Andreu Van den Eynde. Junquerasen eta Romevaren abokatua

«Ez dituzte delituak eta gertaerak ikertu, baizik eta pertsonak»

Laster hasiko da Kataluniako buruzagi independentisten aurkako epaiketa, eta Junquerasen legelariak salatu du «etsaiaren zigor zuzenbidea» deitzen diona erabiltzen ari dela Espainiako Estatua.
QUIQUE GARCIA / EFE

Igor Susaeta -

2019ko urtarrilak 13
Behin-behinean preso dauden Kataluniako buruzagi independentistak hil amaierarako Madrilera eramateko eskatu berri du Espainiako Auzitegi Gorenak. Laster da hastekoa U-1aren harirako haien kontrako epaiketa. Generalitateko bi kide kargugabeturen abokatua da Andreu Van den Eynde (Paris, 1975): Oriol Junqueras presidenteordearena eta Raul Romeva kontseilariarena. Akusatuek katalanez deklaratzeko aukera eduki dezatela eskatu diote defentsek Gorenari. «Oraindik ez digu erantzun. Ezin diete eskubide hori ukatu, eta horri eusteagatik borrokatuko dira». Ez du argitu Junquerasek eta Romevak akusazio partikularraren galderei erantzungo ote dieten. «Ez dago erabakita, baina, agian, bai». Van den Eynde etzi da defentsa idazkiak aurkeztekoa.

Epaiketa laster hasiko da. Zer eskatuko duzue defentsa idazkietan?

Gure kasuan, hiruzpalau eduki molde ditu defentsa idazkiak. Hasteko, fiskaltzak egiten duen kontakizunaren bertsio alternatibo bat ematen da. Fiskaltzaren kontakizuna 2012an hasten da, eta 2018an bukatzen. Sei urte horien ikuspegia oso da lerraturikoa, eta guk gezurtatu egingo dugu. Gero, noski, atal nahiko luze bat aurkeztuko dugu eskubideen urraketari buruzkoa. Hori izango da prozedura honen kontrako eraso estrategia nagusia; hau da, prozedura honetan defendatu bezala eraso egingo dugu. Eta hirugarren atalak zerikusia du perspektiba hertsiki juridikoarekin; alegia, gertaerak ez direla garrantzitsuak ikuspegi penaletik. Halere, gure estrategia kontuan hartuta, hori bigarren mailako kontua da, guretzat garrantzitsuagoa baita salbuespenezko zuzenbide bat izan denaren sorrerarekin zerikusia duena. Eta, azkenik, frogak eskatzea. Irailaren 20an eta urriaren 1ean gertatu zenaren lekuko asko eskatuko ditugu.

Generalitateak ez du absoluzioa ez beste epairik onartuko. Baina, ikusita akusazioak zeintzuk diren, eta Espainiako Estatuak azkeneko urte eta erdian nola jokatu duen, ez dirudi gertagarriena hori izan daitekeenik...

Teknikariak gara, eta saiatu behar dugu abstraitzen eta beste logika batekin funtzionatzen. Nik epaiketa bat egin behar dut, epaimahai inpartzial bat edukiko banu bezala. Hori bai, beste gauza bat da agertokia kontra dugula hasiera-hasieratik. Beraz, baieztatzen baldin bada kondena bat egongo dela, hori denetan txikiena bada ere, helegitea jarriko diogu Estrasburgoraino [Giza Eskubideen Europako Auzitegia dago han].

Inoiz esan izan duzunez, «politikoa» da epaiketa, eta epaiketak aurrera egin ahala delituak aldatu daitezke. Beraz, jardun judizialari bezain adi erreparatu beharko zaio jardun politikoari?

Politikak eragiten dio epaiketa honi, argi dago, eta azken unean politikak erabakiko du ez bakarrik epaiketa honen emaitza, baizik eta baita etorkizuneko panorama soziala ere.

«Tranpa» egitea leporatu diozu Espainiako Estatuari.

Etsaiaren zuzenbide penala deitzen diogun horretan oso ohikoak diren bizio jakin batzuk identifikatu ditugu. Etsaiaren zuzenbide penala da zuzenbide penalaren aplikazio formala, baina jendea kriminalizatzeko gaiztotua, ez egin duenarengatik, baizik eta duen esanahiarengatik. Ez dituzte delituak eta gertaerak ikertu, baizik eta pertsonak; kasu honetan, disidentzia politikoa. Aipatutako bizio horiek dira: behin-behineko espetxealdiaren gehiegikeria; eskubide eta berme guztien lasaikeria... Eta kausa honetan, zehazki, ikerketaren zatikatzea hainbat prozedura penaletan. Horiek paraleloki funtzionatzen dute, baina, de facto, ikertuei, akusatuei, haien kontrako ikerketan parte hartzeko gaitasuna ebasten zaie. Horregatik, fiskaltzaren taktika bat da ikerketaren diseinua, epaileen baimenarekin egindakoa, ikerketak ez dezan defentsa ahalbidetu. Salatu egingo dugu.

Atzera bota dizkizuete jarri dituzuen helegite askotarikoak.

Hasieran, batzuetan, pentsatzen genuen geure ekintza batzuek funtziona zezaketela. Aurrez deklaratu eta aske zegoen jendea berriro kartzelatu izanak ezustean harrapatu gintuen. Izan ere, ez zen inongo gertakari nabarmenik aldatu. Baina topo egin dugu jarrera malgutasunik gabeko batekin, batzuetan lerratu dena Voxen tesiekin [akusazio partikularra].

Espainiako ordena juridikoak ez du jasotzen independentzia aldarrikapen baketsu bat kriminalizatzen duen deliturik. Beraz, fiskaltzak eta akusazio partikularrak nola eutsi ahal izango diote matxinada akusazioari?

Hor arazo bat dago. Badago kontzepzio bat, Gorenak egindako aurreneko ebazpenean adierazitakoa. Ebazpen horrekin aske utzi zituen Kataluniako Parlamentuko Mahaiko kide guztiak, baina ebazpen horren ideia batek sekulako kutsu politikoa du atzean. Gorenak berak esan zuen soilik bi bide ibilita lor zitekeela independentzia: konstituzioa erreformatuz edo gerraren bidez. Kontzepzio horrek eragin du ekinbide judizial hau. Hortaz, zuzenbidera egokitzen ez bada ere, mentalitateak guztiz bat egiten duenez ideia horrekin, estrategikoki ez dago modurik irtenbide bat emateko, ez bada zuzenbide penala haustea; eta hori egiten ari dira. Arazoa da independente izan nahi izatea dela benetan haiek delitua dela uste dutena, eta kausa ahalegintzen da legea berrinterpretatzen, aukera hori kriminalizatzeko. Epaiketa honetan, akusazioek erakutsi nahi dute matxinada biolento bati jazartzen ari zaizkiola, baina egiazki politikari berari jazartzen ari zaizkio.

Epaiketaren epaimahaia arbuiatu zenuten, «inpartzialak» ez direla iritzita.

Goreneko magistratuek, oro har, prestakuntza tekniko tatxarik gabekoa dute, eta, aspalditxotik, zuzenbidearen interpretazio kontserbadoreagoa egiteko joera. Espainiaren batasunari erreferentzia egiten dion konstituzioaren artikuluari dagokionez, erraz erakutsiko dute horrekiko atxikimendu hautsezin bat, eta horrek gertaerekiko haien ikuspegi inpartziala alda dezake.

Estrategiaren bat zehaztu al duzue beste auzipetuen abokatuekin? Defentsa bateratua egingo duzue?

Oinarrizko kontsentsu bat egongo da. Epaiketa guztietan gertatzen da, baita honetan ere, eta ulertu behar da jende batek ez zuela ia inongo inplikaziorik eduki oinarrizko gertaeretan, eta bere posizioa modu oso tangentzialean plantea dezakeela. Ez dago inor epaiketan bete-betean sartu nahi duena, gertaeretan izan zuen parte hartzea hutsala izan bazen. Akusatuetako bakar batek ere ez du deliturik egin, baina batzuek, zuzenean, ez dute ezer egin!

Gorenak gogoan izango al du Estrasburgok joan den azaroan Bateragune auzia-z ebatzitakoa? Izan ere, ebatzi zuen Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa hura ez zela justua izan.

Espainiako botere judizialarentzat existitzen den benetako presio bakarra nazioarteko auzitegiek egin dezaketena da. Estrasburgo erabakigarria da guretzat. Kritikak jasotzeko sekulako gaitasuna du Espainiak, baina gaitasun hori ez da amaigabea. Barnean ia amaigabea da, baina nazioartean oso handia da, amaigabea izan gabe. Arazoa da maila hori oso handia dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna