ANALISIA

Eta Rajoyk estradizioa eskatu balu?

Martxelo Otamendi -

2018ko uztailak 21
Oso tarte gutxirekin Alemaniako magistratuek eta Espainiako Goreneko Llarena magistratuak hartu dituzten bi erabakiek eztabaida juridiko eta politiko interesgarriak jarri dituzte aktualitatearen agendan. Alemaniarrek erabaki dute Puigdemont Espainiaratzekotan diru publikoaren erabilera bidegabeagatik egingo dutela, matxinada baztertuta. Eta Llarenak esan die indargabetu egingo duela Puigdemonten aurkako euroagindua. Puigdemontena eta ihes eginda dauden beste guztiena.

Alemaniako epaileek esan zioten Llarenari uste dutela Puigdemont delitu baten egilea dela, diru publikoaren erabilera bidegabearena. Llarenak berak horixe bera uste du. Hortaz, uko egin diezaioke magistratu batek gaizkile bat justiziaren aurrean eramateari, prestigioagatik komeni ez zaiolako? Legezkoa da Llarenak egin duena?

Alemaniako magistratuen eta Llarena magistratu espainiarraren erabakiak ikusi ondoren, seguru Rajoyk eta haren aholkulariek behin baino gehiagotan egin diotela ondoko galdera beren buruari: Espainiak Puigdemonten euroagindua barik, estradizioa eskatu balio Merkelen gobernuari, zer erabaki hartuko zukeen Berlingo buruzagiak? Erantzuna ezagutzeko aukerarik gabe geratu gara. Euroagindua justizien arteko eskaera da; estradizioa, aitzitik, gobernuen artekoa. Eta gobernuek konpromiso handiagoak dauzkate —zor diplomatikoak, interesak, babesak, aliantzak, maileguak...—, epaileek elkarren artean dauzkatenak baino. Askoz ere gehiago.

Rajoyren garaian, Espainiako Gobernuak eska ziezaiekeen Belgika eta Alemaniako gobernuei Puigdemonten estradizioa, baina Rajoyk Kataluniarekin zerikusia zeukan guztia justiziaren esku uztea erabaki zuenez —legelariek «epaileen gobernua» deitutakoa—, Goreneko magistratuak euroagindua jarri zuen martxan.

Puigdemont Europan ihes eginda dagoen bitartean, edozein unetan aktiba lezake LLarena magistratuak beste euroagindu bat Puigdemonten aurka. Bruselara itzulita, eta mugitzeko erabateko askatasunaren jabe, segituko al du Puigdemontek batetik bestera mugitzen Europan barrena? Eman dezagun Frantziara doala hitzaldi bat ematera, eta, horren berri edukita, berriro martxan jartzen duela Llarena magistratuak euroagindua. Zer egingo du Frantziako Justiziak? Seguru aspaldi eginda daukala Puigdemontek estatu seguruen zerrenda.

Europako mugetatik ateraz gero, Espainiako Gobernuak eska lezake estradizioa, estatu hartzailearekin horretarako akordioa edukiz gero.

Gogoratu behar da Puigdemont joan zela Finlandiara batere garrantzirik ez zeukan ekitaldi batera, alegia, hitzaldi arrunt bat ematera, eta arrisku handia hartu zuela. Horren ondorioz igaro zen arretagunea Belgikatik Alemaniara. Puigdemontek esan lezake orain ondo atera zaiola jokaldia, baina asteotan ia inon agertu ez izanak, hau da, erabat isilik egon izanak, pentsaraz diezaguke larri ibili dela, eta nahiago izan duela zaratarik ez atera epaileek erabakia hartu bitartean.

Madrilgo hodeiak irakurtzen dakitenen arabera, gero eta gehiago ziren Espainiako Gorenean, delitu txikia onartuta ere Puigdemont Espainiara eramatearen aldekoak. Zer adierazi nahi izan zuen Espainiako presidente Sanchezek, Alemaniako epaileen erabakia baloratzeko, esan zuenean «garrantzitsuena da Puigdemont Espainian epaituko dutela»? Zer mezu bidali zion esaldi horrekin Llarena magistratuari?

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna