Roger Español. Polizia indarkeriaren biktima

«Dimisioak eta erantzuleak aldarrikatu ahal izatea desio dut»

Begi bat galdu zuen U-1eko erreferendumeko istiluetan, polizia batek gomazko pilota batekin zauritu baitzuen. Pentsatzen du lau bat urte barru izango dela Poliziaren aurkako epaiketa.

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Espainian gomazko balekin zauritutako azken biktima izan nahi du Roger Español musikariak (Bartzelona, 1979). Espainiako Poliziak urriaren 1eko erreferendumean Ramon Llull eskolan egindako erasoen ondorioz, begi bat galdu zuen, gomazko pilota batek aurpegian jo baitzion. Generalitateak Creu de Sant Jordi saria (Sant Jordi gurutzea) eman berri dionean solastatu da BERRIArekin, Ramon Llull eskolaren atarian. Kontatu du «begi bakarrarekin bizitzen ikasten» ari dela, eta laguntza psikologikoa «ezinbestekoa» izan duela.

Atzean dugun eskola honetan gertatu ziren polizia erasorik bortitzenak. Nola gogoratzen duzu une hura?

Minez, polizia erasorik larrienak hautetsontziak kendu zirenean gertatu baitziren. Erreferendumaren bezperan, hainbeste entzun genuen A por ellos aldarrikapena berretsi zuten. Esango nuke, polizia erasoaren bitartez erakutsi nahi zutela muturreraino iristeko gai zirela.

Gomazko pilotarekin zaurituta, begia galdu duzu. Zertan da Poliziaren kontra aurkeztu zenuen kereila?

Duela gutxi deklaratu zuten gure defentsaren lekukoek. Bitxia da, baina akusatzailerik ez zen agertu. Orain, zain gaude epaileak delitu zantzurik dagoen edo ez zehazteko, eta horren arabera epaiketa penalera bideratzeko.

Lortu al duzue gertakarien erantzule izan ziren poliziak identifikatzea?

Nire auziaren alde ona da erasoa gertatu zen unean nire atzean zeudela identifikatutako kazetariak, eta, beraz, gertakarien irudi asko lortu ditugu. Alde txarra, aldiz, eta ohikoa den bezala, zailtasunak ditugula poliziak identifikatzeko, plaka ez baitute behar bezala jarrita. Edonola ere, Ramon Llull eskolako bi buruzagi identifikatu ditugu, baita hamar eskopetadunetatik zortzi ere. Epaileak dekretuz agindu du operazioan parte hartu zuten agenteak identifikatzea, baina, egia esan,ez dugu konfiantzarik Poliziaren laguntzan: edozer egingo baitute, laguntzea salbu.

Noiz izango da epaiketa?

Esther Quintanaren auziaren [2012ko azaroan, Mossos d'Esquadrako kide batek pilotaka bat eman zion begi batean] denboretan oinarritzen naiz abiapuntu gisa, eta, beraz, esango nuke hemendik lau urte ingurura egingo dela. Hori da arazoa, gomazko balen biktimek pasatu behar dugun infernuaz haratago, prest egon behar dugula urrunera begiratzeko, luzerako baitoa. Oso zaila da egoera gainditzea.

Gomazko pilotak 2014an debekatu bazituzten ere, Espainiako Poliziak erabili izan ditu.

Parlamentuaren eta mossoen arteko akordio bat da, baina, ikusi dugun bezala, Espainiako Poliziak ez ditu arauak errespetatu. Espainiako toki askotatik etorri ziren, ez bakarrik erreferenduma eragozteko, baizik eta populazioa markatuta uzteko. Beldurra sustatu nahi zuten, eta bide bakarra zen indarkeria erabiltzea. Zoritxarrez, Esther Quintanarekin gertatutakoaren ondotik, bazekiten gomazko pilotak erabilita zauri berezia irekiko zutela Katalunian.

Katalunian debekatu izana garaipena izan zen. Zure auziak balio al dezake Espainian ere debekatzeko?

Noski, eta helburu horri helduta, Esther Quintana, Iridia, Ojo con tu ojo eta Stop Bales de Goma plataformekin batera, Espainiako Estatuan kanpaina bat abiatu dugu. Madrilen aurkeztu genuen, eta duela aste batzuk kontzertu bat antolatu genuen, kanpaina bermatu eta nire epaiketarako dirua biltzeko. Azken finean, nire epaiketaren ebazpenean sententzia akusatzailerik bada, estatuan jurisprudentzia izateko erabiliko dugu.

Duela aste pare bat gizon bat hil zuten Frantzian, taser pistola erabilita. Mossoek erabiltzen dituzte. Zer deritzozu?

Zoritxarrez, gomazko pilota madarikatuak debekatzean horiek bezain bortitzak diren taser pistolekin ordezkatu zituzten... Funtsean, gomazko balen kontrako borrokak balio behar du Katalunian eta Espainian nagusi den polizia eredua errotik aldatzeko.

Urriaren 1eko polizia erasoaren kontra aurkeztu ziren 50 salaketen artean sei artxibatuak dituzte.

Zoritxarrez, botere banaketarik gabe ez dago justiziarik. Ulertezina iruditzen zait epaile batek urriaren 1ean gertatutakoan delitu zantzurik ez ikustea. Indarkeria proportzionala izan zela baieztatzen duen epailea edo oso txarra da, edo presioren bat jasaten ari da nonbaitetik.

Diari Jornada-k aurreratutakoaren arabera, Espainiako Poliziak komunikazio bide alternatiboak erabili zituen urriaren 1ean.

Esango nuke delitua izan beharko lukeela. Polizia indarrek komunikazio kanalak dituzte, ez bakarrik euren artean komunikatzeko, baizik eta jendeari euren ekintzen bermeak eskaintzeko.

Zer iritzi duzu erakundeek izandako erantzunaz?

Erreferendumeko biktima izateagatik babestuta sentitu naiz, bai Generalitatearen aldetik, baita Bartzelonako Udalaren aldetik ere.

Egongo al da urriaren 1eko erasoaren erantzule politikorik?

Zaila izango da. Desio dut sententzia akusatzailea izan eta dimisioak eta erantzuleak aldarrikatu ahal izatea. Era berean, sekulako beharra dut urriaren 1eko erasoagatik banatu dituzten dominen eta soldaten plusen baliogabetzea eskatzeko. Horrek ematen dit min handien, eta, seguruenik, epaiketa gure alde ateratzen baldin bada, erretiratu beharko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.