Txina, ahalmen guztiak baliatzen

Teknologiaren alorreko hurrengo jauzi kualitatiboa iristear dago, eta 5G sareen bitartez etorriko da. Gauzen Internet garatzeak eta objektuak elkarrekin konektatzeak ekarriko duen iraultza sekulakoa izango da, eta Asiako erraldoiak argi dauka: berak izan nahi du aldaketa horren liderra.

Yituk ibilgailuak identifikatzeko garatutako sistema. ZIGOR ALDAMA.
Zigor Aldama.
Shanghai
2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Industria iraultzak baino aldaketa sozioekonomiko handiagoak eragingo dituen iraultza teknologiko baten aurrean gaude». Adierazpen sonatua Zhu Long-ena da, adimen artifizialaren arloan aritzen den Yitu enpresaren sortzaile eta presidentearena. Zhuren iritziz, gizakia aro berri baten atarian dago: elkarri lotutako hainbat teknologia berrik ekarriko duten aro bat. «5G sareak iristear daude, eta horien bidez iritsiko da gauzen Internet, objektuak elkarren artean konektatzea ekarriko duena. Konektibitate hori adimen artifizialari, big data-ri eta robotikari batuz gero, gizakia zer den berriro definitu beharko duen mundu bat sortuko da azkenean».

Zhuk, zeinak diagnostiko medikoetarako aurpegiak ezagutzeko sistemak eta algoritmoak garatzen dituen, uste du gaur egun derrigorrezkotzat jotzen diren gauzetako askok bere balioa galduko duela. Eta ez da zientzia fikzioa, baizik eta hamar edo hogei urte barru gertatuko den zerbait. Gainera, zientzialariaren arabera aro berri horretan herrialde bat izango da gidaria: Txina.

Hiru argudio darabiltza Zhuk. «Lehenik, bai Txinako Gobernuak eta bai herritarrek harrera beroagoa egin ohi dietela teknologia berriei beste lurralde batzuetakoek baino. Horrek ekarri du enpresentzat aukera asko izatea eta I+Gn inbertsioa izugarri handitzea. Bigarrenik, nire moduan munduko eliteko zentroetan trebatu den jendea Txinara itzultzen ari dela. Eta, hirugarrenik, inork ezin duela berdindu Txinaren pisu demografikoa. 1.400 milioi biztanle izateak eskala-ekonomiak (aurrezkiak) sortzen ditu Txinan, eta horiek adimen artifizialaren moduko teknologiak garatzeko akuilu bikaina dira, Txinan aplikazio praktiko gehiago baititu beste herrialde batzuetan baino».

Badirudi estatistikek arrazoi eman nahi diotela Zhuri. Iaz, Asiako erraldoiak 1,79 bilioi yuan inbertitu zituen ikerketan (ia 240.000 milioi euro). 2016an bideratutakoa baino %14 gehiago da hori, eta 2012an inbertitutakoa baino %71 gehiago. Eta ratio horrek are gehiago hazteko aukera badu, I+Gn egindako inbertsioa BPGaren %2,1 baita, Euskal Herriarena baino pixka bat handiagoa, baina AEBena baino zazpi hamarren txikiagoa eta Alemaniarena baino 1,2 puntu apalagoa. «Txinak herrialde berritzaileen taldean sartu behar du, baldin eta 2050erako potentzia handi bat bilakatu nahi badu», aldarrikatu du Zientzia eta Teknologia ministroak, Wan Gangek.

Atzerritik bueltan

Halaber, Txina da bere mugetatik kanpo ikasle gehien duen herrialdea. Hezkuntza Ministerioak dio iaz 608.400 txinatar joan zirela ikastera atzerrira, 2016an baino %11,7 gehiago. Eta kanpoan trebatu ondoren Txinara itzuli diren ikasleak antzeko kopuru bat hazi dira: %11,9. Horietatik, 227.400 master batekin edo goi titulu batekin itzuli ziren. Azken lau hamarkadetan, 5,1 milioi txinatar aritu dira atzerrian ikasten.

«Estatistikek erakusten dute 1978 eta 2017 artean urtetik urtera hazten ari dela etxera itzuli direnen kopurua. Jada 3,1 milioi dira», nabarmendu du Hezkuntza Ministerioak. Hori gutxi balitz bezala, iaz zortzi milioi txinatarrek lortu zuten gradua herrialdeko unibertsitateetan, AEBetan halako bi —eta 1997ko Txinan baina hamar aldiz gehiago—. Era berean, PISA txostenak emaitza onak eman dizkie Shanghaiko ikasleei, eta horrek ere erakusten du inbertsio handia egin dutela hezkuntzan.

Inbertsio horretako asko zientzia arloetan egin da —zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikak—. The Economist Intelligence Unit-en arabera, aurki Txinak izango ditu tituludun gehiago sektore horietan. Ikasketa burutu ahala, ikasle horietako askok lana aurkitzen dute enpresa teknologiko txinatar gero eta ugariagoetan.

«Txinaren garapen ekonomikoa ekoizpenaren deslokalizazioarekin hasi zen. Atzerriko enpresak iritsi ziren merke ekoizteko, beren merkatuetan saldu eta irabaziak handitzeko. Baina Txinako Gobernuaren legediak ahalbidetuta, urteetan teknologia transferentzia areagotuz joan da, eta horrek bizi kalitatea eta erosteko ahalmena hobetzea ekarri die txinatarrei. Eta horri gaineratu behar zaio orain hango enpresak lehiakorrak direla hainbat sektoretan, Txinako merkatua traktore ekonomikoa dutela», azaldu du Xu Bin China-Europe International Business School-eko dekanordeak.

2014az geroztik, Txina da munduko merkataritza potentziarik handiena —2,55 bilioi euroren salerosketak egin zituen atzerrian, Munduko Bankuaren arabera—, baina orain beste jauzi kualitatibo bat egin nahi du, Made in China 2025 izenekoarekin. Horren bitartez, Xi Jinpingen gobernuak munduko ekonomiaren gidaritza hartzeko funtsezkotzat jotzen dituen hamar industria sustatu nahi ditu.

Horien artean daude ibilgailu elektrikoak: 2020. urtera bitarte milioi erdi kargaleku jarri nahi ditu, ez baita alferrik Txinan saltzen munduko bi auto elektrikotik bat. Material berrien industria ere sustatu nahi du Pekinek, baita robotika ere —Txinan egindako 100.000 robot saldu nahi ditu 2020rako—.

Lidergoa hartzeko prest

Erronka onartu dute Txinako bertako multinazionalek. «Telefonian, 2G teknologia Nokiak gidatu zuen; 3G, Applek eta Samsungek; 4Gn, dagoeneko ikusten dugu Txinako enpresak lehian indartsu sartu direla; eta ziur gaude 5G munduak gure enpresak izango dituela lider», ziurtatu du ZTEko lehendakariorde ohi Zeng Xuezhongek. Harekin ados dago telekomunikazioen ekipamenduan ZTEren lehiakide nagusia dena, Huawei. «Txinaren aukera handia da 5G», dio Shao Yang Huaweiko Estrategia arduradunak.

Etorkizunari begira ari dira gehienak, baina orainaldian Txina dagoeneko lehena da hainbat sektoretan. Ordainketa elektronikoen munduan iraultza eragin du, Alipay eta TenPay sistemen bitartez. Iaz, Txinako kontsumitzaileek telefono bidez erosi zituzten 1,45 bilioi euroren produktu eta zerbitzuak.

Bestalde, Xiaomik munduko ekosistema adimendun handiena sortu du: hamaika start-up-etan inbertitu du, eta haien bitartez etxebizitza adimendunaren bere bertsioa garatzen ari da.

Ibilgailu autonomoen esparruan ere aurrea hartzen ari da Txina. Shanghaik, Pekinek eta beste hiri batzuek baimen bereziak eman dizkie NIO eta Baidu enpresei gidaririk gabeko autoak probatu ditzaten aldiriko auzoetan. «Ibilgailu autonomoak garatu ahal izateko eta teknologia berria sortzeko ekimena hartu nahi dugu», justifikatu zuen Shanghaiko Ekonomia eta Informatizazio Batzordeko buruak, Huang Ouk, Jiading barrutian probak egiteko prestatu duten eremuaren inaugurazioan.

Ohi duen moduan, Txinako Alderdi Komunista ez dabil txikikeriatan. Hamar urte barru bere errepideetan nahi ditu 30 milioi ibilgailu autonomo —edo automatizazio handiko ibilgailu—. «Lehen urratsak egin ditugu industria honetan Txina aitzindari izan dadin. Eta beste sektore batzuentzat adibide izatea nahi dugu, herrialdea gai izan dadin botere ekonomikoak eta giza kapitalak ematen dioten ahalmen guztiak garatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.