haren borondatez etorriko den pauso positiborik.

Nola mugiarazi daiteke Madril?

Kezka handia sortzen dit PPren eta Ciudadanosen arteko lehiak, zein baino zein espainolago eta oldarkorrago baitabiltza. Horrek ez du bake eta bizikidetza agertoki bat eraikitzen laguntzen. Frantzian eskuineko alderdiek eta batzuetan PSk FN borrokatu beharrean arrazoi pixka bat eman izan diote, haren argudio batzuk bereganatuz —kasurako, etorkinen kasuan eta segurtasun politiketan—, eta denborarekin ikusi da FN indartu egin dela. Adore politikoa behar da ideia horiek borrokatzeko. Aldiz, haien jokoan sartzen bazara, gero ezin zara atera. Espainiako Estatuan bizikidetza, bakegintza, elkarrizketa eta demokrazia bezalako balioei garrantzia ematen dieten indarrek oso serio hartu behar dute gaurko egoera, eta buelta emateko ekimen indartsuak ukan beharko lituzkete.

Azkeneko dozena bat urte pasatxoak emankorrak doaz Ipar Euskal Herrian: Laborantza Ganbera (2005), Euskal Elkargoa (2017), ETAren armagabetzea (2017), euskal presoak (2018)... Batera plataformak (2002) Laborantza Ganbera, departamendua, unibertsitatea eta euskararen koofizialtasuna ezarri zituen aldarrikapen nagusi gisa. Zeu izan zinen Batera-ren sustatzaileetako bat.

Aipatutakoez gain, badira beste lorpen batzuk: ez egitea 2x2 errepidea, AHTa eta meategien egitasmoa. Denak, herritarren aktibazioari eta mobilizazioari esker. Iparraldeko monetaren kasua ere hor da: euskoarena. Duela 20 urte pasatik dinamika positibo eta estrategia on bat dugu. 1990eko hamarkada erdialdetik aitzina gutxieneko helburu batzuen inguruan aliantzak egiteko estrategia bat abiatu eta erabaki zen koherentzia osoz borrokatuko ginela. Uste zen jarduera horrek kontzientzia, gertutasun eta konplizitate handia sortuko zuela. Garapen eta Hautetsien kontseiluetan egindako lanak ere gauzak aldarazi zituen. Lizarra-Garazin departamenduaren aldeko mugimenduaren eta Udalbiltzaren artean artikulazio indartsua egon zen. 2008-2010ean Laborantza Ganberaren aurkako epaiketa oso garrantzitsua izan zen, besteak beste hemengo hautetsi batzuek lehen aldiz egin ziotelako aurre prefetari. Irabazi egin zen, gainera, auzia.

Abertzaletasunean kostatu egin al zen estrategia hori abiatzea?

Gogoan dut Abertzaleen Batasunak duela 20 urte izandako batzar nagusi gogor bat. Euskal departamenduaren kanpainaren aldeko bozkek ozta-ozta irabazi zuten: 69-60. Kanpaina egiteak erran nahi zuen ez-abertzaleekin ere aliantzak egin behar zirela. Departamendua ez zen helburu abertzale bat, baina uste genuen haren alde aritzea zela estrategiarik egokiena orduan. Beste batzuek autonomia edo lurralde kolektibitate berezituaren aldeko kanpaina nahi zuten; kanpaina abertzaleagoa zen hori. Geroago, Laborantza Ganberaren aldeko mobilizazioetan Max Brissonekin batera ikusten gintuztenean, abertzale batzuen kritikak jaso genituen. Aliantza zenbait eginda kontraesan batzuk asumitu behar dituzu.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria ez da abertzalea, baina abertzale askok estimatzen dute haren lana; ETAren armagabetze garaiko lana, adibidez, nabarmen.

Asko arriskatu zuen Etxegaraik. Hura izanik Baionako auzapeza, proposatu genion apirilaren 8an egin zen goizeko ekitaldia herriko etxean izatea. Iazko urtarrilaren bukaeran edo otsailaren hasieran jaso zuen proposamen hori, baina guk artean ez genekien Frantzia sartuko zen bakegileekin eskema batean desarmatzea burutzeko. Guk orduan genekien bakarra zen Luhusoko polizia operazioa gertatu zela hilabete eta erdi bat lehenago. Etxegarairen baiezkoak Frantzia mugiaraztea ahalbidetu zuen.

Zer esanahi dauka lehendakari baten horrelako inplikazioak?

Prozesuak kolektiboak eta egiturazkoak izan ohi dira, baina gurea bezalako lurralde txiki batean pertsonek ere eragin garrantzitsua dute. Etxegarai lehendakariaren engaiamenduak balio sinboliko handia ere badu, herritarrek ikusten dutelako badirela Iparraldearen eta Euskal Herriaren interes globalaren alde lan egiten duten instituzio bat eta ordezkari instituzional goren bat. Horrek herritarren mentalitatean Euskal Herria eraikitzen du. Etxegaraik euskal presoen auzian ere jarraitzen du lanean. Beste adibide bat: Baionako Herriko Etxeak fakturak-eta euskoa monetan ordaintzeko konpromisoa zuen, Frantziak auzitara eraman zuen, baina auzapezak ez zuen atzera egin. Etxegarai ez da abertzalea, baina Euskal Herria eraikitzen du jendearen buruetan.

Instituzioetan aldaketak baleude ere, uste al duzu lan kolektibo horrek segituko duela?

Baietz erranen nuke. Metodologia horrek nazio eraikuntzarako lan handia egiten du, nahiz eta beti erran daitekeen ez dugula azkar egiten aitzinera. Jakina, estrategiak berak sortzen duen egoerara egokitu behar du estrategiak. Ipar Euskal Herrian gaur egun instituzio batekin gaude. ETAren armagabetzearen ondorioz, berriz, ziklo berri bat ireki da eta horrek beste baldintza batzuk sortu ditu. Tresna instituzionalekin lanean segitu behar da, baina proiektua eraiki behar da, zer Euskal Herri nahi dugun pentsatuz. Herritar dinamikak indartu behar dira, egitasmoa edukiz betetzeko. Hauteskundeak hor diren arren, lan sakon bat egin da Ipar Euskal Herrian eta egoera egonkortu egin da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna