Lider bakarraren Turkia

Etzi egitekoa zen presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, baina, Erdoganek lehenengo itzulia argi irabazi ondoren, legegintzaldia hasteko eguna izango da igandea. Oposizioaren jarraitzaileen artean etsipena da nagusi, presidenteak botere osoa edukiko baitu aurki, eta horren ondorioen beldur dira.

Recep Tayyip Erdogan presidentearen lidergoa goraipatzen duen kartel bat, Istanbulen. AITOR TXABARRI.
Istanbul
2018ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Nire buruak oraindik ez du sinesten gertatu dena, baina bai, Erdoganek berriro lortu du gehiengoa». Ilayda Kocoglu Turkiako CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoko kidearen hitzak dira horiek, joan den ekainaren 24ko hauteskundeen emaitzei buruz. Hasieran, aurreikusten zen Recep Tayyip Erdogan AKP Justizia eta Garapena Alderdiko hautagaiak ez zuela lortuko botoen %50 gainditzea, eta, hortaz, etzi bigarren itzulia egin beharko zela Erdoganen eta Muharrem Ince CHPko hautagaiaren artean. Baina inork espero zuena gertatu zen, eta Erdoganek botoen %52 lortu zituen. Oposizioaren aldeko botoa eman zutenen artean amorrua da sentipen nagusia. Ezin dute sinistu zer gertatu den, azken garaipen honekin Erdogan Turkiaren jaun eta jabe bilakatu baita. Hortaz, etzi datorren legegintzaldia hasteko eguna baino ez da izango.

Hortaz, igandean hasiko da lanean herritarrek ekainaren 24an hautatu zuten parlamentua. Erdoganek hor ere gehiengo osoa segurtatu zuen, AKPren eta MHP Mugimendu Nazionalistaren alderdi eskuindarraren arteko aliantzarekin. Emaitza hori izugarrizko kolpea izan da oposizioko alderdi guztientzako, Erdoganek aurrera eraman nahi zuen sistema aldaketa egin ahalko baitu. Sistema berri horretan, lehendakariak botere gehiago izango du, botere osoa, eta parlamentuak ez du indar handirik izango. Beraz, Erdoganek lege gehienak aurrera atera ahalko ditu, eta indar handia izango du sistema juridikoan ere, berak jarri eta kendu ahalko baititu epaileak. Azken finean, turkiar gehienek pertsona bakarreko sistema politiko baten alde bozkatu dute.

Pertsona askok ez dituzte onartu emaitza horiek. «Botoen zenbaketaren prozesuan ez da tranparik egon, baina hauteskunde egunera arteko prozesua ez da bidezkoa izan», esan du Musab Yousef oposizioko hautesleak. Kalean jende askok aipatu du zalantzak zituela botoa emateko orduan, baina Erdoganen alde egin zutela haientzako Ince eta Erdogan «gauza bera» direlako. Bien arteko ezberdintasun bakarra: batek esperientzia handia dauka lehendakaritzan, eta besteak, ez. Zalantzan zeuden pertsona askorentzat faktore garrantzitsua izan da esperientzia Erdoganen alde egiteko. AKP bozkatu duten pertsonen artean, bi talde bereizi dira: alde batetik, Erdoganen alde bozkatu dutenak, konfiantza osoa dutelako; beste alde batetik, AKP bozkatu dutenak, baina Erdogan begi onez ikusten ez dutenak. Horiek oso gutxi dira. «Orain dugun egoera ekonomiko latzetik ateratzeko modurik onena AKPk ezarri nahi dituen politikak dira, nahiz eta askok ikusten dugun Erdoganen ordua bukatzen ari dela», adierazi du AKP alderdiaren alde bozkatu zuen eta izena eman nahi ez duen herritar batek.

Lehendakariaren alderdiaren banaketa txiki horretan, gehiengo argia Erdoganen aldekoa da. Pertsona horientzako Erdogan da Turkia oraingo egoera txarretik atera dezakeen pertsona bakarra. «Erdoganek egin duen guztia Turkia eta turkiarren bizitza hobetzeko helburuarekin egin du, horregatik Erdoganen alde bozkatu dut hauteskundeetan, eta beti bozkatuko dut», esan du Mustafa Sharif hautesleak. Turkiako hautesle gehienen artean nagusitu da ideia hori.

Oposizioko bigarren alderdiari dagokionez, ordea, hautesle gehienek etorkizuna nahiko beltz ikusten dute. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa da hori, Kurdistanen burujabetzaren aldekoa. Selahattin Demirtas ekainaren 24an HDPren presidentegai izan zena kartzelan dago oraindik, eta badirudi oraindik han jarraituko duela. Beste alde batetik, Erdoganek Turkia homogeneoaren ideia ezartzen jarraituko du; beraz, herrialdeko nazio ezberdinen egoerak ez du hobera egingo. «Bakea lortzeko orain arteko ahaleginak guk egin ditugu soilik. Erdoganen garaipenaren ondorioz, guztiak okerrera egingo duela uste dut. Ez kurduekin soilik, baita Turkian dauden beste nazioekin eta ezberdin pentsatzen duten guztiekin ere», adierazi du Abdurrahim Durmus HDPko parlamentariak.

Erdoganen garaipenak ekarri duen jarraipen politikoaren eredu argi bat izan da joan den igandean Istanbulen egin zen LGTBI kolektiboaren festa. Hiriko erdigune osoa poliziaz beteta zegoen, nahiz eta kolektiboak antolatutako festan ehun lagun izango ziren, edo gehienez, 150. Poliziak hiru edo lau aldiz gehiago ziren. Gotor armatuta zeuden, eta kontrolak ezarri zituzten Istanbulgo kale nagusietan sartzeko, txakur eta guzti, handik pasatu nahi zutenak arakatzeko. «Ezinezkoa da ezberdin pentsatzea Turkiak berriro aukeratu duen gobernu honekin; hemengo polizia hau guztia ez dago hemen herritarren segurtasunarengatik, herritar batzuen askatasunen kontra egiteko baizik», salatu zuen LGTBI kolektiboko kide batek; Yokce izena du. Kanpotik ikusita, kontua beldurgarria zen, nahiz eta berez eskubide batzuk aldarrikatzeko festa bat izan soilik. Istanbuleko erdigunea turistaz beteta zegoen, eta harridura eta beldurra nabari zitezkeen haiengan.

Kolektiboko pertsonek bazekiten zein izango zen Erdoganen erantzuna aldez aurretik debekatuta zegoen festa horretan; beraz, ez zen ezustekoa izan polizia mugimendu handi hori. «Erdoganen garaipena ez da albiste oso ona izan, ez baititu errespetatzen Turkiako herritar guztien eskubideak», esan zuen izenik eman ez zuen ekintzaile batek. Festa horretan gertatu zenarekin, argi dago Erdoganek zer-nolako politikak egingo dituen. LGTBI kolektiboaren ospakizuna adibide soil bat da, eta hemendik aurrera mugimendu horiek guztiek zaila izango dute eskaerak plazaratzea dagozkien eskubideak lortzeko. Zaila izango dute egoera ezberdin horiek ikusaraztea.

Polarizazio erabatekoa

Hauteskundeak pasatu eta gero, herritarren arteko banaketa argi bat ikusi da Turkian. Erdoganen alde dauden %52 horren gehienek uste dute presidentea dela Turkiak dauzkan arazo guztiak konpon ditzakeen pertsona bakarra. Konfiantza izugarria daukate, eta hori aldatzeak ezinezkoa dirudi. Lider bakarreko estatu batean sinisten dute. Erdoganen Turkian sinisten dute. Beste alde batetik, ordea, Erdoganen kontra egin dutenen artean ideia ezberdinak daude, baina denek argi daukateeskubideak galduko dituztela presidente honekin, eta nazio eta pentsatzeko era ezberdinek ez dutela izango lekurik lider bakarreko estatuaren sisteman. Erdoganek orain arte ezarri dituen politikei eutsiko die, baina, orain, botere guztia eskuetan izanda. Ezin da zehatz jakin Turkiaren etorkizuna nolakoa izango den, baina, kaleko jendeak esaten duena entzunda, zaila izango da guztiek bat egitea Turkiako Estatuaren kontsentsuzko ideia batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.